Gipuzkoako gazteek eskulturak sortu dituzte material birziklatuetatik abiatuta
Gipuzkoako gazteek eskulturak sortu dituzte material birziklatuetatik abiatuta
Asensio: «Garrantzitsua da gazteei lekua eta ahotsa ematea, ekonomia zirkularrari eta garapen jasangarriari buruz duten ikuspegia eman diezaguten».
Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak “Ekonomia zirkularra modelatuz” eskulturak sortzeko programaren bigarren edizioa gauzatu du. Horren bidez, lanbide-heziketako gazteek hondakinen prebentziorako eta kudeaketa egokirako egiten dituzten jarduerak islatu nahi dira, ekonomia zirkularra sustatuz. Helburua, beraz, Gipuzkoako lanbide heziketako ikastetxeetako ikasleak sentsibilizatzea eta filosofia hori zabaltzea da.
Gaur goizean, José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak bigarren edizioan parte hartu duten ikastetxeei diplomak emateko ekitaldia egin du: Andoaingo Lasalle Berrozpe, Tolosako Peñascal, Azkoitiko Izarraitz, Elgoibarko Meka, Donostiako Don Bosco eta Aretxabaleta Lanbide Eskola. Sei ikastetxe horietako gazteek irakasleen laguntzarekin lan egin dute material birziklatuekin egindako eskulturak hausnartu, diseinatu eta egiteko.
José Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak aitorpen ekitaldian aipatu du garrantzitsua dela gazteak sentsibilizatzea, baliabideak aprobetxatzearen eta garapen zirkular eta iraunkorra bultzatzearen garrantziaz gogoeta egitea. “Funtsezkoa da gazteei lekua eta ahotsa ematea, ekonomia zirkularrari eta garapen jasangarriari buruz duten ikuspegia eman diezaguten”, esan du Asensiok.
Ekonomia zirkularra da Departamentuaren helburu estrategikoetako bat, hondakinak murrizteko eta lehengai gisa erabiliko dituen sektore ekonomiko berri bat bultzatzeko. Gaur egun, birziklapenaren sektoreak 5.000 langile ditu Gipuzkoan, eta uste da industria-gaitasun nahikoa dagoela kopuru horiek bikoizteko eta 2030ean 10.000 lanpostu betetzeko.
1507