Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Mahaia aktibatu da
Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Mahaia aktibatu da
Aldundiaren eta udalen arteko koordinazio- eta plangintza-organoak lan-topaketa bat egin du, eta, bertan, besteak beste, eremu horretako politiken plangintza estrategikoari heldu zaio.
Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Mahaiak, Foru Aldundia, eskualde guztietako ordezkaritza duten lurraldeko udalak eta EUDEL biltzen dituenak, legegintzaldiko lehen lan-topaketa egin du gaur. Aldundiak 2016an bultzatu zuen Zaintza eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitako organo hori, esparru horretako politiken diseinua, gauzatzea eta ebaluazioa planifikatu eta koordinatzeko. “Aurre egin beharreko erronka sozialak handiak direnez, ezinbestekoa da eragile guztiekin partekatutako gobernantzan sakontzen jarraitzea. Mahaiak lankidetza hori indartzeko tresna izaten jarraituko du, kasu honetan udalekin, baliabideen eta zerbitzuen eraginkortasuna optimizatuz”, azpimarratu du Maite Peña Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuak.
Diputatuarekin batera, Plangintza, Inbertsio, Ikuskaritza eta Prestazio Ekonomikoen zuzendari Iker Aldazabalek eta Gipuzkoako eskualde guztietako udal ordezkariek hartu dute parte bileran: Cristina Laborda (Bidasoa), Itxaso Cruz (Oarsoaldea), Mariaje Idoeta (Donostialdea), Xabier Lertxundi (Buruntzaldea), Anuska Esnal (Urola Kosta), Leire Goenaga (Iraurgi), Itziar Irizar (Deba Kosta), Jon Iraola (Deba Erdia), Dorleta Elkorobarrutia (Debagoiena), Jon Luqui (Urola Garaia), Jon Gorrotxategi (Oria Garaia) eta Gurutze Etxezabal (Tolosaldea).
Topaketaren puntu garrantzitsuenetako bat 2030eko Zaintza Agendari eta 2030eko Gizarte Zerbitzuen Mapari buruzkoa izan da. Ibilbide-orri horien inguruan lehen gerturatze lan bat egin da, zahartzearen erronkari berme osoz heltze aldera. Lehenengo kasuan, zainketa-eredu berriaren hedapenaren esparruan, bost ardatz eraldatzaile planteatzen dira: prebentzioa, pertsonalizazioa, zaintza komunitarioak, eraldaketa digitala eta ebaluazio estrategikoa. Bigarrenean, Mapa berriak 1.500 plaza berri inguru sortzea aurreikusten du, eta horietatik 757 adinekoentzako egoitzetara zuzenduta daude.
Gainera, Mahaiaren osaera berriaren eta Zaintza eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura berriaren berri eman da. Egitura horren barruan, Agenda, Berrikuntza eta Ebaluazioko zuzendaritza berri bat sortu da; Elkarrizketa Zibilerako Mahairako eta Lurralde Kontseiluetarako ordezkariak izendatu dira; legegintzaldirako laguntza-talde tekniko bat sortu da, eta Ebaluazio Agentzian udalen parte hartzea jorratu da. Azkenik, udal-kudeaketako adinekoen eguneko zentroei, gizarteratzeko zerbitzuen berrantolaketari eta Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren finantzaketari lotutako hainbat gai landu dira.
Mahaia gutxienez urtean bitan bilduko da, eta Aldundiaren eta udalen artean etengabe parte hartzeko eta komunikatzeko bide gisa jardungo du, plangintza- eta gauzatze-tresnen jarraipena eta ebaluazioa eginez, eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako gidalerroen gauzatze koordinatua sustatuz. “Mahai honek finantzaketari eta hainbat zerbitzu eta laguntza emateari buruzko adostasun oso garrantzitsuak lortzen lagundu du, eta ziur gaude gaur egungo une erabakigarrian berriro emankorra izango dela, pertsonalizazioan, berrikuntzan eta lankidetzan oinarritutako zaintza-eredu berri baterantz igarotzeko erronka baitaukagu. Udalen hurbiltasunak ezinbesteko eragile bihurtzen ditu erronka horri arrakastaz aurre egiteko eta arreta sare eredugarri bat sendotzeko”, azaldu du Peña.
Diputatuak nabarmendu duenez, Aldundiaren Plan Estrategikoa onartu ondoren, zeinak pertsona guztien ongizate integrala ezartzen duen lehentasun nagusi gisa, “momentua da erritmoa azkartzeko, eta, sentsibilitate politiko desberdinen arteko akordiotik eta gizarte zibil antolatuaren parte-hartzetik, pertsona guztien zaintza eta babesa bermatzeko oinarriak ezartzeko, arreta pertsonalizatua, kalitatezkoa eta inklusiboa eskainiz. Berrikuntzan eta berdintasunean oinarritutako gizarte-zerbitzuen sarea indartuz, konektatuz eta ebaluatuz, epe luzeko ikuspegiarekin”.
4150