Gipuzkoako gobernatza estrategia, Nazio Batuen Erakundean
Gipuzkoako gobernatza estrategia, Nazio Batuen Erakundean
Aldundiak bere gobernantza estrategia aurkeztu die NBAko Globak Compact eta Open Government Partnership erakundeetako ordezkariei, New Yorken
Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak eta Iker Goiria Kanpo Harremanetako zuzendariak Foru Aldundiaren gobernantza estrategia partekatu zuten atzo New Yorken nazioarteko hainbat sareetako ordezkariekin. Gobernu onarekin lotura duten erreferentziazko erakunde eta sareetan, Aldundiaren parte-hartzea sendotzea da topaketa horien helburua. “Alde batetik, ikasten ari gara herrialde aurreratuenetan nola egiten dieten aurre gardentasuna, etika publikoa edota herritarren partaidetza bezalako kontuei. Bestetik, ondoen egiten duguna ere azaldu nahi dugu. Mahai gainean herritarren konfiantza indartzeko balioko duten praktika egokiak jartzea da gakoa, une honetan, munduko erakunde guztiak paradigma berri baten aurrean gaudelako”, azaldu du Lasak. Gainera, bidaia horretan zehar, foru arduradunek harremanak edukiko dituzte ospe handiko estatubatuar unibertsitateekin, Etorkizuna Eraikiz dinamikaren nazioarteko sarea zabaltzeko, ezagutza aurreratua txertatuz.
Aurreneko topaketa atzo izan zen, Nazio Batuetako Global Compact-en egoitzan. Aldundia sare horretako kide da joan den urtarrilaz geroztik, hiri eta eskualdeen kategorian. Lehen euskal administrazioa da sarean sartzen, eta baita bakarrenetarikoa ere estatu mailan. Beraz, aitzindari eta eredu dugu ildo horretan. Oslo, Bonn, Berlin, Amsterdam edo Melbourneko administrazio publikoekin partekatzen du espazioa.
Global Compact sareak 10 Printzipio ditu oinarri. Printzipio horiek, Nazio Batuen Erakundeak giza eskubideei, lanari, gizarte orekari, ingurugiroari edo gobernantza etikoari lotuta adostutako adierazpenetatik eratortzen dira, eta mundu mailako kontsentsua dute. Sarean sartzen diren entitateek, eguneroko jardunean printzipio horiek bultzatzeko eta txertatzeko konpromisoa hartzen dute. Halaber, gizarteari azaldu behar diote, gardentasun osoz, nolako neurriak hartzen dituen eta nolako aurrerapenak lortzen dituen printzipioak txertatzerakoan, txostenak eginez. “Ez da bestelako garapenik gabeko asmoen deklarazio hutsa. Gauzak beste modu batera egitea, eta hori erakustea eskatzen du”, azaldu du Lasak.
Global Compact-eko gobernantza arduradun Christina Kouliasekin batzartu dira Lasa eta Goiria, hain zuzen. Aldundiaren helburua da, sarearen barruan, lan talde berezia sortzea estatuen azpiko eremuko erakundeentzat, kontu ematea, gardentasuna eta elkarlaneko gobernantzari lotutako politiken inguruan, bereziki. Foru arduradunek bileraz baliatu ziren proposamena egiteko, eta Kouliasek begi onez hartu zuen. Era berean, goraipatu egin zuen Aldundia Gipuzkoa Europa mailan desberdintasun sozial gutxien duten lurraldeen artean kokatzeko egiten ari den apustua, eta interes handia erakutsi zuen Etorkizuna Eraikiz ekimenean, gizarte zibilarekin elkarlanean aritzea eta esperimentazio praktikoa etorkizuneko erronkei behar bezala erantzuteko ezinbestekoak direla, eta Global Compact-en printzipioekin bat egiten dutela argudiatuta.
Lasak ilusio handiz hartu du lan taldea sortzeko aukera prozesua, aukera emango lukeelako “gure arazo eta erronka berberak dituzten beste erakundeen esperientziak ezagutu, eta gurera egokitzeko”. Global Compact ekimenak hainbat interes talde hartzen ditu bere baitan, hala nola enpresak, Gobernuz Kanpoko Erakundeak, sindikatuak, gizarte entitateak eta unibertsitateak. Sarearen barruan Gipuzkoako hamar enpresa inguru daude, Orona, Cidark, Ennera, Ulma edota Amenabar esaterako, eta baita lurraldean errotuta dauden beste batzuk, Eroski kasu. “Gipuzkoa eredugarriaz, balio eta printzipioetan oinarritutakoaz hitz egiten dugunean, ez gara bakarrik erakunde publikoez ari; gure ehun ekonomiko eta sozialak gardentasunaren eta garapen jasangarriaren alde egiten duen lana partekatzea eta konpromiso komunak bilatzea ere bada”.
Open Government
Atzoko bigarren topaketa New Yorkeko Euskal Ordezkaritzaren egoitzan izan zen, bertako arduradun Ander Caballerok lagunduta. Open Government Partnership-eko tokiko entitateen arduradun Britanny Lane-kin batzartu ziren Lasa eta Goiria (OGP). Gobernuen konpromiso zehatzak bermatzea da OGPren xede nagusia, gardentasuna, kudeaketa eredugarria eta gobernagarritasuna bultzatzeko. Horretarako, garrantzi handia ematen die teknologia berriei. Jasangarriagoak, gardenagoak, arduratsuagoak eta herritarrekiko gertukoagoak izango diren gobernuak erdiesteko egiten du lan, haien kalitatea, zein herritarrek jasotzen dituzten zerbitzuena hobetze aldera.
2011an sortu zenetik, OGPk estatuekin egin du lan, nagusiki, baina 2016an, “aitzindariak diren estatu azpiko gobernuentzako” egitasmo pilotua jarri zuen martxa, tokiko esparruan ere irekiera jorratzeko asmoz. Mundu osoko 15 tokiko gobernuk eta udalek parte hartu zuten egitasmoan, gobernu irekiarekiko, eta herritarrak praktikan inplikatuko zituzten politikekiko konpromisoa hartuz. Epe motzean, atea beste 15 gobernuri zabaltzea da asmoa. Aldundiak tramiteak hasi zituen duela hilabete batzuk sarearekin lan egiteko, eta atzoko topaketa aprobetxatu zuen bere hautagaitza sendotzeko.
Helburu horrekin, kudeaketa irekiagoa eta parte-hartzaileagoa gauzatzeko Aldundia garatzen ari den hainbat ekimenen berri eman zion Lasak Lane-ri, hala nola aurrekontu irekiak, Etorkizuna Eraikiz, tokiko mailan herritarren partaidetza sustatzeko espazioa –Gipuzkoako udal guztia batzen dituena-, edota une honetan osatzen eta hainbat eragilerekin kontrastatzen ari den Gobernu Oneko Foru Araua. “Sareko arduradunak, azaldu digunez, hasieratik estatuekin elkarlanean aritu baziren, ere, sarritan gobernantza alorrean aitzindari dira eskualdeko eta tokiko entitateak. Ekimen arrakastatsuenetako asko, herritarren eskakizunei ondoen erantzun dietenak, maila horretan jartzen dira martxan. Beti defenditu dugu mundu globalizatu honetan gobernu txikiok ahotsa eduki behar dugula, asko dugula esateko, herritarrengandik gertuago gaudelako, eta estatu handien logikak ez diolako sarritan haien beharrei behar bezala erantzuten”, amaitu du.
1986