Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoako herri txikien garapenerako 25 milioi euroko plana aurkeztu du Aldundiak

Gipuzkoako herri txikien garapenerako 25 milioi euroko plana aurkeztu du Aldundiak

Ekonomia Suspertzeko Planaren baitan Landagipuzkoa+ egitasmoa partekatu du gaur Aldundiak Albizturko udaletxean lurraldeko eragileekin

Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan dagoen lehen sektoreari lotutako Landagipuzkoa+ egitasmoa aurkeztu dute gaur Markel Olano diputatu nagusiak eta Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak. Programa Albizturko udaletxean lurraldeko eragile ezberdinekin egindako bileran partekatu da, besteak beste herri txikietako alkateak, landa garapen elkarteetako zuzendariak, sindikatuetako ordezkariak eta mankomunitateetako presidenteak izan dira.

Gipuzkoako landa eremuetan eta herri txikiek maiz jasaten duten desorekari aurre egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiak 25 milioi euroko aurrekontuarekin hornitu du egitasmo hau. Olanok adierazi duenez, programa honen “helburua landa ingurunean hiri ingurunearen antzeko zerbitzuak eta gizarte ongizatea lortzea da, biztanleriari eusteaz gain, landa eremuak erakargarri eta lehiakor egiteko”.

Diputatu nagusiak balioan jarri nahi izan ditu lurraldeko herri txikiak, bere ustetan, “hauek direlako Gipuzkoako nortasunaren oinarrietako bat”, horregatik herri txikiak mantentzeko konpromisoa hartu du bertaratutakoen aurrean. Markel Olanok argi ikusten du “Gipuzkoa lehiakorra, adimentsua, orekatua eta sortzailea izatea lortzeko”, ezinbestekoa dela herri txiki eta eskualde indartsuez osatutako lurraldea izatea. Era berean, Gipuzkoa pertsonen arteko ezberdintasun maila gutxien duen Europako lurraldean bihurtzeko xedea gogoratu du diputatu nagusiak, helburu hori lortzeko lurralde oreka mantentzeak duen garrantzia azpimarratuz.

Ainhoa Aizpuruk egitasmoak bere gain dituen bi ataletan sailkatutako lau programak aurkeztu ditu. Planaren lehen atala 2.500 biztanletik behera dituzten Gipuzkoako 48 udalerriei zuzendua dagoela jakinarazi du Lurralde Orekako diputatuak eta honen baitan bi programa: Zuntz Optikoarena eta Sustapen Ekonomikoko Proiektu Estrategikoak garatuko dituena.

Informazio eta Komunikazio Teknologien garapena herriguneetara zabaltzea du helburu lehenak Aizpururen arabera, “udalerri hauetako bizilagunei zerbitzu bat eskaintzeaz gain, jarduera ekonomikoarekin ere guztiz lotuta dago”, ziurtatu du. Foru diputatuak iragarri duenez, programa honi esker legealdi honetan zuntz optikoa 48 herriguneetara iritsiko da.

Bigarrenik, “Ekonomia Sustapeneko Proiektu Estrategikoekin jarduera ekonomikoak bultzatzea dugu helburu” jakinarazi du Aizpuruk. Programa honekin 48 udalerrietan dauden edo egon daitezkeen egitasmo lehiakorrenak eta erakargarrienak diruz lagunduko dira.

Bestetik, Landagipuzkoa+ egitasmoaren bigarren atala ere aurkeztu dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako azterketa baten ondorioz lurraldeko landa eremuetan antzeman diren gabezia edo hutsuneei erantzuteko bi programa daude honen baitan, Gipuzkoako landa eremu guztietara bideratutakoak: Baserri bideak eta Argi indar sarea berritzeko plana.

Ainhoa Aizpuruk, baserri bideak berritzeko plana aurkeztu duenean, komunikaziorako, garapenerako eta baserritarren bizi kalitatea bermatzeko ezinbesteko inbertsioa dela adierazi du. Gipuzkoan 3.360 kilometro baserri bide daude eta gehienak egoera txarrean omen daude. Aizpuruk jakinarazi duenez gaur egungo egoeraren “argazkia” eta balorazio ekonomikoa egiten ari da Aldundia eta egitasmo honekin aurreikusita dago gutxienez 1.500 km-tan hobekuntzak gauzatzea.

Azkenik, landa eremuetako nekazaritza sare elektrikoak dituen arazoei irtenbidea bilatzea helburu duen programa aurkeztu du foru diputatuak. Gipuzkoako argi indar sarea zaharkituta dagoela esan du Aizpuruk, izan ere, “potentzia igoera edota ustiapen hazkundearekin alta berriak eskatu diren neurrian, beharrak ez dira erantzun egokiekin ase”. Gainera, “nekazaritza jardueren iraupenerako ezinbesteko programa” dela ziurtatu du. Ainhoa Aizpuruk hitza eman du legealdi amaierarako 37 transformadore berri jarriak izango direla eta kilometro ugaritan altako zein bajako lineak edo hariteriak berrituko direla.

Carlos Ugartemendiak, Albizturko alkateak, ere hitza hartu du, eta gaurkoa Gipuzkoako landa eremuetan eta herri txikietan bizi direnentzat eta ordezkatzen dituzten herrientzat egun garrantzitsua dela adierazi du. Era berean, Aldundiari eskerrak eman dizkio herri txikien aldeko konpromisoa hartu izanagatik eta elkarlanean gauzak egiteko prest egongo direla ziurtatu die foru ordezkariei.

  

1879