Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoako herritarrek 6.03ko notarekin baloratu dute Aldundiaren kudeaketa

Gipuzkoako herritarrek 6.03ko notarekin baloratu dute Aldundiaren kudeaketa

%41,2k irudi ona daukate foru erakundearen inguruan, Lurraldearen egoera sozio-politikoari buruz gaur aurkeztutako inkestaren arabera

2016/06/09

Foru Gobernua osatu zenetik urtebete beteko den honetan, Aldundiak inkesta egin du Gipuzkoaren egoera sozio-politikoaren inguruan, herritarrek Lurraldearen egungo egoeraren inguruan duten iritzia eta jarrerari neurria hartzeko asmoarekin. 1.500 elkarrizketa egin dira guztira. “Oso azterketa zabala da, datu esanguratsu ugari dauzkana. Azterketaren ondorioek, duela urtebete kultura politiko berri batean oinarrituta Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako norabidea sendotu eta berresten dute. Herritarrek eskatzen digute akordioetara iristea eta lanean aritzea Gipuzkoaren egoera soziala eta ekonomikoa hobetzeko, eta hori da, hain zuzen, EAJk eta PSE-EEk osatzen dugun gobernuaren ezaugarri nagusia”, azpimarratu du Imanol Lasa foru bozeramaileak.

Inkesta erantzun dutenek 6,03ko nota ematen diote Aldundiari batez beste. Puntuazio hori “begi onez” hartzen dutela, “eta hemendik hiru urtera are gehiago hobetzea” espero dutela esan du Lasak, “Kudeaketa Planean horretara konprometitu baikara”. %41,2k irudi ona dauka Aldundiaren inguruan, eta %40,9k ez ona eta ez txarra. Eraginkorrenak diren arloez galdetuta, garraiobide publikoa -6,98ko nota-, kultura -6,42-, gizarte zerbitzuen kudeaketa -6,16- eta ekonomia -5,8- aipatzen dira, “gure puntaletako lau, hain justu”. Errepideen kudeaketak 5,7eko nota jasotzen du, eta baxuena hondakinenak jasotzen du -5,05-.

Galdera irekia egiten denean, gizarte laguntzak dira Aldundiaren ekintzarik positiboena, %5,6rentzat. Hondakinen bilketa da, aldiz, gehiengo batentzat negatiboena, %8,4entzat. “Horrek berresten du hondakinen kudeaketarekin arazo larria dugula, urtetan zehar konponbide zain egon dena, eta herritarrek exijitzen digutela gai honi heldu eta arduraz erantzutea. Oso kontuan hartuko dugu”, adierazi du Lasak.

Halaber, %27,2rentzat enplegua sustatzea da Aldundiaren lehentasun nagusia, eta gizarte laguntzak hobetzea bigarrena -%7,0rentzat. “Datu honek zentzu osoa ematen dio Gipuzkoa Europako desoreka gutxieneko lurralde bihurtzeko egiten ari garen apustu estrategikoari, jarduera ekonomikoa bultzatuz, aberastasuna banatu eta eredu den gure gizarte babeserako sistema indartzeko. Gipuzkoako gizartearen lehentasunak gure lehentasunak dira, eta argi eta garbi daude jasota Kudeaketa Planean eta Eskonomia Suspertzeko Planean. Norabide berean goaz, eta gainera elkarrekin ari gara bide hori egiten”.

  

1670