Gipuzkoako Ingurumen Gunea abian jartzea behin betiko urratsa da hondakinen kudeaketak klima-aldaketaren aurkako borroka-estrategiekin bat egiteko
Gipuzkoako Ingurumen Gunea abian jartzea behin betiko urratsa da hondakinen kudeaketak klima-aldaketaren aurkako borroka-estrategiekin bat egiteko
Gipuzkoako Ingurumen Gunea abian jartzea behin betiko urratsa da hondakinen kudeaketak klima-aldaketaren aurkako borroka-estrategiekin bat egiteko
Asensiok nabarmendu du: “Gipuzkoak hautu garbia egin du klima-aldaketaren aurka borrokatzeko estrategiaren alde"
Asensiok EHUren “Klima-aldaketa eta hondakinak” uda-ikastaroa inauguratu du. Ingurumeneko Foru Departamentuak antolatutako ikastaroa da, eta gaur eta bihar izango da Miramar jauregian.
Kudeaketa horren funtsa da 0 isurketaren eredua. Horren arabera, aurretiaz tratatu ez den ezer ez da isurtzen. Ondorioz, berotegi-efektuko gasen (BEG) isurien % 80 eragiten duten zabortegiak ezabatzea dakar. Helburu horiek betetzea apustu erabakia da gaikako bilketaren alde, materia organikoari arreta berezia jarrita. Politika horien emaitzari gisa, % 50eko portzentajea gainditu da eta Europako helburuak beteko direla iragar daiteke.
Asensiok adierazi du, era berean, herritarren ahalegin hori baliarazi ahal izateko eta bilketatik datozen baliabideak aprobetxatzeko, abian jarri dela azpiegituren programa bat. Horren osagai nagusia da Gipuzkoako Ingurumen Gunea (GIG), eta legegintzaldi honen amaieran egongo da martxan. Foru-arduradunaren hitzetan: “hondakinetan daude baliabideak eta energia baliatuko dituzten azpiegiturak behar ditugu”; eta gehitu du: “kudeaketa-azpiegiturak geldiarazi izatea da gauzarik kaltegarriena klima-aldaketari dagokionez, horrek behartu egiten baitu zabortegiak erabiltzera eta behar baino erregai fosil gehiago kontsumitzera”. Hori guztia dela-eta, Ingurumeneko diputatuaren ustez: “GIGa da Gipuzkoak behar duen urratsa hondakinen kudeaketak klima-aldaketaren aurka borrokatzeko estrategiekin bat egiteko”; ingurumenaren eta ekonomiaren arloan irtenbide iraunkorrak baitakartza.
Klima-aldaketari aurre egitea da XXI. mendeak duen aupadarik handienetakoa ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik. Parisko Klima Akordioan, mundu osoko gobernuek onartu zuten premiazkoa dela lanean jardutea munduko batez besteko egungo tenperatura-igoera 2 ºC azpitik mantentzeko eta igoera horrek industriaurreko tenperaturekiko 1,5 ºC gaindi ez dezan ahaleginei eusteko.
Ildo horretatik Ingurumen Departamentuak hondakinen kudeaketa lotu nahi izan du ingurumen-agendan egun garrantzitsuena den gai horrekin. “Lotura hori egitearen arrazoia da klima-aldaketaren ikuspegitik hondakinak kudeatzearen paradigmak beste ñabardura batzuk hartzen dituela, gure ustez. Azken helburu gisa tratamendua hartuta, baliabide materialak eta energetikoak baliatzea eta isurketa ezabatzea oinarri eta funtsezko xede dituen eredura pasatzen gara”, esan du Asensiok. Eta hori baieztatzen du Klima-aldaketaren aurkako 2050erako Euskal Estrategiaren seigarren helburuak: “hiri-hondakinen sorrera gutxitzea eta tratamendurik gabeko zero isurketa lortzea”.
Ildo beretik, nazioarteko zenbait txostenek, esaterako, Nazio Batuen Ingurumen Programak (NBIP), onartzen dute hiri-hondakinen kudeaketa iraunkorra dela ekarpen handienetakoa egin dezakeen sektorea berotegi-efektuko gasen (BEG) isuriak murrizteko. Sektore horrek, berak bakarrik, BEG guztien % 5 isurtzen du, eta horien % 80 zabortegietan sortzen da, materia organikoaren isurketak sorrarazten dituen emisioen ondorioz. Baina, gainera, hondakinen sektoreak eragin gutxi-asko zuzena du ia sektore ekonomiko guztietan. Hortaz, ikastaroaren helburua da gogoeta egitea hondakinen kudeaketa iraunkorrak klima-aldaketaren aurka borrokatzeko estrategietan egin dezakeen ekarpenaren inguruan.
“Ekonomia zirkularrerako jauzia egiteko aupadaren aurrean gaude. Horrek aukera eman behar digu baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatzeko, egungo hondakinak lehengai edo energia bihurtuta, erregai fosilak ordezkatu eta horien kontsumoan aurreztu ahal izateko. Klima-aldaketaren aurka borrokatzeko estrategiekin bat etorriko den hondakinen kudeaketa bideragarri egiteko estrategiak eta irtenbideak behar ditugu”, esan du Asensiok.
Helburu horrekin, adituen talde bat egun hauetan aztertzen eta azaltzen ari da baliabide materialak eta energetikoak berreskuratzeko prozesuek eskaintzen dituzten ahalbideak, lehengaiak ordezkatzeko eta isurketak murrizteko. Horren helburua da hondakinen kudeaketa klima-aldaketaren aurka borrokatzeko estrategiekin bat egiteko moduari buruz gogoeta egiten laguntzea.
Ikastaroa programatzeko garaian, gaia ikuspegi guztietatik aztertzen saiatu da Saila. Horregatik, gai hauek ari dira jorratzen: ekonomia zirkularra; zabortegiak, hondakinei lotutako isurketen % 80ren eragile baitira; elikagaien aprobetxamendua, elikagaien isurketa gutxitzeko estrategiatzat; biometanizazioa, materia organikoa aprobetxatzeko beste estrategietako baten moduan; eta baliarazte energetikoa, erregai fosiletan aurrezteko eta isurketak murrizteko modutzat. Ikastaroa bihar amaituko da mahai-inguru batekin. Bertan, gaik hauek izango dira hizpide: Gipuzkoako Ingurumen Gunea, horren azpiegiturak eta bere egokitzapena klima-aldaketaren aurka borrokatzeko estrategietara. José Ignacio Asensiok, Joan Matak eta Rafael Guineak parte hartuko dute mahai-inguruan.
Gaurko saioan, Anabel Rodríguez Ekonomia Zirkularrerako Fundazioaren zuzendari exekutiboak hartu du parte. Bere txostenean, ekonomia zirkularraz aritu da, hondakinak lehengaietan transformatuta baliabideak modu iraunkorrean erabiltzeko estrategiatzat. Kontzeptu horrek eragin garrantzitsua du energia-kontsumoaren eta isurketen gainean eta, horrenbestez, eredu ekonomiko eraginkorra da bateragarri egiteko hazkundea, enplegua eta klima-aldaketaren aurkako borroka.
Hondakin solidoen tratamendu biologikoan aditu den Joan Colónek ere hartu du parte. Bere txostenean, hiri-hondakinen zabortegietan BEGen isurketak murrizteko hautabideak azaldu ditu. Aztertu ditu itxitako zabortegietan ere eragina duten isurketa horiei aurre egiteko modua, eta haiek minimizatzeko eta zabortegien eredua gainditzeko hautabideak.
Salamancako Unibertsitatean Farmaziako doktore eta Burgosko Unibertsitateko Nutrizio eta Bromatologia Ataleko irakasle titular Sara Alonso de la Torrek, bestalde, hizpide izan ditu elikagaien aprobetxamendurik eza geldiarazteko estrategiak eta horien deribatuak, ingurumenaren aldetik ez ezik, gizartean (ongizatea, osasuna) eta ekonomian eduki garrantzitsua duten heinean.
1669