Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoako lehen Kooperazio Mahaia eratu da

Gipuzkoako lehen Kooperazio Mahaia eratu da

Harkaitz Millan Kulturako eta Nazioarteko Lankidetzako foru diputatuak adierazi duenez, mahaiaren helburua da, batetik, Gipuzkoako gizarteak lankidetza sareetan partaidetza handiagoa izatea eta, bestetik, lankidetzako agenteen kopurua areagotzea.

2020/07/21

Mahaiak hainbat berritasun ekarriko ditu: Euskadiko beste deliberamendu organo batzuek ez bezala, Gipuzkoako Mahaiak lehendabizikoz elkartu ditu espazio berean garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) eta orain artean lankidetzara modu tangentzialean bakarrik gerturatu diren eragile sozialak, hala nola enpresaren mundua, komunikabideak edo gure kultura eta Euskadira etorritako migratzaileen kultura batzen diharduten kultur elkarteak.

Espiritu transbertsala: Mahaiaren osaera bera asmo aitorpen bat da berez; izan ere, Gipuzkoako sektore sozial guztiek lankidetzaren alorrean duten erantzukizunari dei egiten dio, gure lurraldea gizarte solidario den aldetik; halaber, adierazten du sektore bakoitzaren jardunak inpaktu zuzena duela mundu jasangarriago, ekologikoago eta bidezkoago bat lortzeko bidean, zeinak baldintza duinagoak eskainiko baitizkie pertsona guztiei. Eta hori administrazioari ere aplikatzen zaio; horrenbestez, mahaiko kide dira, batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zuzendaritza Estrategikoa, Diputatu Nagusiari zuzenean atxikia, eta, bestetik, Euskal Fondoa, zeinak EAEko eta Nafarroako lankidetzako toki erakunde guztiak ordezkatzen baititu.

Agenda 2030en ildo beretik: Horren guztiaren oinarrian daude, batetik, 2030ko Mundu Agenda berriak proposatzen duen gobernantza eredu berria, eta, bestetik, Nazio Batuen Erakundearen garapen jasangarriko helburuak (GJH) betetzeko borondatea. Hori horrela, hainbat mailatan eta modutan eragiten duen gobernantza bat lortu nahi da, zeinean administrazio publikoak eta lankidetza departamentuak izango baitira lider, Gipuzkoako ekosistema sozialean garrantzia duten gainerako eragile garrantzitsuen partaidetza efektiboarekin batera.

Harkaitz Millan foru diputatu sozialistaren esanetan, “lankidetza egokitu egin behar da garapen jasangarriko helburuen garapenera eta Agenda 2030era, eta aberastu egiten gaituen erkidegoen arteko elkarrizketa gisa ulertu behar dugu. Esparru horretan, gure departamentuaren lehentasunak eta lan ildoak Nazioarteko Lankidetzako Plan batean islatu beharko ditugu. Plan horrek helburu hauei erantzun beharko die: nazioarteko lankidetzako politikak sustatzea desberdintasunaren kontrako borrokarako, hazkunde jasangarriaren bidez; elkartasuna sustatzea lankidetzako agenteen kopurua areagotuta; eta Gipuzkoako gizartearen partaidetza sendotzea lankidetza sareetan”.

MAHAIKIDEAK

Berezko kideak:

  • Harkaitz Millan, Kulturako eta Nazioarteko Lankidetzako foru diputatua.
  • Mikel Diez Sarasola, Nazioarteko Lankidetzako foru zuzendaria.
  • Sebas Zurutuza, Estrategiako foru zuzendaria.

GOBERNUZ KANPOKO ERAKUNDEEZ BESTELAKO ORDEZKARIAK

Ana Beatriz Molina, Mestiza elkarte artistiko eta soziokulturala. Molina Mestiza elkarte artistiko eta soziokulturalaren presidente eta bazkide sortzailea da 2008tik, eta hark sustatuak dira Txikikids Corner eta Donostidiversity programak. Elkartearen eta hark bultzatzen dituen proiektuen helburuen artean, hauek nabarmentzen dira: kultura aniztasuna, irakurketa eta jolas ludikoa sustatzea haurtzaro goiztiarrean, kultura eta gizarte berrikuntza. Gobernu Irekirako OGP Euskadi Aliantzako foro erregularretako kidea da, eta EURead Europako partzuergoko kide gisa ordezkatzen du Mestiza elkartea.

Irati Labaien Egiguren, UPV/EHUko Hegoa Institutua. Garapen Ikasketetako doktorea, UPV/EHUren Hegoa Institutuan. 2015/16 ikasturteaz geroztik, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile gisa jarduten du, baita Donostiako Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Ekonomia Aplikatua I Saileko irakasle atxiki eta Hegoako kide ere –UPV/EHUren Nazioarteko Garapen eta Lankidetzarako Ikasketa Institutua–. Halaber, institutu horretako Zuzendaritza Kontseiluko idazkaria da 2017az geroztik.
Espainiako eta nazioarteko hainbat ikerketa proiektu eta kontratutan parte hartu du garapenerako lankidetzaren alorrean, baita garapenerako politika koherentziarekin loturikoetan ere. Hainbat artikulu zientifiko eta liburu argitaratu ditu, zeinak Espainian eta nazioartean egindako kongresu eta mintegietan zabaldu baititu.

Arantzazu Acha de la Presa,  UNESCO Etxea (Agenda 2030 eta NBEren garapen jasangarriko helburuak). UNESCO Etxea–Centro UNESCO del País Vasco 1991n sorturiko irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, UNESCOren programak eta printzipioak Euskal Autonomia Erkidegoan zabaltzeko (Nazio Batuen Hezkuntzarako, Zientziarako eta Kulturarako erakundea da UNESCO). Erabilgarritasun publikoko deklaratu zuten 2006an, eta gaur egun 132 bazkidek osatzen dute erakundearen oinarri soziala. UNESCOren konstituzio agindua partekatzen du; hau da, bake bidezkoa eta duina eraikitzea, pertsona bera, pertsonaren duintasuna eta balio gorenak abiapuntu harturik. Horretarako, UNESCOren erakunde zibil gisa eratzen da, nazioarteko bokazioa duen EAEko elkarte solidario gisa, alegia. Hori horrela, UNESCO Etxeak presentzia aktiboa du bertako eta nazioarteko ekimen eta sareetan, euskal gizartearen eta nazioarteko komunitatearen arteko harreman eraldatzaileak sustatzen ditu –bereziki UNESCO eta NBEren artean–, eta iritzi eta irizpide propioak sustatzen ditu, guztia ere ikerketa, eragina, prestakuntza, berrikuntza eta dibulgazioa oinarri harturik.

Ana Erostarbe Madrazo, Doce Miradas. UPV/EHUn Informazio Zientzietan lizentziatua (kazetaritzan espezializatua). Komunikazio eta Historiako graduondokoa egin zuen Kenteko Unibertsitatean (Erresuma Batua), baita Marketin Zuzendaritzako graduondokoa ere UPV/EHUn. Ana Erostarbek sustatua da Doce Miradas, beste hamaika emakumerekin batera bultzaturiko lankidetza proiektua, zeinaren xedea baita emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunari buruzko gogoeta egitea eta aldaketa lortzen laguntzea. Haren ikusmolde feministak kultura aniztasuna kontuan hartzen duen begirada bat aldarrikatzen du, baita emakumearen oinarrizko egitekoa ere garapen eta justizia sozialean.

Juanma Velasco, DIARIO VASCO. UPV/EHUn Kazetaritzan eta Marketin eta Publizitatean lizentziatua da. Diario Vasco egunkariko “Al Día” sailaren arduraduna da, zeinean gizarte gaiak, osasuna eta tankerakoak jorratzen baitira. Kazetari gisa 25 urteko esperientzia du, gehien-gehienak Diario Vascon, baina baita France Presse agentzian, Bordeleko Merkataritza Ganberan, Europa Press agentzian eta abarretan ere.

Iranzu Saiz de Murieta Petit, ADEGI. Industria Antolaketako Ingeniaritza ikasia da Nafarroako Unibertsitatean; Zuzendaritza Garapeneko Programa egin zuen IESE zentroan, eta Certified European Environmental, Social and Governance Analyst titulua ere eskuratu zuen, EFFAS federazioaren eskutik. Gaur egun, Adegiko (Gipuzkoako Enpresen Elkartea) Batzorde Exekutiboko kidea da, baita EsImpact-eko (Inpaktu Soziala Neurtzeko eta Kudeatzeko Espainiako Elkartea) Zuzendaritza Batzordeko kide ere. 2011tik, Sinnple–Gizarte Berrikuntza etxeko sortzaileetako bat da, zeinean dohaintzetatik harago joan nahi duten enpresei laguntzen jarduten baitute, inpaktu soziala eta lehiakortasuna elkartuz –egitekoa (hobeto) orientatzen laguntzen diete ekintzaileei eta erakunde sozialei, baita hazten eta lorturiko inpaktu soziala neurtzen ere–.

Begoña Cabaleiro, EMAUS FUNDAZIO SOZIALA. EMAUS FUNDAZIO SOZIALA erakunde soziala, laikoa eta irabazi asmorik gabea da, eta EMMAÜS INTERNATIONAL mugimenduaren parte da, zeinaren helburua baita prozesu eraldatzaileak sustatzea eta laguntzea –izan indibidualak edo kolektiboak–, gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren esparruetan. Horretarako, gizarteratzeko eta laneratzeko programak ez ezik jasangarritasuna eta garapenerako lankidetzarako sentsibilizazio eta hezkuntza proiektuak ere garatzen ditu –ekonomia solidarioko enpresak–, eta haren lehentasuna da egoera larrian edo bazterkeria arriskuan dauden pertsonen bizi baldintzak hobetzea eta ahalduntzea lortzea.

GGKE-ETAKO ORDEZKARIAK

Gema Hierro Lage,  Medicus Mundi Gipuzkoa. Medicus Mundi Gipuzkoa garapenerako gobernuz kanpoko erakunde bat da (GGKE), irabazi asmorik gabea, eta independentea erlijioari eta politikari dagokionez. 1974tik, osasunerako eskubidearen alde lan egiten du, eta egoera okerrenean dauden populazioen bizi baldintzak hobetu nahi ditu, baita pobretutako herrialdeetan eta gure ingurune hurbilenean ageri diren bidegabekeria eta desberdintasun egoerak salatu ere.

Sonia González, Euskadiko Bakea eta Elkartasuna Fundazioa. Bakea eta Elkartasuna Institutua 1 de Mayo Fundazioaren zentroa da, eta nazioarteko lankidetzan ez ezik garapenerako hezkuntzan eta sentsibilizazioan ere jarduten du. 1989an sortua da Bakea eta Elkartasuna Fundazioa, Comisiones Obreras sindikatu konfederazioaren eskutik.

CCOO sindikatu konfederazioak lankidetza sare bat sortu du, lurralde guztietan ordezkaritzarekin, eta sare horretako parte da Bakea eta Elkartasuna. Comisiones Obreras sindikatuaren bosgarren kongresu konfederalak erabaki zuen afiliatuen kuoten % 0,7 garapenera bideratzea. Bakea eta Elkartasunak babesten duen oinarri soziala Comisiones Obreras sindikatuko langile eta afiliatuek osatua da.

Leire Morquecho, ALBOAN Fundazioa. Euskadiko eta Nafarroako jesuiten nazioarteko lankidetzarako gobernuz kanpoko erakundea da, zeinak herritar globalak eraikitzen lan egiten baitu, munduan desberdintasuna sortzen duten bidegabekeriak salatzeko, eta, halaber, guztion ongia sustatuko duen kultura sortzeko eta pobrezia sortzen duten egiturak eraldatzeko, dela tokian-tokian, dela mundu zabalean. Horretarako, mundu osoko pertsona eta taldeekin osatzen du sarea.

Iñaki Orube Mendia, Mugen Gainetik elkartea, Hirugarren Munduko Herrialdeen laguntza eta lankidetzarako Donostiako gobernuz kanpoko erakundea. Mugen Gainetik hegoaldeko herrialdeekin lankidetzan jarduteko elkarte bat da, zeinak iparraldean ere bilatzen baitu gizarte eraldaketa. Herri asko eta askok bizi duten egoera bidegabeen bozgorailu izan nahi du, zeina garapen eredu batek bultzatua baita –herrialde eta talde gutxi batzuek besteekiko ipintzen duten menderakuntza ekonomikoa, politikoa eta kulturala sendotzen du eredu horrek–. Elkarteak dioenez, eredu horrek baliabideak agortzen ditu, herrialdeen arteko desberdintasunak areagotzen ditu, eta herriak eta are gehiago emakumeak pobretzen ditu, eta, haien esanetan, ez ditu ipintzen pertsonak garapenaren erdigunean.

Lankidetza proiektuak batez ere herrialde hauetan egiten dituzte: Guatemala, El Salvador, Kuba, Chiapas, Nikaragua, Bolivia eta Peru. Haren nortasun ezaugarrien artean, nabarmentzekoa da populazio indigena eta landatarrekin jarduten dutela.

Iñigo Eguren Varela, Calcuta Ondoan. Calcuta Ondoan garapenerako gobernuz kanpoko erakundea irabazi asmorik gabeko Gipuzkoako elkarte bat da. 1999an sortu zen, eta egun erabilgarritasun publikoko aitortua da. Calcuta Ondoan laguntza humanitarioko proiektuak eta pertsona zein taldeen sustapen integraleko proiektuak sustatzen aritzen da Indian, betiere pertsona eta herri gisa duten nortasuna eta haien erlijioa errespetatuz, bai eta giza eskubideak eta genero berdintasuna bultzatuz ere.

Josu Urrutia Beristain, Mundukide Fundazioa. Mundukide Fundazioa 1999an sortu zen, Debagoieneko gobernuz kanpoko hainbat erakundetako pertsonen eskutik, guztiak ere kooperatibista izanak bizitzaren parte handi batean. Mondragon Kooperatiba Korporazioaren zuzendaritzari aurkeztu zioten ideia, eta haren babes instituzionala eskuratu zuten. Fundazioak bi lan ildo nagusi ditu: eskualdearen garapen sozioekonomikoa eta indartze sozioenomikoa lortzea. Hori horrela, NBEk 2030erako markatutako garapen jasangarriko helburuak betetzea du xede.

Irene Molero, Euskadiko GGKEen koordinatzailea. Euskadiko garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen koordinadora EAEko 79 GKEz osaturiko kolektibo bat da, eta guztiek ere nazioarteko lankidetzan eta eraldaketa sozialerako hezkuntzan jarduten dute. 1988an sortu zen hamaika erakunderen eskutik, eta haren helburua da lankidetza, hausnarketa, elkarrizketa eta lana sustatzea, elkarteko kide diren erakundeek modu koordinatuan jardun dezaten eta guztien esku hartzeak koherenteak eta egokiak izan daitezen.

BESTE ERAKUNDE BATZUETAKO ORDEZKARIAK

Juan Manuel Balerdi, EUSKAL FONDOA - EUSKAL HERRIKO LANKIDETZAKO TOKI ERAKUNDEEN ELKARTEA

Euskal Fondoa, Euskal Herriko lankidetzako toki erakundeen elkartea, 1996an sortu zen, Euskal Herriko Lankidetza Deszentralizatuaren koordinazio eta laguntza erreminta gisa. Hori horrela, hegoaldeko erakunde, antolakunde sozial eta komunitateekin harreman solidarioak garatzearen alde lan egiten duten toki esperientzia asko eta asko elkartzen ditu.

Hauek dira esku hartzeko lehentasun esparruak:

- Kalitatezko garapenerako lankidetza sustatzea erakunde publiko eta pribatuetan eta GGKE kideetan.

- GGKE kideei laguntza eskaintzea lanerako eta haien gaitasun politiko eta teknikoak indartzea.

- Gure ingurunearen gizarte eraldaketari ekarpena egitea, mundu mailako aldaketak lortu ahal izateko.

 

 

 

 

 

 

 

 

  

1937