Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoako Urrezko Domina hunkituta jaso du Ramon Saizarbitoriak

Gipuzkoako Urrezko Domina hunkituta jaso du Ramon Saizarbitoriak

Idazle donostiarraren obra “oparo eta berritzailea, eta euskara batuaren alde egindako lana” aitortu ditu foru erakundeak

2016/12/14
Markel Olano eta Ramon Saizarbitoria

Ramon Saizarbitoriak (Donostia, 1944) hunkiturik jaso du Gipuzkoako Urrezko Domina, Markel Olano diputatu nagusiak emana, gaur arratsaldean foru jauregian egindako ekitaldi jendetsuan. Diputatu nagusiak “bihotzez” eskertu dio idazle donostiarrari bere “lana, erakutsitako adorea eta duintasuna”, nabarmenduta euskal literatura modernoaren “aitzindaria” dela, beti ere “euskara batuaren alde eginez”. Saizarbitoriak, berriz, esker onez jaso du domina “belaunaldi baten izenean”, eta gaineratu inork ez diola “ezer zor, egindakoz disfrutatu dut eta”. Euskara batuaz mintzo, esan du uste duela oraindik batuari “atxiki beharra” dagoela, oraindik indar gutxi baitu “adar gehiagotan zabaltzeko”. Gaineratu du gaur egun euskaldunen kopurua handiagoa izatea oso positiboa izanik ere, “bi garairen artean” gaudela, garapena eta azpigarapenaren artean, eta ez dela ona “autokonplazentzian erortzea”. “Zaharren malenkoniak jota nago agian. Baina gustatuko litzaidake lehengo praktika batzuk berreskuratzea, adibidez, jendea euskaltegira euskara bihotzez ikastera joaten zenekoa”.

Xarmanki joan da ekitaldia. Hala, 30 dantzarik Gipuzkoa plazan egindako “Ezpata-dantza” ikusgarriaren ondoren, omendua eta agintariak Aldundiaren egoitzan sartu dira Jargi aretora joateko. Bertan, Saizarbitoriaren ibilbideari buruzko bideo bat ikusteaz gain, bere nobela ezagunenetako zenbait pasarte irakurri dituzte, hala nola, “Egunero hasten delako”, “Hamaika pauso”, “Bihotz bi. Gerrako kronikak” eta “Martutene”. Era berean, Arantxa Urretabizkaia idazleak laudorioa irakurri du, azpimarratuta Saizarbitoria irakurleari “lana eskatzen dion idazlea dela, pentsarazi egiten diolako. Eta liburua amaitzean, irakurleari, nahiz eta bere burua ispiluan berdin ikusi, zerbait aldatu zaio bere baita, betiko”.

Gipuzkoako Urrezko Domina 2016

Lurraldeko bereizgarri goren honen bitartez, Saizarbitoriari bi alorretan egindako merezimenduak aitortu dizkio Foru Aldundiak Gipuzkoako gizartearen izenean: batetik, euskara batua finkatzen egindako lana euskal hizkuntzaren eredu estandar gisa, jakintza, komunikazio, kulturan eta, oro har, gizarte bizitzaren alor guztietan; eta, bestetik, euskal literatura modernoari egindako ekarpena. Horren harira, Olanok esan du Saizarbitoria eta haren belaunaldiko hainbat lagunek “modernitatea eta euskara uztartzea” erabaki zutela, garaian garaiko kezkak “euskarara ekartzeko” eta euskarari “abarkak kentzeko”. “Baina ez zineten modernoak euskal tradizioaren kontra egiteko soilik, baizik baita frankismoak babesten zuen kultura baldar zabarraren kontra altxatzeko ere”, erantsi du.

Halaber, diputatu nagusiak nabarmendu du idazle donostiarraren literatura “konbentzioen eta topikoen” kontrako “lehia baten gisa” ere uler daitekeela, eta “matrioska baten modura” deskribatzen dituela giza harremanak: “kaxa psikologiko deskubritu berri batek beti gordetzen du bere baitako sakoneran beste kaxa psikologiko are ezkutuago bat, eta beste bat, eta beste bat…”

Azkenik, Olanok azpimarratu du Saizarbitoriak Donostian “txertatu” duela bere mundu literarioa, eta bere testuetan postaletan agertzen ez den “beste Donostia” hori irudikatzen duela: “hiriaren bizipen akritiko eta autosufizientea sufritzen duen herritar baten begiekin ikusitakoa da erakusten diguzun Donostia”. Gaineratu du bere istorioek “sirimiriak bezala” eragiten dutela irakurleen gogoan, “langarrak bezala eta ez erauntsika, leun baina sarri, ia oharkabean, mela-mela eginda geratzen garen arte”.

Euskal literatura modernoaren bideak urratzen

1969an argitaratu zuen bere lehen eleberria Ramon Saizarbitoriak, “Egunero hasten delako”. Gaia bera (abortua) txundigarria izateaz gain garai hartako euskal literaturan eta gizartean, Saizarbitoriaren eleberriak ordura arteko bide narratibo guztiak irauli zituen, euskal letretan ezagutu gabeko teknika narratiboak erabili zituen, Europako literatura aitzindarienaren mailan. Eztabaidatu daiteke –literatur kritikaren esparruan eztabaidatu izan den bezala– Saizarbitoriak eragina Frantziako nouveau roman-etik izan ote zuen batez ere, edo James Joyce-ren miresmenak eraman ote zuen bere lehen eleberria era horretan idaztera. Modu batera zein bestera, zalantzarik gabe esan daiteke nobela hura euskal literaturaren aro modernoaren hasiera izan zela, zentzu guztietatik begiratuta. 

Bide berritzaile haren jarraitutasuna izan ziren “Ehun metro” (1976) ezagunagoa eta, zer esanik ez “Ene jesus” (1976): hizkuntzaren beraren azterketa sakona da eta, aldi berean, amaren irudiari buruzko gogoeta; Samuel Becketten eta psikoanalisiaren itzala oso nabarmentzen dira. Ia hamar urte argitaratu gabe egon ondoren,1990eko hamarkadaren bigarren erdialdean indar berrituaz itzuli zen literaturgintzara.1995ean, “Hamaika pauso” eleberria argitaratu zuen, Espainiako Kritikaren Saria jaso zuena. 1996an, berriz, “Bihotz bi. Gerrako kronikak” argitaratu zuen. 1999an, “Aberriaren alde (eta kontra)” saiakera plazaratu zuen, euskararen eta euskal kulturaren egoerari buruz. “Gorde nazazu lurpean” (2000) kontakizunen bildumak Espainiako Kritikaren Saria eta Euskadi Saria jaso zituen. 

Ordutik hona argitaratutako eleberrietan (“Gudari zaharraren gerra galdua”, 2000. urtean; “Rosetti-ren obsesioa” eta “Bi bihotz, hilobi bat” 2001ean; “Kandinskyren tradizioa”, 2003an) heldutasun narratibo sendo eta indartsu bat erakutsi du Saizarbitoriak. 2012an bere idazlanik luzeena argitaratu zuen —ia 800 orrialde—, “Martutene”, bederatzi urte idazten eman eta gero. Elementu autobiografiko ugariekin batera, Saizarbitoriak bere eleberrietan izan dituen gai asko jasotzen ditu, era landu eta sakon batean.

Lanbidea eta bizitza profesionala

Askorentzat ezezaguna bada ere, Ramon Saizarbitoria ez daiteke idazle profesionaltzat hartu. Lanbidez soziologoa izan da erretiroa hartu arte, SIIS ikerketa-zentroko zuzendaria urte luzetan, eta gizarte zerbitzuen arloko ikerketa eta txosten ugari burutu eta zuzendu ditu.

  

1769