Gipuzkoako Urrezko Domina jasoko du Donostiako Gurutze Gorriaren Zentro Soziosanitarioak
Gipuzkoako Urrezko Domina jasoko du Donostiako Gurutze Gorriaren Zentro Soziosanitarioak
Lurraldeak COVID-19aren pandemiari eman zion “erantzun partekatuaren” erakuslerik argienetakoari aitortza egiten dio Foru Aldundiak honela.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du Gipuzkoako Urrezko Domina, foru erakundeak ematen duen bereizgarri gorena, Donostiako Gurutze Gorriaren Zentro Soziosanitarioari emateko espedientea hastea. Abenduaren 17an emango zaio bereizgarria, kasu honetan Urrezko Plaka, kolektiboa baita jasoko duena, foru jauregian bertan egingo den ekitaldi batean. Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu duenez, 2020ko udaberrian COVID-19 gaitzaren pandemia iritsi zenean Gipuzkoak “egoerak eskatzen zuen mailan erantzuten jakin zuen”, lurraldeak erantzun hori sarean eman zuelako. “Denbora errekorrean, sarea ehundu zen, erabakiak hartu ziren eta erantzun partekatu bat eraiki genuen. Horren erakusle argia da Donostiako Gurutze Gorriaren Zentro Soziosanitarioa, eta hori da aitortu nahi izan duguna”, azaldu du.
Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, azkeneko Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Gogoratu duenez, 2020ko martxoaren hasieran, COVID-19 iritsi zen Gipuzkoara, eta adinekoen egoitzak bereziki kolpatuz. Honen aurrean, COVID-19aren pandemiaren unerik zailenean, nabarmendu du Donostiako Gurutze Gorriaren Zentro Soziosanitarioak urrats erabakigarria eman zuela: “gauetik goizera, Gipuzkoako egoitzetako egoiliarren COVID-19aren arretarako lehen zentro erreferente bihurtu zen”.
Foru arduradunak esan duenez, planteamendu berritzaile hori beste leku batzuetan errepikatu zen geroago. “Zentroak, pandemiaren unerik kritikoenean, erronkari eskuzabaltasunez eta konpromisoz erantzuten jakin zuen. Bertako egoiliarren eta senitartekoen ulermenari eta laguntzari esker, egoitza hustu zen, egoiliarrak beste egoitza batzuetara eraman ziren, eta 130 ohe COVID-19aren arretara bideratu ziren”, nabarmendu du. Martxoaren 23an iritsi ziren lehenengo gaixoak eta azken altak maiatzaren 8an eman ziren; bitarte horretan, guztira 89 pertsona artatu ziren.
Foru bozeramaileak adierazi du kalitate eta profesionaltasun handiko lantalde batek gidatu zuela proiektu hura eta, pandemiaren unerik zailenetan, Gipuzkoako adinekoen egoitza sare osoari eman ziola zerbitzua. “Helburu horrekin, Foru Aldundiak gure lurralde historikoko bereizgarri gorena eman nahi dio, Urrezko Plaka, Gipuzkoaren izenean egin dezakeen omenaldirik eta aitortzarik handiena”, gaineratu du.
Urrezko Domina (edo Plaka, kolektiboak aitortzen diren kasuetan) Aldundiak ematen duen sari gorena da eta 1982an eman zen lehen aldiz. Harrezkero, hauek izan dira saritutako pertsonak eta kolektiboak: Jose Miguel Barandiaran (1982), Manuel Lekuona (1983), Donostiako Orfeoia (1985), Eibarko Armeria Eskola (1987), Carlos Santamaria (1991), Euskaltzaindia (1994), Jorge Oteiza, Eduardo Chillida eta Juan Mari Arzak (1998), Iñaki Gabilondo, Juan Celaya eta Jose Maria Setien (2003), Menchu Gal, Xabier Arzalluz eta Arrasateko mugimendu kooperatiboa (2005), Pedro Luis Uriarte, Carlos Garaikoetxea eta Jaime Garcia Añoveros (2005), Pedro Miguel Etxenike, Itziar Astiazaran eta Andoni Egaña (2006), Mikel Laboa (2008), lehenengo ikastolak antolatu zituzten andereñoak (2009) Angel Olaran (2010), Nestor Basterretxea, Egunkaria eta Egin (2013), Benito Lertxundi, Gipuzkoako harrera familiak eta Ordena Publikoko tribunalak kartzelara kondenatutako emakume gipuzkoarrak (2014), Juan Antonio Urbeltz eta 40, 50 eta 60ko hamarkadetan Estatutik Gipuzkoara lekualdatu ziren langileak eta euren familiak (2015), Ramon Saizarbitoria (2016), Frankismoaren biktimak (2017), Jakin (2018) eta Aspegi (2019).
MUBIL
Bestalde, Kontseiluak gaur onartu ditu MUBIL, Mugikortasun Adimentsu eta Jasangarrirako Zentroaren behin betiko egoitza eraikitzeko obraren proiektua eta honen kontratazio espedientea. Lizitazio-aurrekontua 15,1 milioi eurokoa da, eta obrak egiteko epea 15 hilabetekoa. Egoitza hau Zubietako Eskusaitzeta poligonoan egongo da kokatuta, eta urrats oso garrantzitsua da MUBILen behin betiko egoitza gauzatzeko ibilbidean. Obra 2022ko udaberrian hastea espero da.
Guztira, ia 10.000 metro karratu inguruko espazioa izango du Eskusaitzetako MUBILen egoitzak. Honela egongo dira banatuta: eraikin nagusiak 4.900 metro karratu izango ditu; lehen laborategia, beste 2.200 metro karratu; eta azkenik, bigarren eta hirugarren laborategiek 2.500 metro karratu izango dituzte. “Gainera, Eskusaitzetan, MUBILen egoitzaren inguruan, beste 30.000 metro koadro gordeko dira, mugikortasun berriko agenteak erakartzeko eta esparru horretan erreferentziazko polo bat eraikitzeko”, nabarmendu du Mendozak.
Foru bozeramaileak adierazi duenez, MUBIL erabat gorpuztuta dagoen proiektua da, eta “biharko Gipuzkoako ekonomia eraikitzeko apustu nagusietako bat da”. “Era berean, Europar Batasunak pandemia gainditzeko ezarritako jarraibideekin guztiz bat dator. Etorkizunera begira, Gipuzkoa berdeagoa, digitalagoa eta lehiakorragoa eraikitzeko prozesuan funtsezko papera jokatzen du”, esan du. Gaineratu duenez, Etorkizuna Eraikizek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak esku artean duten proiekturik garrantzitsuenetakoa da. “Anbizioz jokatu nahi dugu MUBILekin, eta Gipuzkoa zein Euskadi arlo honetan erreferente bihurtzeko giltzarri izatea espero dugu”, borobildu du.
Udalen gainbalio zerga
Bestalde, Aldundiak gaur onartu du Foru Dekretu-Arau Proiektua, Hiri Lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zerga Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziara egokitzen duena. Udalen gainbalio zerga bezala ezagunagoa da zerga hau. Zerga honen zerga-oinarria zehazteko erregulazioa oso antzekoa da foru-araudian eta Konstituzioaren aurkakotzat jo den Estatuko araudian eta, hori dela eta, hiru foru-aldundiek, segurtasun juridikoagatik eta premiaz, zergaren erregulazioa Konstituzio Auzitegiaren epaian adierazitakora egokitzea erabaki dute.
Mendozak gogoratu duenez, 2017. urteaz geroztik, eta Konstituzio Auzitegiaren beste epai baten ondoren, Gipuzkoan hiri-lurren balio gehikuntza eragiten ez duten egoerak ez dira zergapetzen. Hartara, balio-gehikuntzarik gertatu ez dela egiaztatzen bada, ez da zergapetzen. Orain berriz, Konstituzionalaren beste epai baten ondorioz, zerga-oinarriaren zehaztapena aldatu, eta higiezinen merkatuaren errealitatera hurbiltzen da araudi berriaren bidez. Praktikan, zerga-oinarri hori kalkulatzeko bi aukera egongo dira: bata katastroan oinarrituta (urtero berrituko diren koefiziente batzuk ezarriko dira), eta bestea benetako balio gehikuntzan.
Zergapekoen zein zerga likidatzen duten udalen segurtasun juridikoa babestu ondoren, EAEko erakundeek erabaki dute erakunde arteko lan-talde tekniko bat eratzea. “Talde horretan hiru erakunde-mailak egongo dira ordezkatuta, eta taldearen helburua izango da Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergaren erreforma harmonizaturako proposamen bat prestatzea”, esan du bozeramaileak. “Zerga berri honek, ahalmen ekonomikoaren printzipioa beteko du eta Udalen finantza-nahikotasuna ziurtatu”, nabarmendu du.
Foru arduradunak esan duenez, gaur gaurkoz, Udal-gainbalioaren zerga Gipuzkoako udalek kudeatzen dituzten bost zergetatik laugarrena da, zerga bilketaren ikuspegitik. Urtero 20-25 milioi euro jasotzen dituzte lurraldeko 88 udalek zerga honen bitartez. Denen artean, 1.000 milioi inguruko sarrerak dituzte eta, ondorioz, zerga honek udalen diru-sarreren %2 inguru suposatzen du.
2049