Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoako Urrezko Plaka jasoko du ASPEGIk

Gipuzkoako Urrezko Plaka jasoko du ASPEGIk

Elkarte honek emakume eta gizonen aukera berdintasunaren alde alor ekonomikoan egin duen lana aitortu nahi izan da.

2019/11/26

Diputatuen Kontseiluak erabaki du espedientea hastea Gipuzkoako Urrezko Domina, hots, Foru Aldundiak ematen duen bereizgarri gorena, Gipuzkoako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteari (ASPEGI) ematea. “Emakume eta gizonen aukera berdintasunaren alde elkarte hau egiten ari den lana aitortu nahi izan dugu, batez ere alor ekonomiko, sozial eta laboralean”, azaldu du foru bozeramaile den Eider Mendozak. Urrezko Plaka emateko ekitaldia abenduaren 18an egingo da, foru Jauregian.

            Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur, Aldundiaren Gobernu Kontseiluak hartu dituen erabakien berri emateko. Adierazi duenez, Urrezko Plakak balioko du Gipuzkoak ASPEGIrekin duen konpromisoa berresteko, “proiektu moderno bat bultzatzen jakin izan baitu gizarte justu eta berdinago bat lortzeko bidean”. Bide batez, foru bozeramaileak enpresa arloan eta esparru ekonomikoan dauden emakume guztiei hedatu nahi izan die aitortza.

“Aldundiak aitortu behar du ASPEGIk gure lurraldearen garapenaren alde egindako lana, enpresen efikazia eta eraginkortasuna bultzatuz enpresak osatzen dituzten pertsonen balioen sustapenaren bitartez, behar diren baliabideak bilatuta, eta, bereziki, emakumearen giza balioak eta balio sozial eta profesionalak lagunduz, defendatuz eta garatuz, enpresari, zuzendari eta profesional diren aldetik”, azaldu du foru arduradunak.

            ASPEGI irabazi asmorik gabeko elkartea da, 1998an sortu zena. Bere helburu nagusia emakumeen eta gizonen arteko aukera eta eskubide berdintasuna lortzea ekonomia, gizarte eta lan arloetan. “Egiten dituen jarduerekin, Gipuzkoako emakume enpresari, profesional eta zuzendarien lotura kate eta erakunde ordezkari izan nahi du, horien interesak babestuz, ordezkatuz eta sustatuz, enpresa, lanbide eta gizarte arloen garapenean eta lehiakortasunean”, azaldu du.

            Hori lortzeko, elkarteak ekimenak bultzatzen ditu emakumeak lan eta enpresa-munduan sartzea sustatu eta errazteko, eta haien ikusgarritasunaren alde egiteko. Honela, elkartearen helburua da gizarte justuagoa eta berdinagoa lortzen laguntzea, horretarako bere jarduketa eta eragin esparrua gero eta gehiago zabalduz. Gaur egun, ASPEGI Gipuzkoako 650 emakumek baino gehiagok osatzen dute, enpresa sektore eta lanbide arlo guztietakoak.

            Urrezko Domina (kasu honetan Plaka, kolektiboa delako) 1982an eman zen lehen aldiz, eta Aldundiak ematen duen errekonozimendu garrantzitsuena da. Historian zehar, hainbat izan dira aitortza hau jaso dutenak: Jose Miguel Barandiaran (1982), Donostiako Orfeoia (1985); Xabier Arzalluz, Pedro Luis Uriarte eta Carlos Garaikoetxea (2005); Pedro Miguel Etxenike, Itziar Astiasaran eta Andoni Egaña (2006); Mikel Laboa (2008); Angel Olaran (2010); Nestor Basterretxea (2013); Benito Lertxundi (2014); Juan Antonio Urbeltz (2015); Ramon Saizarbitoria (2016); frankismoaren biktimak eta beraien senideak (2017); y Jakin Taldea (2018).

 

BIC Gipuzkoa

Bestalde, Diputatuen Kontseiluak 150.000 euroko ekarpena onartu du BIC Gipuzkoaren alde, sozietate honen ohiko jarduera finantzatzeko. Entitate hau 1993 urtean sortu zen, eta bertan Aldundiak eta Eusko Jaurlaritza (SPRIren bitartez) daude ordezkatuta, erdibana. Honenbestez, bigarren erakunde honek ere ekarpen berdina egingo du. Sozietatearen xede nagusia da, alde batetik, enpresa berritzaileak sortzera bideratutako zerbitzuak ematea eta ekimenak sustatzea, eta, bestetik, jada Gipuzkoako Lurralde Historikoan dauden enpresak indarberritzea eta berrikuntza eta dibertsifikazioa sustatzea.

            “Gipuzkoarentzako garrantzia handia duen erreminta da, ekintzaileei eta enpresei berriei ematen dien laguntzari esker orain arte oso eraginkorra suertatu dena”, azaldu du Mendozak bere hitzaldian. Bere iritziz, eraginkortasun hau azaltzeko modurik onena “emaitzen bitartez” da. Honela, 2018 urtean BICek 39 proiektu berri garatzen lagundu zuen, eta barne ekintzailetzako beste 28 proiektu bultzatu zituen. Aldi berean, 41 startup sustatu zituen, eta aurreikuspenen arabera, datozen hiru eta bost urte artean 416 lanpostu eta 28 milioi euroko inbertsioak sortu dituzte. 2019an, berriz, 26 ekintzailetza proiektu babestu ditu, eta barne ekintzailetzako beste 31. Gainera, 20 enpresa berri bultzatu dira, 207 lanpostu eta 13 milioi euroko inbertsioak garatu dituztenak 3-5 urtetara. Etorkizunari begira, beste 25 proiektu ditu esku artean BIC Gipuzkoa, eta datorren urtean hasiko da hauekin lanean.

            “Biozientziak, fabrikazio aurreratua, mugikortasun modu berriak, energia, gastronomia digitala… dira proiektu hauek kokatzen diren sektoretako batzuk”, nabarmendu du Mendozak, honek guztiak etorkizuneko ekonomiari egiten dion ekarpena azpimarratuz. “Inguruko enpresa eta ekintzaileek dituzten beharrak aurreikusi, egokitu eta erantzuteko gaitasuna dauka BIC Gipuzkoak. Ondorioz, balio handiko erreminta da, lurraldean berrikuntza, prestakuntza eta enpresa jarduera bultzatzeko”, aldeztu du. Azkenik, gogoratu du elkarlanak sekulako garrantzia duela BIC Gipuzkoaren egunerokoan, ohikoa baitu zentro teknologikoekin, erakunde publiko eta pribatuekin, unibertsitateekin et abarrekin lankidetza aritzea. “Bere lan egiteko modua bat dator Aldundiak eta Etorkizuna Eraikiz ekimenak defendatzen duten gobernantza ereduarekin eta, aurrera begira, indartzen jarraituko dugun proiektua da”, amaitu du.

  

1806