Gipuzkoako zerga bilketa % 6,5 igo da 2023an
Gipuzkoako zerga bilketa % 6,5 igo da 2023an
Urteko zerga bilketa metatua 5.960 milioi eurokoa izan da, joan den urtean baino 362 milioi gehiago
Gipuzkoako zerga bilketa metatuak % 6,5 egin du gora, iazkoarekin alderatuta. Guztira, 5.960 milioi euro bildu dira, 2022an garai berean bildu zena baino 362,2 milioi gehiago. Diru sarrera osoak % 3,1 igo dira eta itzulketak, % 7,4 jaitsi. Zuzeneko zergen bilketa likidoak % 13,1 egin du gora, zeharkako zergenak % 2,4, eta Estatuarekiko doikuntzenena % 5,6 jaitsi da.
Abendura arte izandako bilakaera positiboa arlo hauetan izandako diru sarreren igoerak ekarri du: lan etekinen gaineko atxikipenak, BEZa, PFEZaren kuota diferentziala, sozietateen gaineko zergaren kuota diferentziala eta kapital higigarriaren etekinen gaineko atxikipenak. Era berean, emaitza horiek lortzeko orduan zeresan handia izan dute BEZaren eta sozietateen kuota diferentzialaren itzulketetan eta zerga berezien Estatuarekiko doikuntzengatiko ordainketetan egon diren murrizketek. Aitzitik, BEZaren doikuntzetako sarrerak murrizteak (bai lurralde arteko doikuntzengatik, bai Estatuarekiko doikuntzengatik), PFEZaren kuota diferentzialaren itzulketak handitzeak eta ondare irabazien gaineko atxikipenetako sarrerak jaisteak eragin negatiboa izan dute bilketa metatuan.
Zerga bilketa xehatuz gero, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari (PFEZ) dagokionez, ikusten da lan etekinen gaineko atxikipenen kasuan, zerga bilketa 168,3 milioi euro igo dela, hau da, joan den urtean baino % 8,5 gehiago. PFEZaren bilketa garbiari dagokionez, 231,8 milioi euro gehiago bildu dira, alegia, iazko datuekin alderatuta, % 10,8 gehiago. Sozietateen gaineko zergari dagokionez, enpresa mozkinak zergapetzen dituen kuota diferentzial garbiaren diru sarreretan 2022an baino 101,2 milioi gehiago lortu dira. Izan ere, diru sarrera gordinak 53,2 milioi gehiago izan dira eta itzulketak, 47,9 milioi gutxiago.
Foru Aldundiak kudeatutako BEZari dagokionez, bilketa metatua % 5,4 igo da, aurreko urteko aldi berean baino 75,4 milioi euro gehiago. Hala, Gipuzkoako sarrerak 147,8 milioi igo dira (+% 8,8), itzulketak 104,6 milioi jaitsi dira (-% 9,8) eta lurraldeen arteko doikuntzak 177 milioi jaitsi dira (-% 22,1).
Zerga berezien bilketa erlatiboa % 2,1 hazi da tabakoaren kasuan, hots, aurreko ekitaldian baino 2,4 milioi gehiago; hidrokarburoen gaineko zerga, berriz, % 2,5 jaitsi da, hau da, 12,5 milioi euro gutxiago. Plastikozko ontzi ez-berrerabilgarrien gaineko zerga berezi berriari dagokionez, abendura bitarteko bilketa 3,8 milioi eurokoa izan da.
Azkenik, Estatuarekiko doikuntzei buruzko kapituluan, 2022arekin alderatuz, zerga bilketa metatua 75,2 milioi euro jaitsi da BEZan, eta 33,4 milioi hobetu da zerga berezietan. Hemen nabarmentzekoa da inportazioen BEZagatiko doikuntza 91,5 milioi murriztu dela; eta hidrokarburoen doikuntzetan, aurreko urteko likidazioagatik 26,1 milioi gutxiago ordaindu da.
Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako diputatuak balantze positiboa egin du egungo zerga bilketaren zifrei dagokienez, eta azaldu duenez, "2023an, nahiz eta tentsio geopolitikoak egon eta esportatzen ditugun herrialde nagusien ekonomia mantsotu, Gipuzkoako sare ekonomikoak dinamismoari eutsi dio". Halaber, gaineratu duenez, "zalantzazko une hauetan, zuhurtzia eta neurritasuna funtsezko bi elementu dira, babestu beharrekoak, baina, era berean, hobetzen jarraitzeko gure gaitasunetan konfiantza izaten jarraitu behar dugu". Amaitzeko, "ez dakigu 2024ak zer ekarriko digun, baina behar adina anbizio izaten jarraitu behar dugu, bai administrazioak, bai ehun ekonomikoak eta gizarteak, gure sare ekonomikoaren lehiakortasuna eta, ondorioz, gure ongizate ereduaren lehiakortasuna finkatzen lagunduko duten aukerak sortzen jarraitzeko" gaineratu du Peronak.
2058