Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoako zerga bilketa metatua %1,9 jaitsi da martxora arte, aurreko urtearekin alderatuta

Gipuzkoako zerga bilketa metatua %1,9 jaitsi da martxora arte, aurreko urtearekin alderatuta

Gipuzkoako Foru Ogasunak 2018an baino 15 milioi euro gutxiago batu ditu

2019/04/12

Zerga bilketa metatua %1,9 jaitsi da Gipuzkoan martxora arte, aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Guztira 784 milioi euro bildu dira eta, ondorioz, 2018ean baino 15 milioi euro gutxiago batu dira. Aldaketa azaltzen duten arrazoiei begiratuta, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) eragin adierazgarria izan dute amatasun eta aitatasun prestazioen itzulketek, nahiz eta lan etekinen gaineko atxikipenak hazi egin diren. Behera egin du baita ere Sozietateen gaineko Zergaren bilketak, eta alor positiboan, berriz, Balio Erantsiaren gaineko Zergak (BEZ) izan duen hazkundea nabarmendu behar du. 
Ogasun eta Finantza diputatuak, Jabier Larrañagak, gogoratu du urte hasierako datuak ez direla oso adierazgarriak izaten eta, ondorioz, esan du oraindik goiz dela ondorioak ateratzen hazteko: “Kanpaina nagusiak uda partean egiten ditugu (Errenta, Sozietateen gaineko Zerga eta Ondarea) eta oraindik ez gara hasi lurralde arteko doikuntzekin, ezta Estatukoekin ere. Orain artekoa, beraz, urte osokoaren %15 inguru izan ohi da, eta ohikoak dira mota honetako gora beherak”. 
Errentaren gaineko zergaren esparruan, lan atxikipenen atalean 14 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%3,5). Bestalde, gora egin dute kapital higikor eta higiezinen atxikipenek, 2,8 milioi (+%22,2) eta 0,2 milioi (+%2,6), eta behera egin dute ondare irabazien gaineko atxikipenek, 12 milioi euro gutxiago bildu baitira (-%77,5). Honela, PFEZ bere osotasunean hartuta ere emaitza negatiboa da, pasa den urtean baino 9 milioi gutxiago batu dira eta (-%2).
Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiak, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kontzeptua, 2,6 milioi euro gutxiago bildu ditu: sarrera gordinak 5,5 milioi euro gutxitu dira, eta itzulketak 2,8 milioi eurotan murriztu dira. Azkenik, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %3,4 igo da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 8,3 milioi euro gehiago: 4,7 milioitan hazi dira sarrerak (+%1,3) eta itzulketak 3,5 milioitan jaitsi da (+%2,9). 

DGN.actualidad.detalle.adjunto:

  

2190