Gipuzkoako zerga bilketa metatua %3,6 hazi da irailera arte, aurreko urtearekin alderatuta
Gipuzkoako zerga bilketa metatua %3,6 hazi da irailera arte, aurreko urtearekin alderatuta
Gipuzkoako Foru Ogasunak 2017an baino 106 milioi euro gehiago batu ditu
Gipuzkoako zerga-bilketa metatua %3,6 hazi irailera arte, pasa den urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Zehazki, 2017an baino 106 milioi euro gehiago batu dira eta, guztira, 3.052 milioi euroko zerga-bilketa garbia izan du Gipuzkoak. Hazkundea, batez ere, zerga nagusiek izandako bilakaera positiboek azaltzen dute: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ), Sozietateen gaineko Zerga eta Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ). Eragin negatiboa izan duten elementuen artean, BEZarekin zerikusia duten bi kontzeptu aipatu behar dira: itzulketen hazkundea, eta Estatuarekin egiten diren doikuntzak murriztea.
Ogasun eta Finantzetako foru diputatu den Jabier Larrañagak azaldu du irailera arteko datuek Gipuzkoa helburua betetzetik gertuago uzten dutela, azken Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan goraka berrikusi zirenak. “Gure eskumena diren zerga zuzenak %8,3 hazi dira urteko lehen bederatzi hilabeteetan, benetan zifra esanguratsua”, nabarmendu du. Hala ere, gogoratu du aurreikuspenek ekonomia moteltzea aurreikusi dutela urtearen azken hiruhilekorako eta, hori dela eta, lanean jarraitu behar dela esan du, urtea ezarritako helburuetara iritsiz bukatzeko.
Zergaz zerga, eta Errentaren gaineko zergarekin hasiz, foru Ogasunak pasa den urtean baino 64 milioi euro gehiago (+%6,2) bildu ditu lan etekinegatik. Ondare irabazien gaineko atxikipenak, berriz, 7,2 milioitan hazi dira (+%58,4). Gora egin dute baita ere kapital higikor eta higiezinen gaineko atxikipenek ere, 0,1 milioi euro (+%0,3) eta 0,6 milioi (+%3,2), hurrenez hurren. Honela, PFEZaren saldo globala ere positiboa da, pasa den urtean baino 97 milioi euro gehiago (+%9,3) bildu baitira irailera arte.
Sozietateen gaineko Zergari dagokionean, enpresa irabaziak zergapetzen dituen kuota diferentzial garbia 6 milioitan murriztu da: sarrera gordinak 10,5 milioi eurotan egin zuten behera, eta itzulketak ere 4,6 milioi eurotan murriztu ziren. Zerga berezien arloan, bere aldetik, Tabako Laboreen gaineko Zergak 5 milioi euro gehiago bildu zituen (+%5,7), eta Hidrokarburoen gaineko Zerga 7,2 milioi eurotan hazi zen (+%3,5).
Bestalde, Foru Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionean, zerga bilketa %7,2 hazi zen, hau da, aurreko urtean baino 56,8 milioi euro gehiago: sarrerak 52,7 milioi eurotan hazi ziren (+%5,1), 35,4 milioi euro gehiago itzuli ziren (+%8,1) eta 39,5 milioi gehiago jaso ziren lurralde arte doiketagatik (+%19,9). Azkenik, Estatuarekin egiten diren doiketen esparruan, bi adierazle nagusiak negatiboak dira: BEZaren doiketak 79,1 milioi eurotan murriztu dira (-%22), eta zerga berezienak ere 11,9 milioi eurotan egin dute behera.
DGN.actualidad.detalle.adjunto:
2056