Gipuzkoako zerga bilketa metatua %3,9 hazi da uztailera arte, aurreko urtearekin alderatuta
Gipuzkoako zerga bilketa metatua %3,9 hazi da uztailera arte, aurreko urtearekin alderatuta
Gipuzkoako Foru Ogasunak 2017an baino 85 milioi euro gehiago batu ditu
Zerga bilketa metatua %3,9 hazi da Gipuzkoan uztailera arte, aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Zehazki, 2017ean baino 85 milioi euro gehiago batu dira. Zerga nagusiek bilakaera positiboa izan dute, hala nola, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ), Sozietateen gaineko Zerga eta Balio Erantsiaren gaineko Zergak (BEZ). Aitzitik, eragin negatiboa izan duten kontzeptuen artean, nabarmentzekoa da BEZaren Estatuarekiko doikuntzak jaitsi izana. Ogasun eta Finantza diputatuak, Jabier Larrañagak, ekonomiaren bilakaera positiboan jarri du azpimarra, enplegu eta soldaten hobekuntza nabarmenduz.
Zergaz zerga, eta Errentaren gaineko zergaren esparruan, lan atxikipenen atalean 44 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%5,7). Gora egin dute baita ere ondare irabazien gaineko atxikipenak, 8 milioi euro gehiago bildu baitira (+%79,8), eta kapital higikorren etekinen atalean, bere aldetik, 0,7 milioi gehiago jaso dira (+%2,8). Honela, PFEZ bere osotasunean hartuta emaitza positiboa da, pasa den urtean baino 75 milioi gehiago batu dira eta (+%10,1).
Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, 30 milioi euro gehiago bildu dira (+%29). Zehazki, kuota diferentzial garbiak, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kontzeptuak, 10,8 milioi euro gehiago bildu ditu: sarrera gordinak 16,1 milioi euro gutxitu dira, eta itzulketak 26,9 milioi eurotan gutxitu dira. Azkenik, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %6,9 igo da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 43,5 milioi euro gehiago: 33,5 milioitan hazi dira sarrerak (+%4,3), itzulketak 29,4 milioitan igo (+%8,6) eta lurraldeko arteko doikuntzak 39,5 milioitan hazi dira (+%19,9).
2249