Gipuzkoako zerga bilketa metatua %9,5 hazi da ekainera arte, aurreko urtearekin alderatuta
Gipuzkoako zerga bilketa metatua %9,5 hazi da ekainera arte, aurreko urtearekin alderatuta
Foru erakundeak aurreko urtean baino 133,8 milioi euro gehiago bildu ditu.
Zerga bilketa metatua %9,5 hazi da Gipuzkoan ekainera arte, aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Guztira 1.536,3 milioi euro bildu dira eta, ondorioz, 2020an baino 133,8 milioi euro gehiago jasoz. Iaz, apirilean eta maiatzean, zerga-bilketa nabarmen jaitsi zen COVID-19 gaitzaren pandemiari aurre egiteko hartutako erabakiengatik, batez ere aitorpenen atzeraketaren, gerorapenen eta itzulketak indartzearen eraginez; galera hauen eragina, zati handi batean, ekainean berreskuperatu zen gero. Ondorioz, hilabete honetako alderaketa homogeneoagoa da, pasa den urtean hartutako ezohizko neurriak ez dutelako aurreko hilabetetako neurri berean distortsionatzen alderaketa. Bestalde, 2021eko lehen seihilekoa 2019 urtekoarekin alderatuz gero, 50,7 milioi euro gutxiago jaso dira (-%3,2).
2021 eta 2020 urteen arteko alderaketara itzulita, sarrera gordinak %6 handitu dira, eta itzulketak %0,6 murriztu. Zuzeneko zergak %11,4 hazi dira, zeharkako zergak %7,3 eta Estatuarekiko doikuntzak %3,1. Zergaz zerga, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarekin hasita, lan atxikipenen atalean 69,6 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%8,6), zati batean maiatzean izandako ezohizko sarrera batzuen eraginez. Honela, PFEZa bere osotasunean hartuta, %8,1 handitu da bilketa aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 52,9 milioi euro gehiago. Bestalde, Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kuota diferentzial garbiak 15,7 milioi euro gehiago jaso ditu: sarrera gordinak 17,2 milioi euro igo dira, eta itzulketak 1,5 milioi eurotan hazi dira.
Bestalde, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %1,9 igo da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 7,2 milioi euro gehiago: 4,1 milioitan igo dira sarrerak (+%0,6); itzulketek 8,6 milioi eurotan murriztu dira (-%2,3); eta lurraldeen arteko doikuntzak 5,5 milioi eurotan jaitsi dira (-%7,3). Bere aldetik, zerga berezien atalean Hidrokarburoen gaineko Zergaren bilketa %34,3 igo da, hau da, 28 milioi euro gehiago aurreko urtearekin alderaketa; eta Tabako Laboreen gaineko Zerga %18,7 jaitsi da, 10,6 milioi euro gutxiago bildu baitira. Azkenik, Estatuarekin egiten diren doikuntzetan bilketa metatua, joan den urteko epe beraren aldean, 3,5 milioi handitu da BEZan eta 1,6 milioi okertu da zerga berezietan.
1959