Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoan 398 heriotza zenbatu ziren gehiegizko tenperaturagatik 2015 eta 2023 artean

Gipuzkoan 398 heriotza zenbatu ziren gehiegizko tenperaturagatik 2015 eta 2023 artean

2023. urtea bigarren urterik beroena izan da Gipuzkoan; tenperaturei zein patroi meteorologikoei eragiten dien joera finkatuz, biztanleriaren osasunean zuzeneko eta zeharkako ondorioak eraginez.

2024/10/04
Informe Naturklima

Txostenak azpimarratzen du klima-aldaketa jada mehatxu zehatza dela osasun publikoarentzat. Zehazki, Gipuzkoan, 2015 eta 2023 artean, gehiegizko tenperaturak 398 heriotza eragin zituen, eta horietatik % 96 65 urtetik gorakoak izan ziren.

Urteko prezipitazioa parametroen barruan mantendu bazen ere, 1981-2010 aldikoa baino % 4,1 txikiagoa izan zen.

Donostia, Irun eta Arrasate dira hiri-dentsitate handiari, berdeguneen eskasiari eta lurzoru artifizializatuaren ehuneko handia dela eta tenperaturak igotzeko arriskurik handiena duten hiri-eremuak, eta horrek beroaren inpaktua handitzen du.

José Ignacio Asensio: “Txosten honetako datuek berresten dute klima-aldaketak eragina duela gure lurraldean eta gure herritarren osasunean. Klima-aldaketaren aurka borrokatzeko Gipuzkoako estrategia funtsezkoa da ondorio horiek arintzeko eta gure herritarren osasuna babesteko, gaur egun eta etorkizunean”.

Diputatu nagusiorde eta Naturklimako presidente José Ignacio Asensiok eta Naturklimako zuzendari Xabier Estebanek klima-aldaketak Gipuzkoan duen eraginari eta kalteberatasunari buruzko bosgarren txostena aurkeztu dute gaur goizean. Naturklimak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak egin dute. Txosten berri honek berretsi egiten du berotze globalaren eta horrek lurraldean dituen ondorioen egoera kezkagarria. Txostenak agerian uzten du 2023. urtea bigarren urterik beroena izan zela Gipuzkoan, eta tenperaturei zein patroi meteorologikoei eragiten dien joera finkatu dela, herritarren osasunean zuzeneko eta zeharkako ondorioak eraginez.

Horri dagokionez, José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak azpimarratu du premiazkoa dela txostenean adierazitako erronkei aurre egitea: “Txosten honetan aurkeztutako datuek berresten dute klima-aldaketak eragina duela gure lurraldean eta gure herritarren osasunean. Ezin dugu beste aldera begiratu; ahalegin handiagoa egin behar dugu trantsizio energetikoan, gure azpiegituren egokitzapenean eta kolektibo ahulenen babesean. Gipuzkoak ekintza zehatz eta lankidetzazkoen bidez gidatu behar du berotze globalaren eraginak murrizteko, gure ingurunea babesteko eta guztiontzako etorkizun seguruagoa bermatzeko”.

Maila globalean, 2023 izan da historiako urterik beroena, eta batez besteko tenperatura industriaurreko garaikoa baino 1,45 ºC handiagoa izan da. Gipuzkoan, estazio meteorologikoek 14,2 ºC-ko batez besteko tenperatura izan dute, hau da, 0,67 ºC-ko igoera azken 30 urteetako batezbestekoarekin alderatuta, eta 0,75 ºC-koa 1981-2010 aldiarekin alderatuta. Datu horren arabera, 2023a 2022aren atzetik baino ez dago; izan ere, 2022. urtea izan zen urterik beroena. Txostenak nabarmentzen duenez, tenperatura maximoak eta minimoak azkenaldiko historiako altuenen artean daude, eta argi eta garbi gora egin duela erakusten du, berotze globalaren aurrean lurraldeak duen kalteberatasuna azpimarratuz.

Txostenak Gipuzkoako prezipitazioak 2023an izan duen bilakaera ere aztertu du. Urteko prezipitazioa normaltzat jotako parametroen barruan mantendu bada ere, batez besteko historikoa (1981-2010) baino % 4,1 txikiagoa izan zen. Egoera horrek, epe luzera kezkagarria ez bada ere, agerian uzten du patroi meteorologikoak hurrengo urteetan areagotu daitekeen aldakortasun bati lotuta daudela.

Txostenak nabarmentzen duen beste alderdi bat Bizkaiko golkoko ozeanoaren egoera da; izan ere, 80ko hamarkadatik, azaleko urak +0,20 ºC eta +0,26 ºC arteko erritmoan berotu dira hamarkada bakoitzean. Itsas tenperaturaren igoera horrek itsas bero-boladen kopurua, intentsitatea eta iraupena nabarmen handitzea ekarri du. Fenomeno horiek itsas ekosistemetan ez ezik, giza jardueretan eta tokiko ekonomian ere eragiten dute. Gainera, itsasoaren mailak 2,5 cm-ra igotzen jarraitzen du hamarkada bakoitzeko 90eko hamarkadatik. Adierazle kezkagarri horrek arriskuak planteatzen ditu lurraldeko kostaldeko eremuetarako.

Pertsonen osasun eta ongizaterako inplikazioak

Aldaketa horien eraginak ingurune naturalari eragiteaz gain, ondorio sakonak ditu pertsonen osasunean eta ongizatean. Gipuzkoako klima-aldaketaren inpaktuari eta kalteberatasunari buruzko txostenak azpimarratzen du klima-aldaketa mehatxu zehatza dela jada osasun publikoarentzat. Muturreko fenomenoak, hala nola bero-boladak, gero eta maizago eta intentsitate handiagoz gertatzen ari dira, eta gero eta arrisku handiagoen eraginpean jartzen dituzte gipuzkoarrak. Osasunaren Mundu Erakundearen kalkuluen arabera, klima-aldaketak 250.000 heriotza gehiago eragingo ditu 2030. eta 2050. urteen artean, gaixotasunak eta bizi-baldintzak aldatzearen ondorioz.

Gipuzkoan, 2015-2023 aldian, gehiegizko tenperaturari egotz dakiokeen 398 heriotzako hilkortasuna aurreikusten da. Muturreko tenperaturek gehien eragindako adin-taldea 65 urtetik gorakoena da, 382 hildakorekin, hau da, lurraldeko heriotzen % 96. Datuen arabera, hildako emakumeen kopurua gizonena baino handiagoa da ( % 54,6), eta bereziki kaltebera da 85 urtetik gorakoen adin-taldea (186 emakume eta 71 gizon). 2023an izan zuen beroak eragin handiena hilkortasunean, 2022an baino % 273,7 gehiago, eta osasunaren gaineko eragin-atalasearen tenperatura % 30 gehiago gainditu zen.

Gipuzkoan, Donostia, Irun edo Arrasate bezalako hiriguneak dira kalteberenak tenperaturak igotzearen aurrean, hiri-dentsitatea, berdeguneen eskasia eta lurzoru artifizializatuaren ehuneko handia direla eta, eta horrek beroaren inpaktua handitzen du. Aitzitik, landa-eremuek kalteberatasun txikiagoa dute, berotzearen ondorioak moteltzen dituzten naturgune zabalak daudelako.

Era berean, txostenak bektoreek transmititutako gaixotasunen arrisku gero eta handiagoaz ohartarazten du, hala nola eltxo tigrea eta ardiaren kaparra. Azken horien habitata handitu egin da lurraldean, tenperaturak igo egin direlako. Dagoeneko Gipuzkoan dauden bektore horiek tokiko biztanleriari eragiten dioten gaixotasunen hedapenaren erantzule izan daitezke, eta horien intzidentzia handitu egin daiteke datozen urteetan, arintzeko neurri egokiak hartzen ez badira.

Laburbilduz, Gipuzkoako klima-aldaketaren inpaktuari eta kalteberatasunari buruzko txostenak errealitate kezkagarri bat islatzen du: berotze globalak eragin nabarmena du bai ingurumenean, bai Gipuzkoako biztanleen osasunean. Tenperaturen igoera, prezipitazioaren aldaketak eta bektoreen hedapenari lotutako arriskuak mehatxua dira, etorkizunerantz proiektatzen dena, eta modu desberdinean eragiten die biztanleria-talde eta lurralde-eremu desberdinei.

  

268