Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoan egingo da egunotan Europako kongresurik garrantzitsuena biozientzien enpresa-arloan

Gipuzkoan egingo da egunotan Europako kongresurik garrantzitsuena biozientzien enpresa-arloan

BioEquity Europek, Ane Insausti diputatuaren arabera, lurraldea eta Euskadi indartzen ditu nazioartean sektore horretako “erreferente” gisa

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gaurtik aurrera, Gipuzkoan BioEquity Europe kongresua egingo da, Europan biozientzien sektorean nabarmentzen diren enpresen eta inbertsio-eragileen arteko topagune garrantzitsuena, lurraldearentzat eta Euskadirentzat estrategikoa, espezializazio adimenduneko RIS3 estrategiaren barruan. Espero da 25 herrialdetatik etorritako mila pertsonak baino gehiagok parte hartzea gaur eta bihar bitartean programa ofizialaren barruan antolatutako jardueretan, horien artean arlo horretan nabarmentzen diren 100 start up baino gehiagoko ordezkariak. Kongresuak 24. edizioa du, eta Foru Aldundiaren babesa du. Foru erakundeko ordezkariek iazko maiatzean jaso zuten lekukoa Dublinen, batzorde antolatzailearen eskutik.

Bi egun hauetan zehar, mahai-inguru, panel eta hitzaldi ugari egingo dira enpresek beren proiektuak ezagutarazteko, eta sektorearen joera eta erronka nagusiak aztertzeko. Gainera, start up eta inbertitzaile espezializatuen arteko aurrez-aurreko lan topaketa ugari egingo dira. Donostiako Kursaalen gaur ospatutako irekiera ekitaldian, antolatzaileek, Biocenturyk eta EBD Groupek, ongietorria eman diete parte-hartzaileei, eta Gipuzkoan eta Euskadin sektore horren alde egindako apustu instituzionalaren balioa nabarmendu dute. Ane Insausti Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako diputatua, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua eta Eneko Goia alkatea izan dira bertan, besteak beste.

Bere hitzaldian, Insaustik azpimarratu du ez dela “kasualitatea” Kongresu honen antolatzaileek Gipuzkoa eta Euskadi helmuga gisa aukeratzea. “Hemen ikerketa, talentu, ekintzailetza eta lidergo instituzionaleko ekosistema bat dagoelako erreparatu diote gureari. Alde horretatik, ondo egindako lanaren aitorpena da, eta Europa mailan biozientzietan erreferente gisa kokatzen gaituen mugarria. Oso garrantzitsua da, urteak baitaramatzagu sektore hau elkarlanean bultzatzen, balio erantsi handiko jarduera ekonomikoa sortzeko eta gure osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko duen gaitasunagatik”.

Diputatuaren hitzetan, Bioequity “abagune ezin hobea” da, hainbat arrazoirengatik: “Lehenik eta behin, erreferentziazko erakusleiho bat da, gure gaitasunak erakusteko, gure enpresek laguntza espezializatuak eskura ditzaten, eta inbertsioa eta/edo proiektu berritzaileak erakartzeko. Bigarrenik, gure enpresa-proiektuak hazteko bultzatzen ari garen zero kilometroko inbertsio-industria horretarako lankidetza-aukera berriak ireki ditzake, eta hori funtsezkoa izan da BioEquity hemen antolatzeko. Hirugarrenik, GANTT estrategia indartzeko aukera ematen digu. Estrategia horren bidez, nazioartean kokatu nahi dugu Gipuzkoa industria-orientazioko terapia aurreratuetan. Eta, azkenik, funtsezkoa da jakiteko sektoreak nondik hartzen duen arnasa, zein diren azken joerak eta zein diren puntako praktika egokienak”, zehaztu du. “Azken batean, aukera berriak sortzeko foro bat da, eta ilusio handia dugu oraindik lor daitezkeen fruituen aurrean”.

  

1806