Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoan harrera integral komunitarioa lantzeko gida aurkeztu die Aldundiak lurraldeko udalei

Gipuzkoan harrera integral komunitarioa lantzeko gida aurkeztu die Aldundiak lurraldeko udalei

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Aniztasuneko II Foru Planaren testuinguruan landutako gidak helburu du kulturarteko esku-hartze eta harrera komunitarioak gauzatzeko irizpideak jaso eta zabaltzea.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz Gunea espazioan bildu dira Gipuzkoako 17 udalerrietako ordezkari eta aniztasun arloko teknikariak. Goiz osoan zehar egindako jardunaldiaren helburua izan da Harrera Integral Komunitarioa izeneko hausnerketarako dokumentua aurkeztea, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubide eta Kultura Demokratikoko eta Gobernu Oneko eta Berrikuntza Politiko-sozialeko zuzendaritzek elkarrekin landu dutena, migrazio eta partaidetza teknikarien ikuspegiak uztartuz.

Gida honetan, Gipuzkoako udalerrietan harrera komunitario integralak gauzatzeko eta kulturarteko esku-hartzeak aurrera eramateko irizpide eta gakoak biltzen dira, “aniztasuna balio errotua delako gurean, eta zentzu horretan aurrerapausoak ematen jarraitzeko apustu irmoa eta partekatua egiten dugu”, azaldu du Ion Gambrak, Giza Eskubide eta Kultura Demokratikoko foru zuzendaria denak.

Bi ideietan jarri da azpimarra gida hau osatzerakoan: alde batetik, giza eskubideetan oinarritutako ikuspegi batetik, harrera-ibilbideak auzoetako eta udalerrietako bizi baldintzak hobetu eta gizarte inklusiboagoa eta kohesionatuagoa eraikitzeko eragin beharko lukeela; eta beste alde batetik, Gobernu Oneko eta Berrikuntza Politikotik sustatzen den ekintza komunitarioa izatea, herritarren inplikazioa eta protagonismoa bilatuz eta erraztuz. Premisa horiek oinarri hartuta, hasierako abiapuntu bat marrazten du gida honek, uneko testuinguruan egindako ekarpen eta amankomuneko gogoetetatik sortua izan dena, eta ekarpen berriei irekita dagoena.

Zehazki, lau zutabe bereizten dira harrera-ibilbideak diseinatzerako irizpideak biltzerako orduan, galdera-gakoetan zehaztuta. Lehena udalaren rola definitzea litzateke, lidergo eta konpromisoa, ikuspegia, tokiko errealitatearen ezagutza, barne-antolaketa eta elkarlana, eta beste erakundeekiko elkarlana kontuan hartuz. Bigarrena, pertsona etorri berrien harrera eta ahalduntzea definitzean datza, pertsona hauen lehen harrera, oinarrizko beharrak, behar emozionalak eta erlazionalak, tokiko harremanak eta partaidetzarako aukera berdintasunak identifikatuz. Hirugarren eta laugarren zutabeak, harrera komunitatea sendotzea eta harrera espazioak bermatzea izango lirateke, komunitatearen ezaugarriak, norbanakoen jarrera, pertsonen arteko harremanak eta espazioak kontuan hartuz.

Jardunaldian zehar, gainera, harrera-ibilbide integralak diseinatzeko gakoez gain, praktika onak eta Bilboko Errekalde auzoko adibidea ere plazaratu dira. Zehazki, ‘Auzoak Abian’ ekimena azaldu du Carlos Regidor Bilboko Udaleko Bizikidetza eta Kulturartekotasuneko atal-buruak. Gainera, Ordiziako udaleko Aniztasun zerbitzuko Izan Zentroko Ainara Ormaetxeak, eta Asteasuko udal teknikaria den Axi Bagliettok ere, euren udalerrietako adibideak ekarri dituzte eta praktika on gisa aurkeztu dira.

Lanketa hau, Ion Gambrak jardunaldiaren hasieran gogora ekarri duen bezala, Aniztasuneko II Foru Planaren esparruan kokatzen da, baita Europear Aniztasun

Hilabetearen baitan ere, urtero maiatzan egiten dena, eta helburu duena giza eskubideen errespetuan oinarritutako aniztasunaren ikuspegia sustatzea, eta zentzu horretan elkarturik aurrera egitea.

  

2471