Breadcrumb

Asset Publisher

Back Donostian jokatuko da emakumezkoen eskubaloiko Espainia-Alemania norgehiagoka

Donostian jokatuko da emakumezkoen eskubaloiko Espainia-Alemania norgehiagoka

Europako Txapelketaren sailkapenerako partidua jokatuko da martxoaren 24an.

  • Espainia eta Alemaniako selekzioen arteko norgehiagoka datorren martxoaren 24an, 20:00etan, jokatuko da Donostian (José Antonio Gasca Udal Kiroldegian). Emakumezkoen Eskubaloiko Europako Txapelketaren sailkapenerako partidua izango da, eta txapelketa Frantzian jokatuko da azaroaren 30etik abenduaren 16ra.
  • “Gerlariak” etortzeaz gain, partiduaren antolatzaileek eskubaloiari buruzko jardunaldia prestatu dute: torneo bat egingo da eta “fanzone” bat egongo da zaleek ongi pasa dezaten.
  • Denis Itxaso: “Mota honetako apustuak egin behar ditugu, emakumezkoen kirolak talentuarekin, lehiarekin eta espektakuluarekin lotura handiagoa izateko. Jendarte osoa erakartzea lortu behar dugu. Emakumezkoen kirolak erakundeek eskain diezaioketen arretarik handiena behar du”.

Datorren martxoaren 24an Gipuzkoan jokatuko da urteko kirol-ekitaldi erakargarrienetako bat: Emakumezkoen Eskubaloiko Europako Txapelketarako sailkapen-faserako partidua. Txapelketa urte amaieran jokatuko da Frantzian. Norgehiagoka “Gerlariek” Sttutgarten alemaniarren aurka jokatu eta hiru egunetara jokatuko da eta funtsezkoa izango da Taldeko buru zein izango den jakiteko. Gerlariek lau puntu dituzte, Turkia eta Lituanari irabazi ostean, eta Alemaniak hiru puntu ditu. Lehenengo bi sailkatuek jokatuko dute Europako Txapelketa Frantzian.

Norgehiagoka Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bera Bera Taldeak eta Piolet kirol-kudeaketarako enpresak antolatu dute eta Kirolbet (babesle nagusia), Roxtec eta Donostia Turismoaren babesa du. Horri esker, Gipuzkoak eskubaloiarekin duen lotura historikoa sendotuko da. Probintziako jokalari asko daude selekzioan, eta nabarmentzekoak dira Amaia Ugartemendia, Izaskun Mujika, Ane Eizagirre, Esme López, Susana Fraile, Tati Garmendia, Eider Rubio, Nely Carla Alberto, eta gaur egun, Maitane Etxeberria. Gainera, ez da lehenengo aldia gure lurraldean emakumezkoen eskubaloiko nazioarteko halako ekimena egiten dela; 2013-14 denboraldian Josean Gasca kiroldegi berean jokatu zen Champions League txapelketako taldekako fasea –Larvik, Varda eta Podravka taldeak etorri ziren, besteak beste−. Txapelketa horren aurreko fasea ere bertan egin zen 2016ko irailean.

Denis Itxaso Kultura eta Kiroletako diputatuak adierazi duenez, “norgehiagoka Gipuzkoan izateak, gure lurraldea kirol eta turismo mailan nabarmentzeaz gain, agerian jartzen du emakumezkoen kirola hartzen ari den garrantzia. Emakumeak eliteko kirolean dagokion lekua hartzen gogor lanean jarraitzen dugu. Bi selekzioek asko dute jokoan partidu honetan, eta horri esker gure lurraldean prestatzen ari diren kirolariek gertutik ikusiko dituzte lehen mailako jokalariak, jarraitzeko ereduak izan daitezke haientzat eta etorkizunera begira haien ibilbidean islatuta ikus daitezke”.

Aipatu partiduaz gain, antolatzaileek eskubaloiari zuzendutako jardunaldi oso bat prestatu dute: gazteenentzako torneoa egingo da, “fanzone” bat egongo da eta bertan egongo dira SUPER AMARA Bera Berako jokalariak eta zaleentzako beste gune bat ere ipiniko da.

Sarrerak Taldearen webgunearen bitartez eskatu ahal izango dira eta prezioa 5 eurokoa izango da 8 urtetik beherakoentzat, 12 eurokoa 18 urtetik beherakoentzat eta 18 euroko helduentzat.

  

1523