Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoan lan egin nahi duten 400 talentu gazte eta 40 enpresa konektatu ditu Gipuzkoa Talent-ek

Gipuzkoan lan egin nahi duten 400 talentu gazte eta 40 enpresa konektatu ditu Gipuzkoa Talent-ek

Donostiako Reale Arenan egin da gaur topaketaren laugarren edizioa, arrakasta handiarekin.

Nazioarteko esperientzia handia eta kualifikazio maila handia duten 400 pertsona inguruk aukera izango dute lurraldeko 40 enpresak eskaintzen dituzten lana eta lan aukerak bertatik bertara ezagutzeko, Gipuzkoa Talent Forumen laugarren edizioan, Gipuzkoako Foru Aldundiak talentua sortzeko, erakartzeko eta atxikitzeko duen estrategiaren barruan urtero antolatzen duen foroan. Markel Olano diputatu nagusiak, Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak, Roberto Olabe Realeko Kirol zuzendariak eta Iker Estensoro Ekonomia Sustapeneko foru zuzendariak parte hartu dute lehen aldiz Donostiako Reale Arena estadioan egin den topaketaren irekiera ofizialean.

            Olanok “erabateko lehentasuntzat” jo du “industriaren lehiakortasunari eustea, pertsona guztiek, batez ere gazteek, beren bizitza eta lan proiktuak garatu ahal izan ditzaten Gipuzkoan. Pertsona guztiek beren potentziala garatu dezaten egiten dugu lan”. Erronken artean gogorarazi duenez, enplegu berrien eskaintzen % 45ek kualifikazio maila altua eta orientazio tekniko eta teknologiko handia eskatzen dituzte. Euskadiren biztanlego aktiboa 200.000 pertsonatan murriztuko da hamar urteko epean, eta gainera “emakumeak industriara erakarri behar ditugu”.

Gure enpresa eta erakundeetan “talentua erakarri, sortu eta atxikitzeko” estrategiaren barruan , azpimarratu du orain arte egindako lau edizioetan  lurraldeko 1.000 gaztek baino gehioagok parte hartu dutela Gipuzkoa Talent Forumen, eta talentua garatzeko 2019ko dirulaguntza dieladiaren eskutik, ia 100 enpresa eta eragiletara iristea lortu dela, ia 15.000 lanpostu finkatzen lagunduz, 3 milioi eurotik gorako inbertsioarekin. Gainera, azken bi urteetan Gipuzkoa Talent-ek ahalbidetu du lurraldeko enpresek atzerrian zeuden “kualifikazio maila altuko” 64 profesional kontratatzea. Hori horrela, elkarlanean sakontzeko deia egin du, Gipuzkoa “lurralde lehiakorra”, eta “desberdinkeriak murrizterakoan aitzindaria” izaten jarraitzeko bidean. 

Roberto Olabek, berriz, Gipuzkoako testuinguruaren garrantzia goraipatu du talentua garatzerakoan, baita futbolaren kasuan ere, eta lan horretan Realak berezko eredu bat duela esan du, bere lehiakideekiko bereizten duena. Ekitaldiak beste hainbat lekukotza eduki ditu, hala nola Miren Egaña, atzerrian hamar urte eman ondoren Gipuzkoa Talent Forumen eskutik itzuli zen profesionalarena, CAF enpresak kontratatuta, edota Ana Fernández Angulas Aguinaga empresako ordezkariarena, foroaren azken edizioetan parte hartu ondoren beraien esperientzia azaltzeko. 

Iker Estensorok, berriz, adierazi du ekintzailetzaren lan ildoa txertatu izana dela aurtengo ezaugarri nagusietako bat. Parte-hartzaile guztiak animatu ditu beraien ideiak eta enpresa proiektuak hartzera: “Talentuak bide asko har ditzake. Dagoeneko martxan dagoen enpresa batean gara daiteke, baina Gipuzkoa beti izan da lurralde ekintzailea, eta inportantea da zuek ere jakitea hori babesteko oso ekosistema indartsua dakagula hemen, diru-laguntza deialdiekin, eta prozesu guztian zeharreko aholkularitza eta monitorizazioarekin, proiektuaren sorreratik hasi, merkaturatzearekin jarraituz, hedapeneraino”. Hala, eta berritasun gisa, BIC Gipuzkoak leku propioa eduki du, baliabide eta zerbitzu horien guztien berri eman ahal izateko”.

 

Puntako 40 enpresa

Irekiera ofiziala amaituta, enpresa parte-hartzaileak lau multzotan banatu dira beraien aurkezpenak egin ahal izateko, eta ondoren enplegu foroari ekin zaio. Bertan, hala nahi izan duten parte-hartzaileei egin diete harrera, epe labur, ertain eta luzean dituzten aurreikuspen profesionalak azaltzeko. Hauexeki dira Gipuzkoa Talent Forumen laugarren edizioan parte hartu duten enpresak: ABC Compressors, AF Incepal, Alcad, Ampo, Angulas Aguinaga, Biele, BPTD (Basque Precision Technology District), CAF, CAF Power & Automation, Construcciones Amenabar, Danobat Group, Egile, Fagor Arrasate, Fagor Ederlan, Fagor Industrial, Fidenet, Grupo Indaux, Grupo Ulma, Ibarmia, Ibermatica, Ikerlan, Ikusi, Irisbond, Irizar, Jema Energy, Kirolbet, Mondragon Assembly, Nuavis, Orbea, Orkli, Orona, Salto Systems, Sarralle, Siemens-gamesa, Spyro, Talleres Myl, Tecnalia, Uvesco, Vicomtech, Viralgen eta Zuccheti.

Gipuzkoako enpresetan lan egitea aurreikusten duten profesionalak, ekonomia ehun horren eskaintzekin eta gaur egungo beharrekin lotzen jarraitzea du helburu foroak, topagune erabilgarria ezarriz talentuaren eta lurraldean finkatutako eta errotutako enpresen perfil eskaera berrien artean. Foro hau Gipuzkoa Talent izeneko lurralde estrategia integralaren barruan kokatzen da, Foru Aldundiak sustatzen du, eta lurraldeko enpresa eta erakundeetan talentua erakarri, sortu eta atxikitzea ditu ardatz. Estrategia horren bidez, lurraldean giza kapitala sustatu eta bultzatu nahi da, eta talentu hori bilatzen duten enpresetara erakarri, etorkizuneko erronkei bermeekin aurre egin diezaieten.  Horretarako, Gipuzkoa Talent Bulegoa jarri zen martxan, kanpotik Gipuzkoako enpresetan lan egitera etortzen diren profesionalei harrera egiteko asmoz. Gainera, Gipuzkoa Talent Forum, nazioarteko topaketak, Talentia programa edota Fellows ekimenak egiten ari dira, hainbat dirulaguntza eta laguntza eskaintzearekin batera, Gipuzkoan talentua sortzeko eta sendotzeko helburuarekin.

Iaz, esaterako, nazioartean eskarmentua duten formazio maila handiko 320 profesionalek 36 enpresa gipuzkoarrek eskainitako enplegu eskaintzak ezagutu ahal izan zituzten. %72k hiru urte baino gehiago zeramatzaten Gipuzkoatik kanpo, Alemania, Ingalaterra edota Frantzia bezalako herrialdeetan, eta % 80k 2 edo hiru urteko epean etxera itzultzeko asmoa adierazi zuten.

  

1894