Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoarrek 6,13ko notarekin baloratzen dute lurraldeko zaintza sistema

Gipuzkoarrek 6,13ko notarekin baloratzen dute lurraldeko zaintza sistema

Mendoza bozeramaileak nabarmendu duenez, “harro egoteko moduko zaintza sistema dugu Gipuzkoan, eta herritarrak horren jakitun dira”.

2021/12/09

Gipuzkoarrek 6,13ko notarekin baloratzen dute lurraldeko zaintza sistema eta, gainera, 0etik 10era, 6ko adostasuna erakusten dute, sistema hau Europako aurreratuenen artean dagoela esaten zaienean. 6,22 adostasuna sortzen du, bestalde, lurraldeko egoitzetan adinekoan ondo artatu eta zaintzen direla esateak. Datu hauek gaur aurkeztu den udazkeneko Gipuzkoako Soziometroan daude jasota eta Eider Mendoza foru bozeramaileak nabarmendu duenez, “harro egoteko moduko zaintza sistema dugu Gipuzkoan, eta herritarrak horren jakitun dira”. “Gipuzkoako zaintza sistemak jasotzen duen onespena berri pozgarria dela baiteritzot. Sistema osatzen duten profesionalen lana ezbaian jartzen ari direnen aurrean, herritarrek babes osoa adierazten diote egiten duten jardunari”, azpimarratu du.

Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, inkestaren emaitzen berri emateko. Azaldu duenez, ikerketa hauen bitartez, “herritarren kezka eta iritziak aktiboki entzuten ditugu, eta ateratzen ditugun ondorioak politika publiko eraginkorragoak egiteko erabiltzen dira”. Aurreko inkesta 2021eko udaberrian egin zen eta, oraingoa, udazkenekoa, 2021eko azaroaren 19aren eta 24aren artean egin zen, telefonoz. 1.200 gipuzkoar elkarrizketatu dira: 340 Donostialdean, 280 Bidasoa-Oarsoaldean, 280 Orian eta 300 Deba-Urola. Herri, adin eta sexuaren arabera estratifikatutako ausazko lagina erabili da inkestan, eta txosten osoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren web orrian dago eskuragai.

          Zaintza sistemaren inguruko galderetara itzulita, Aldundiaren paperari buruz ere galdetu da Soziometroan. Emaitzei erreparatuta, %41ek uste du Aldundiak dezente egiten duela adinekoen arretarako sistema mantendu eta hobetzeko, eta %12,4k dio asko egiten duela. Alde negatiboan, %30,4k dio gutxi egiten duela, eta %5,1ek ezer ez. Ematen diren zerbitzuen balorazioa eskatuta, eguneko zentroek 7,18ko nota eskuratzen dute, egoitzek 6,68; etxeko zaintzak 6,96; mendekotasuneko laguntzek 6,67; eta teleasistentziak 8,59. Erabiltzaileen artean (erabilera zuzena edo senitartekoren batena), balorazioak zertxobait hobeak dira, esaterako, 6,76koa eskuratzen dute egoitzek, 7,39koa eguneko zentroek.

 

Ekonomia eta herritarren kezkak

Bloke ekonomikoari erreparatuta, bi ondorio nagusi uzten ditu inkestak. Alde batetik, egoera ekonomikoak zertxobait hobera egin duela: 0,13 puntu hazi da egoera ekonomiko pertsonala orain udaberrian baino hobeto ikusten dutenak. Gainera, bizi maila hobetu dutenak +4,2 puntutan hazi dira, eta txarrera egin dutela diotenak -1,2 murriztu. Bigarren ideia, aurrera begira ziurgabetasunak ageri direla agertoki ekonomikoan, eta hau herritarren pertzepzioan ere agerian geratzen dela. “Udaberrian baino 4,8 puntu gehiago dira beraien egoera ekonomikoak datorren urtean okerrera egingo duena diotenak. Hobera egingo duela uste dutenak, berriz, puntu batean murriztu dira”, adierazi du foru bozeramaileak.

Bestalde, herritarren kezken blokean, lehen postuan arlo ekonomikoa ageri da, gipuzkoarrek duten kezka iturri nagusi bezala. Horrela, langabezia eta enplegua bultzatzea da gipuzkoarren %43,4rentzat da arazo nagusia, eta krisi ekonomikoa inkesta erantzun dutenen %11k aipatzen du. “Hau da, herritarrek erakundeok dugun kezka partekatzen dute: momentuko egoera ekonomikoak hobera egin duela, baina etorkizunera begira ziurgabetasun asko daudela. Honen aurrean, zer hobe dagoeneko ziurgabetasun horiei erantzun bila jartzea baino eta, gure kasuan, Etorkizuna Eraikiz da horretarako tresna”, azaldu du Mendozak. Honen harira, eta betiere inkestaren arabera, gipuzkoarren %36k ezagutzen du Etorkizuna Eraikiz, eta 6,41eko batez besteko balorazioa jasotzen du.

Ondoren, osasunaren arloa ageri da: COVID-19aren pandemia %11,4rentzat da arazo, eta beste %11k Osakidetzan hobekuntzak egitea aipatzen du. Atal honetan, aipatzekoa da ekonomiak udaberrian egindako inkestan zituen antzeko erregistroak mantentzen dituela; COVIDarekiko kezkak, ordea, 15,5 puntutan egin du behera.

 

TicketBAI, bidesariak…

Soziometroak TicketBAI proiektuaren inguruan ere galdetu die herritarrei. “Dakizuen bezala, Ogasunaren proiektua da, zerga betebehar berri bat, digitalizazio, zerbitzua hobetzea eta iruzurraren jardueran aurrera egitea ekarriko duena”, gogoratu du Mendozak. Azaldu duenez, herritarren erdiak baino gehiago (%53,2) badu proiektu honen berri, eta 0tik 10era, batez beste 6,14ko nota ematen diote, fakturazio sistema hau ezartzearen egokitasunari buruz galdetuta. TicketBAIri buruz duten iritziari buruz galdetuta, ondorio nagusia, %50,6k dioena, da iruzurra kontrolatzeko sistema ona dela. Hurrengo erantzuna, %9,6k eman duena, da merkatariarentzako desabantaila bat izango dela.

Bidesarien kasuan, gipuzkoarren erdiak dio (%54,8) bidesaria duen errepideren bat erabiltzen duela lurraldean eta, hauetatik, erabiliena AP-8a da (%85,9). Bidesariak mantendu ala, honen ordez, zergak igotzearen artean, gipuzkoarren %53,6 ados agertzen da erabiltzeagatik ordaintzearen sistemarekin jarraitzearekin. Azkenik, herritarren %46,9k dio jakitun dela urtarriletik aurrera A-636 autobidea ordainpekoa izango dela.

COVID-19aren pandemiaren kasuan, 6,32ko notarekin baloratzen dute herritarren beraien animo egoera, udaberrian adierazten zuten batez besteko nota berbera. Bizi dugun egoeraren aurrean, kezkatuta (%70,8), triste (48,9), nekatuta (%47,4), aspertuta (%40,9), haserre (%38,9) eta bakarrik (%30,6) sentitzen dira gipuzkoarrak. Udaberritik hona, kezkatuak, tristeak eta nekatuak murriztu dira, eta aspertuak eta haserretuak hazi. “Inkestaz inkesta, presentzia galtzen joan da kezka nagusien artean, baina bigarren tokian jarraitzen du. Eta, gainera, 10 gipuzkoarretatik 7 kezkatuta ageri da honen aurrean. Beraz, ezin dugu ahaztu pandemia betean jarraitzen dugula, neurriak eta murrizketak martxan daudela, eta gure esku ez badago ere guztiz gaitzaren hedapena gelditzea, bai ekarpen garrantzitsua egin dezakegula, plano pertsonaletik hasita”, gogoratu du. Azkenik, Gabonetara begira, herritarren gehiengoak (%51,2) uste du festak ez dira normaltasunez ospatuko.

 

Aldundia eta Batzar Nagusiak

Bestalde, erakundeen inguruan zenbait galdera ere jarri ditu mahai gainean udazkeneko soziometroak. Erakundeekiko duten konfiantzari buruz galdetuta, EAEko hiru erakunde nagusiek aprobatu egiten dute. Udalak dira notarik onena eskuratzen dutenak, 5,58ko notarekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundia ondoren, 5,52koarekin. Jaurlaritzak 5,34ko nota lortzen du eta, azkenik, Espainiako Gobernuak 3,8koa. Aldundira pasata, herritarren %35,7k uste du Aldundia lan ona egiten ari dela, eta %3,7k dio oso ondo dabilela. Erdian, gehiengoak (%38,1) uste du kudeaketa ez dela ez ona ez txarra. Eta alde negatiboan, %10,4 dira uste dutenak erakundearen jarduera txarra dela, eta %3,5 oso txarra. Oro har, 5,7 bateko nota eskuratzen du foru Gobernuaren jarduerak.

Batzar Nagusien kasuan, herritarrek honela baloratu dituzte ordezkaritza duten alderdiek egiten duten lana: EAJ-PNV da ondoen baloratuena, 5,26ko notarekin, -0,18 jaitsiz; gertu du EH Bildu, 5,20, aurrekoan baino -0,12 gutxiago; Elkarrekin Podemos-ekoek sozialistak aurreratu dituzte: 4,45, -0,02 gutxiago. Azkenik, PSE-EEk 4,44 nota eskuratzen du (-0,09) eta Alderdi Popularra da hazten den bakarra: 2,22 (+0,25).

Amaitzeko, inkesta elektorala ere jasotzen du Soziometroak. Honen arabera, EAJ-PNVk botoen %36,9 lortuko lituzke, 2019ko hauteskundetan baino puntu bat gehiago. EH Bildu, bere aldetik, 2,6 haziko litzateke, bozken %34,5 lortuz. PSE-EE litzateke hirugarren indarra botoen %15,2rekin, 2019an baino 2,1 gutxiago. Elkarrekin Podemos-ek botoen %8 lortuko lituzke, %1 galduz. Bukatzeko, Alderdi Popularrak botoen %4,8 eskuratuko luke (-0,8), eta Vox alderdiak %1. Batzar Nagusietako eserleku kopuruetara eramanda, EAJ-PNVk bat gehiago izango luke, EH Bilduk bi irabaziko lituzke; PSE-EEk ordezkari bat galduko luke, eta Elkarrekin Podemosek bi. Azkenik, PPk egun duena mantenduko luke, eta Vox-ek ez luke ordezkaritzarik lortuko.

  

1768