Giza eskubideak eta aniztasunean bizikidetza sustatzeko proiektuetarako laguntzak
Giza eskubideak eta aniztasunean bizikidetza sustatzeko proiektuetarako laguntzak
Diputatuen Kontseiluak udalei, garapen agentziei eta elkarteei zuzendutako deialdiak onartu ditu
Diputatuen Kontseiluak, asteartean, giza eskubideak eta aniztasunean bizikidetza defendatu eta hedatzeko proiektuetarako diru laguntza deialdiak onartu zituen. Batetik, Gipuzkoako udalei eta tokiko garapen agentziei zuzendutako deialdia, 150.000 euroz hornitua. Eta bestetik, irabazi asmorik gabeko entitate pribatuei zuzendutakoa, 100.000 euroz hornitua. Proiektuek giza eskubideak izango dituzte abiapuntutzat, elkar ezagutzeko espazioak sortzea eta gaur egun Gipuzkoan dagoen aniztasuna ikusaraztea sustatuko dute.
Aurten, berritasun gisa, lehenengo deialdian sartuko dira, halaber, tokiko entitate publikoek eratutako tokiko garapen agentziak, gaiaren inguruko langile kualifikatuak dituztenak. Izan ere, dinamismo eta interes handia erakutsi dute arlo honetan, eta laguntza hauekin bilatu nahi da aniztasun espazioak sustatzea beren eskualdeko herrietakoren batean. Bigarren deialdian, berriz, berritu egin dira giza eskubideen eta diskriminaziorik ezaren ikuspegiak nola txertatu diren balioesteko irizpideak.
Imanol Lasa foru bozeramaileak gogorarazi du Aldundiaren helburu estrategikoetako bat dela Gipuzkoa erreferentzia puntu bilakatzea herritarren bizikidetzan, eta “hori lortzeko, proiektu estrategiko gisa planteatzen da kultura politikoko programa bat garatzea eta herritarren jarrera, balio eta portaera demokratikoetan sakontzea”. Hori horrela, integrazioa, diskriminaziorik eza eta bizikidetza sustatzen dituzten ekintzak garatzen jarraituko du, gipuzkoar guztientzat, "haien jatorria, hizkuntza, kultura, orientazio sexuala, erlijioa edo ideologia edozein izanik ere".
5 plaza berri Eibarren
Bestalde, Kontseiluak Eibarko Egogain Gerontologia Zentroan desgaitasuna duten pertsonentzako eguneko zentroaren lokala egokitzeko proiektua onartu du. Proiektuaren aurrekontua 389.394,93 eurokoa da, eta exekuzio epea, berriz, lau hilabetekoa. Lokala gerontologia zentroaren bigarren solairuan dago, egun liburutegia, bulegoak, egongela eta erabilera anitzeko gela dauden lekuan.
Lasak azpimarratu duenez, proiektu honekin eguneko zentroa lekuz aldatuko da, eta horrela desgaitasuna duten pertsonentzako “bost plaza berri” gehituko zaizkie lehendik dauden hamar plazei. “Gainera, eguneko zentroak orain betetzen duen espazioa libre geratuko denez, etorkizunean 18 plaza berri izango dituen modulu berri bat jarri daiteke Egogainen, adinekoen zaintzarako teknologia berritzaileenekin”.
1719