GK2050 estrategiaren jarraipena
GK2050 estrategiaren jarraipena
Gipuzkoak % 5 murriztu ditu isurketak, eta 30,5 milioi euro bideratu ditu klima aldaketaren aurkako borrokara.
Gipuzkoako klima aldaketaren aurkako borroka estrategiaren jarraipen txostenak, Gipuzkoa Klima 2050 (GK 2050) izenekoak, adierazten du jarduketen % 72 gauzatzen ari direla dagoeneko, eta aurreikusitako 99 ekintzetatik 31tan % 50etik gorako aurrerapen maila dagoela.
Erritmo horretan, aurreikuspenen arabera, 2022an, lehen berrikuspenaren urtean, Gipuzkoa Klima 2050 (GK 2050) estrategiaren % 54 gauzatuta egongo da.
Jose Ignacio Asensio: «Klima aldaketari buruzko tokiko estrategia bat duen Euskadiko lehen lurraldea izateak aukera emango digu klima aldaketari buruzko Europako helburuetan azkarrago aurrera egiteko».
José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Mónica Pedreira Ingurumeneko zuzendariak Gipuzkoa Klima 2050 (GK 2050), Gipuzkoako klima aldaketaren aurkako estrategiaren bigarren jarraipen txostena aurkeztu dute gaur goizean. Txostenak urtero baloratzen du Gipuzkoaren egoera klima aldaketari dagokionez, kliman eragiten duten aldagaien bilakaera neurtzeko aukera ematen duten 70 adierazle aztertuz. Era berean, onartutako estrategiaren exekuzio erritmoa eta egungo egoera testuinguruan kokatzen ditu, haren 9 helburuei dagokienez. Helburu horiek 37 jarduera ildo eta 99 ekintza biltzen dituzte, hurrenez hurren.
Txostenak adierazten du isurketak % 4,9 murriztu direla 2017arekin alderatuta, eta 2030erako helburu gisa ezarritako % 40ko murrizketa lortzeko behar diren balioetan mantentzen dela bilakaera. Sektoreka, garraioa da nagusi, isurketa guztien % 42 biltzen baititu, ondoren industria (% 32), bizitegi sektorea (% 10) eta zerbitzuak (% 7) daude. 2017arekin alderatuta, bizitegi sektorean (% 16,1), zerbitzuetan (% 5,3) eta garraioetan (% 2,6) izan gertatu ziren hazkunde handienak, eta isurketak murriztu egin ziren industrian, hondakinetan eta nekazaritzan. Datu horiei dagokienez, Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok honako hau nabarmendu zuen: «Industriako mugikortasunak isurketen % 74 sortzen duela kontuan hartzen badugu, beharrezkoa da mugikortasun jasangarria eta ekonomia zirkularra Gipuzkoako klima aldaketaren arloko estrategien erdigunean kokatzea».
2018ko txostenaren arabera, klima aldaketarekin lotutako fenomenoen ondorioz, sei milioi eurotik gorako galerak izan ziren Gipuzkoan, 2019an, ordea, zifra hori nabarmen murriztu da, 1.111.556 eurokoa izan da. Adierazle positiboa bada ere, ez da guztiz adierazgarria, datua asko alda baitaiteke hondamendi naturalen arabera. Horri dagokionez, Asensiok azpimarratu duenez, «Klima aldaketak Gipuzkoan eragindako galerak milioika eurokoak dira, eta horrek agerian uzten du ez dela soilik ingurumen lehentasun bat, eta fenomenoak eragin handia duela gure etorkizuneko ekonomian eta ongizatean». Gipuzkoa Klima 2050 estrategiaren eragin ekonomikoari dagokionez, 2019an egindako inbertsioak 30,5 milioi eurokoak izan dira.
Azterketaren arabera, GK 2050 estrategiaren ekintzen aplikazio maila % 27koa da oro har. Txostenaren arabera, ekintzen % 72 gauzatzen ari dira dagoeneko, eta aurreikusitako 99 ekintzetatik 31k % 50etik gorako aurrerapen maila dute. Bestalde, helburuen araberako azterketa xehatuak erakusten du ekintza gehienek % 20 eta % 40 arteko aurrerapen maila dutela.
2. helburuak garraioa hartzen du ardatz gisa eta isurketarik gabeko garraioa lortzea du xede. Aurrerapen maila handiena erakusten duen helburua da (% 39). Adierazleek joera positiboak erakusten dituzte, besteak beste, erregai alternatiboak dituzten ibilgailuen kopurua areagotu da, garraio jasangarri eta publikoaren erabileraren bilakaera positiboa da erabilera pribatuaren aurrean edo bizikleta politikak garatu dira. Hala ere, BEG isurketa kopuru osoaren % 40 baino gehiago eragiten du Gipuzkoako garraio sektoreak, industria sektorearen oso gainetik; horregatik, ezinbestekoa da Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuarekin lanean eta lankidetzan jarraitzea, klimaren ikuspegia bere politiken giltzarri gisa txerta dezan eta lurraldearen mugikortasunaren deskarbonizazio prozesua bultza dezan.
Bigarrenik, 3. helburua nabarmentzen da, lurraldearen eraginkortasuna eta erresilientzia areagotzeari buruzkoa, % 32ko aurrerapena izan baitu. Hori da, gainera, igoerarik handiena izan duen xedea da, 2018an % 19ko ezarpen maila izatetik 2019an % 33ra igaro baita. Ezarpen maila handia izan arren, adierazleek joera negatiboa erakusten dute, batez ere, Gipuzkoako azalera artifizializatuak gora egin duelako. Ildo horretan, beharrezkoa izango da ekintzak eta politikak gehiago koordinatzea beste foru zuzendaritza batzuekin, hala nola, Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiarekin eta Lurralde Orekako Zuzendaritza Nagusiarekin, azpiegitura berdeak hobetzeko eta degradatutako eremuak lehengoratu zein birnaturalizatzeko, era horretan, klima aldaketaren aurrean, lurraldearen erresilientzia hobetzeko.
Halaber, ezarpen maila aurreratuarekin (% 32) eta aurreko urtearekin alderatuta zazpi puntuko aurrerapen nabarmenarekin, 6. helburua dago, hondakinen sorrera murriztea helburu duena. 2018 eta 2019 artean hondakinen sorrerak pixka bat gora egin zuen arren (biztanleko 445 kg-tik biztanleko 446 kg-ra), gaikako bilketa gainerako frakzioa baino handiagoa izan zen eta 2019an % 58,26koa izan zen (%56,91 2017an) eta birziklatzea %54,39ra iritsi zen (%52,41 2018an).
Lehenengo helburuak, Gipuzkoan karbono kopuru baxuko energia ereduaren alde egitea xede duenak, joera positiboa izan du adierazleetan, eta zortzi puntu egin du aurrera aurreko urtearekin alderatuta. 2019an % 29ko aurrerapen maila lortu zuen. Energia berriztagarriek lurraldeko kontsumoan izan duten partaidetza 2018an % 15ekoa izatetik (2018) % 18koa izatera pasa da (2019), eta mendekotasun energetikoa %93tik %92ra murriztu da. Etxeko energia kontsumoa da joera negatiboa erakusten duen adierazlea; izan ere, 11,6 Gj/bizt-tik 12.5 Gj/bizt-ra areagotu da.
Gauzatze maila txikiagoa duten eta gauzatze erritmoa areagotzea eskatzen duten xedeei dagokienez, 7. helburua (arriskuei aurrea hartzeko premiari buruzkoa) eta 8. helburua (ezagutzaren berrikuntza, hobekuntza eta helarazpena sustatzeari buruzkoa) daude. 2019an hasierako aplikazio fasean zeuden biak. Arriskuei aurrea hartzeari dagokionez, 2020an zenbait ekintza gauzatu dira, hala nola klima aldaketaren itsasoko eta kostaldeko behatokia abian jartzea edo kostaldeko hareatzen morfologiaren jarraipena egitea Gipuzkoako Itsasertzeko Bideometria Foru Sarearen bidez. Ildo horretan, beharrezkoa izango da Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak datozen urteetan lurralde mailan klima aldaketaren prospekzioa egiten jarraitzea eta kostaldetik kanpoko eremuei eta kostaldeei lotutako arriskuen ebaluazioan aurrera egitea, itsasoaren eta olatuen maila igotzearen ondorioz. Bestalde, 8. helburua 2019. urtearen amaieran ezarri zen, UrbanKlima 2050 proiektua abian jarri zenean, eta Naturklimaren laguntzarekin Zuzendaritzak hori landu beharko du, klima aldaketari buruzko berrikuntza eta ezagutzaren transferentzia hobetzeko ekintzetan.
4. helburua, natura ingurunearen erresilientzia handitzeari buruzkoa, aurrerapen txikiena izan duen eremuetako bat da (% 18tik % 21era). Lehengoratutako ibai azalerak gora egin badu ere, baso erdi naturalen azalerak edo naturagune babestu baten barnean daudenak mantendu egin dira. Horrela, Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiak bultzada bat eman beharko die zenbait zeregini, hala nola klima aldaketak habitatean, floran eta faunan dituen ondorioak ebaluatzeari eta naturaguneen kudeaketan eta baso kudeaketan klima aldagaia txertatzeari.
Lehenengo sektoreari dagokionez, 5. helburuan jasoa, % 21eko gauzatze mailarekin, ez du aurrerapen handirik aurreko ekitaldiarekin alderatuta. Baso izurriteek eragindako azalerari eta nekazaritza ekoizpen ekologikoari erreferentzia egiten dioten adierazleek joera positiboak adierazten dituzte, baina erretako baso azaleraren goranzko joerak (2018az geroztik, 10,8 hektareatik 51,15 hektareara areagotu da urte bakar batean) baso suteen maiztasunean eta intentsitatean igoera ego dela adierazten digu. Ildo horretan, beharrezkoa da suteak prebenitzeko basogintza jarduerak sustatzea.
Klima aldaketaren alorrean euskal herri administrazioa arduratsua, eredugarria eta erreferentea izateari erreferentzia egiten dion azken helburuak hobera egin du 2018az geroztik, % 13ko ezarpenetik % 23ra. Hori hala da, batez ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikinetan energia kontsumoaren % 6 murriztu delako, edo Aldundiaren ibilgailu parkeko auto elektrikoen ehunekoa handitu delako.
Gipuzkoa Klima 2050 (GK 2050) estrategiak, Gipuzkoako Klima Aldaketaren Aurkako Borroka Estrategiak alegia, Parisko goi bileraren helburuak lortu nahi ditu, eta mende honetan tenperaturaren igoera bi graduetatik behera mantendu. GK 2050 ezinbestekoa da Gipuzkoa bezalako lurralde batean, kostaldea bereziki arriskupean baitago, non itsasoaren maila 29 eta 49 cm artean handitu baitaiteke eta hareatzen heren bat desagertu, egungo isuri mailari eutsiz gero. Gipuzkoa Klima 2050 (GK 2050) erakundeak 2030erako helburu bat ezarri du: berotegi efektuko gasak % 40 murrizteko 2005. urtearekin alderatuta, eta % 80 murrizteko 2050. urterako. Era berean, 2030ean energia berriztagarrien kontsumoa azken kontsumoaren % 30 izatea espero du. Klima aldaketara egokitzeari dagokionez, lurraldearen erresilientzia ziurtatzea da zehaztutako helburua.
Horri dagokionez, Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok adierazi duenez, «Tokiko estrategia duen Euskadiko lehen lurraldea izateak aukera emango digu Europako klima aldaketaren helburuetan azkarrago aurrera egiteko». Era berean, honako hau aipatu du: «Tokiko administrazioek hondakinak, mugikortasuna eta energia berriztagarriak bezalako gaietan ekintzak abian jartzeko eskumenak eta tresnak dituzte, eta horietan Gipuzkoak gobernantza klimatikoa aplikatu behar du».
1839