Aldundiak zoriondu egin du Handia, Goya sarietan izandako arrakastagatik
Aldundiak zoriondu egin du Handia, Goya sarietan izandako arrakastagatik
Arrakasta honek agerian uzten du zinema gipuzkoarraren eta euskal zinemaren heldutasuna.
Denis Itxaso: «Arrakasta honek agerian uzten du zinema gipuzkoarraren eta euskal zinemaren heldutasuna. Sektore ausarta dugu, talentu handikoa».
Denis Itxasok, Kultura diputatua, zoriondu egin du Handia filmeko talde osoa, atzo Espainiako Zinemaren Akademiak ematen dituen Goya sarietan izandako arrakastagatik.
Handia euskaraz grabatutako filma da, Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendua, eta izendatuta zegoen 13 sarietatik 10 irabazi zituen; horrela, bere lekua egin du zinema espainiarraren historiako filme sarituenetakoen artean.
Sari hauek berretsi besterik ez dute egin irailean Donostiako Zinemaldian estreinatu zutenetik lortu duen arrakasta, bai kritikaren aldetik, bai publikoaren aldetik. Zinemaldian parte hartzeak eta Epaimahaiaren Sari Berezia jaso izanak bultzada eta ikusgaitasuna eman zioten nazioartean, hilabete hauetan euskaraz egin den historiako film ikusiena izatera iritsi arte. Arrakasta horretan lagun izan ditu Irusoin, Kowalski Films eta Moriarti Produkzioak, apustu garbi eta irmoa egin baitzuten anbizio handiko film honen alde.
«Arrakasta iraunkor honek agerian jartzen du zinema gipuzkoarraren eta euskal zinemaren heldutasuna. Sektore ausarta dugu, talentu handikoa, eta zinemaren arlo guztiak ukitzen dituzten sari hauek gure teknikari eta profesionalen kalitatea nabarmentzen dute. Jakin bagenekien, aspalditik baitaude gure profesionalak maila gorenean eta urtero jasotzen baitituzte sariak askotariko ekitaldietan».
Aldundiak azpimarratu du, halaber, film honek piztu duen ilusioa. Horren adierazgarri da atzo Truebako bi aretotan bildu zen jendetza, zeinak gogo beroz jarraitu baitzuen sari banaketa ekitaldia, SADEk Aldundiaren laguntzarekin antolatu zuen festan, euskal produkzioak eta profesionalak eta, bereziki, Handia animatu eta babesteko, sari banaketa telebistaz eta sare sozialen bidez jarraitu zutenek bezalaxe.
«Ikus-entzunezko industriak geroz eta indar handiagoa du Gipuzkoan, eta Handiarena bezalako arrakastak pizgarri dira bultzatzen eta sustatzen jarraitu behar dugun industria honentzat, aberastasuna ekartzen baitu, bai kulturala, bai ekonomikoa. Gipuzkoako enpresek eta profesionalek ekoiztu dute Handia, eta "Gipuzkoa" markaren eta gure hizkuntzarena adierazgarri garbia da. Bestalde, argi erakusten du nazioarteko mapan geure lekua egin dezakegula, norberarena sustatuz, bai talentuari dagokionez, bai egitura produktiboari dagokionez», adierazi du Itxasok.
1777