Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gure Lurra kongresuak bere IV. edizioa egingo du

Gure Lurra kongresuak bere IV. edizioa egingo du

Partaide izango ditu gazte baserritarrak, sektoreko eragileak, eta pertsona ospetsuak, hala nola Xabi Prieto, Jagoba Arrasate, Aintzane Encinas, Alberto Iñurrategi, eta Pedro Delgado.

Lehen sektoreari ikusgaitasuna ematea eta Gipuzkoaren ongizaterako duen beharraz kontzientziatzea dira Foru Aldundiak lortu nahi dituen helburu nagusiak ‘GURE LURRA 4. Sembrando futuro' kongresuarekin, zeina, urterokoa izan arren, iaz pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren, berriro egingo baita datorren 23an, asteartea, Kursaalen. Laugarren edizio honetan, berriro bihurtuko da lehen sektorearen eta hiriko biztanleen arteko topagune eta elkarrizketa-gune, eta kontzientzia sortuko du gure baserritarrek gizarte osoarentzat egiten duten lanaren garrantziaz. Edizio honi izenburua ematen dion galdera –‘Ezinbestekoak al gara?’– saiatzen da, hain zuzen ere, hausnarketa hori pizten.

Kongresua jende guztiarentzat irekita dago, eta izen-emateak doan egin daitezke https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/gure-lurra-sembrando-futuro webgunean, non agenda ere xehetasunez kontsulta daitekeen. Foru Aldundiak lehentasunezkotzat jotzen du hiri-munduaren eta landa-munduaren arteko hurbilketa sustatzen jarraitzea, lan eginez landa-munduari merezi duen ikusgaitasuna eta aitorpena ematearen alde. “Pandemiak balioa eman dio gure lehen sektoreak egiten duen ekarpen ekonomiko, sozial, ingurumeneko eta lurraldekoari. Herritar gehienak ohartu dira, alde batetik, oso garrantzitsua dela hurbileko eta kalitatezko elikagaiak izatea, eta, bestetik, beharrezkoa dela natura-ingurune on batez gozatu ahal izatea, funtsezkoa baita gure ongizaterako. Alabaina, oraindik asko dago egiteko, eta kongresu honekin bultzatu nahi dugu kontzientzia-hartze hori, eta soluzioak eman jarduera honen etorkizuna eraikitzeko”, azaldu du Ekonomia Sustapeneko, Turismo eta Landa Inguruneko diputatu Jabier Larrañagak.

Hala, kongresuak hainbat erronka jarriko ditu mahai gainean, hala nola belaunaldien arteko erreleboa eta konektibitatea, gertutasunetik kalitatezko produktuak izatearen garrantzia, eta jasangarritasuna, lagun ugariren eskutik, hala nola adituak eta pertsona ospetsuak, baserritarrak, sektoreko eragileak, eta herritarrak, oro har. “Argi daukagu erronka horiek ez direla soilik sektorialak, baizik eta guztiongan dutela eragina; horregatik, erronka horiei aurre egiteko eta lehen sektorearen etorkizuna bermatzeko, gizarte osoa inplikatu behar dugu”, azpimarratu du Larrañagak.

Kongresua irekiera instituzionalarekin hasiko da, Markel Olano diputatu nagusiaren eskutik, eta lehen mailako egitarau bat izango du, askotariko hizlariak eta jarduerak jasotzen dituena, hiru gai-bloketan banatuta. Lehenengoak balioko du sektorean belaunaldi-erreleboa bermatu beharrari eta ekintzailetza sustatu beharrari heltzeko. Horretarako, Gipuzkoako, Arabako, Bizkaiko, Nafarroako eta Iparraldeko baserritar gazteek beren esperientziak partekatuko dituzte. Gainera, mahai inguru bat antolatu da hiru euskal kirolari ospetsurekin, hala nola Xabi Prieto txuri-urdin ohia, Aintzane Encinas Real Sociedad Bko entrenatzailea, eta Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzailea, zeintzuek azalduko baitituzte beren ibilbide profesionaleko bizipenak eta lehen sektorearekin duten harremana.

Bigarren blokea, ‘Hurbiltasuna sustatzen’ izenburupean, saiatuko da balioa ematen ingurune hurbileneko kalitatezko produktuak edukitzearen garrantziari. Horretarako, Pedro Delgado txirrindulari ohiak parte hartuko du. Aurkeztuko da Gipuzkoako Merkatuen Sarea proiektua, Elika Fundazioa buru duena, Arantza Madariaga zuzendari kudeatzailearen eskutik, eta solasaldi bat irekiko da landa- eta hiri-munduko lagunen artean, batak besteari nola laguntzen dion hizketagai dutela. Hirugarren eta azken atalean –‘Jasangarritasuna bermatzen’–, Alberto Iñurrategi alpinistaren hitzaldia izango da; ahotsa emango zaio ETBko Baserria programari; eta, amaitzeko, hitzaldi bat emango du Santiago de Compostelako Unibertsitateko irakasle eta Galiziako lurren bankuko arduradun Alejandro Sánchez de Diosek, nekazaritza eta basogintza sektorearen jasangarritasunari buruz.

Jardunaldian zehar, halaber, tailer didaktiko bat egingo da txikienentzat, natura eta lehen sektorea errespetatu eta aintzat har ditzaten, eta horiek ekartzen dituzten onura guztiak ezagutzeko aukera izan dezaten. Tailer horretan, Donostiako hainbat ikastetxetako ikasleek parte hartuko dute. Azken edizioak, 2019an egin baitzen, ‘GURE LURRA. Sembrando Futuro' kongresuak ia 500 lagun bildu zituen. Aurreko legealdian abian jarri zenetik, maila handiko hizlariek parte hartu izan dute, hala nola Rigoberta Menchú, Toni Nadal, Odile Rodríguez de la Fuente, Jesús Calleja, Nel Cañedo, eta Aitor Sánchez.

  

2191