Gure ongizate eredua sendotzeko, etorkizuneko gizarte zerbitzuak
Gure ongizate eredua sendotzeko, etorkizuneko gizarte zerbitzuak
Legazpira egindako erakunde bisitan, herri honek alor ekonomiko eta sozialean egindako lan arrakastatsua nabarmendu du diputatu nagusiak
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, erakunde bisita egin du gaur Legazpira, bertako errealitatea ezagutu eta Urola Garaiko herri honek etorkizunera begira dituen desafioak ezagutzeko. Koldobike Olabide alkatea lagun zuela, tokiko hainbat enpresa eta gizarte proiektu ezagutu ditu, guztiak ere anbizio handikoak.
“Azken urteotan egindako lan serioak aukera ematen digu etorkizuneko gizarte zerbitzuak planifikatzeko. Gure ongizate eta arreta sozialeko eredua sendotzen jarraitu nahi badugu, beharrezkoa da hori egitea”, laburbildu du, komunikabideen aurrean alkatearekin eta Maite Peña diputatuarekin batera egindako adierazpenetan, Bellota fabrikaren garai bateko pentsioa bertatik bertara ezagutu aurretik. Santikutz kalean kokatzen den eraikin hau Legazpiko Udalak erosi du berriki.
Lurraldea bere osotasunean “gizarte eraldaketa sakon batean murgilduta” dagoela gogorarazi du diputatu nagusiak. Batetik, gaineratu duenez, gizartearen zahartzeak “aldaketa ugari ekarriko ditu berekin”, eta, ondorioz, “adineko pertsonentzako zerbitzuak zabaldu eta egokitu beharko dira, zahartzaro osasuntsua eta aktiboa oinarri gisa hartuta”. Bestetik, mundu osoan desberdinkeriak gora egiteak “arreta piztuarazi” behar digu, “kolektibo ahulenentzako babes eta inklusio baliabideak eta mekanismoak indartuz”. Horrela soilik iritsiko baikara, adierazi duenez, “Europan desberdintasun gutxien duen lurraldeetako bat” izatera.
Testuinguru horretan, Olanok defendatu du lurraldeko gizarte arretarako sistema”, gizarte antolatuarekin eta hirugarren sektorearekin “elkarlana” eta “lurralde oreka” bezalako balioak oinarri duen “eredu arrakastatsua”. “Urte hauetan premiazko beharrei erantzun bat eman diegu, baina baita ere beharrezkoa da begirada altxatu eta etorkizuneko desafioetara egokituko diren gizarte zerbitzuak prestatzea”, osatu du.
Etorkizunera begirada
“Legazpi zoriondu nahi dut”, azaldu du, herriko apustuak gizartean eta ekonomian islatzen dutelako “lurralde solidario bat, orekatua, gizarte zerbitzu sendo eta berritzaile batzuk” eskaintzen dituena eta, gainera, “etorkizunera begirada luzatzen duena”. Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, Legazpik erakusten digu baita ere “superraldia bizi duen industri sendo baten” eboluzioa. “Hori gabe zaila litzateke ulertzea Gipuzkoako gizartearen gaur egungo ongizate maila”, gehitu du.
Urte hauetan premiazko beharrei erantzun bat eman diegu, baina baita ere beharrezkoa da begirada altxatu eta etorkizuneko desafioetara egokituko diren gizarte zerbitzuak prestatzea
Hain zuzen ere, Legazpiko proiektuen berri zuzena edukitzeko egindako bileraz gain, Olano eta Olabidek Urola enpresaren instalazioak ere bisitatu dituzte. Kooperatiba legazpiar honek 60 langile ditu eta plastikozko ontziak sortzeko eta plastikoak eraldatzeko makinak fabrikatzen ditu.
1975ean sortua, krisialdiaren aurreko salmentak lortzen ari da gaur egun, eta nazioartean merkaturatzen du bere negozio zifraren %85. Azpisektore berrietarako makineria garatzen dihardu azkenaldian, orduan 24.000 ontzi ekoiztu ditzakeena, bezeroei balio erantsi handiagoa eskaini eta energia kontsumoak hobetuz –makina hauek %40 gutxiago behar dute–. Gainera, ikerketa eta garapen alorrean buru-belarri dihardute ontzien inpaktua ingurunean ahalik eta gehien mugatzeko.
Bestalde, Urolak gaur egun fabrikatzen dituen ekipoek elektronika eta sentsore gehiago dituzte. Konektibitatean ere aurrera egin dute, giza horretan 4.0 industriarantzako salto handia emanz.
Amaitzeko, diputatu nagusiak Legazpiko Musika Eskolaren egoitza berria ezaugutu du. Goyeneche Fundazioaren Garagunean ere izan da, non desgaitasun intelektuala duten 30 lagunek hainbat aktibitate egiten dituzten, komunitatearekin kontaktu estuan.
1640