Hamar turismo bulegotan egongo da erosgai garraio publikoko turistentzako txartela
Hamar turismo bulegotan egongo da erosgai garraio publikoko turistentzako txartela
Basque Card zabalduko du Foru Aldundiak, fluxu turistikoen banaketaren eta jasangarritasunaren aldeko apustuaren barruan
Aste honetatik aurrera, lurraldeko hainbat turismo bulegotan dago erosgai Basque Card txartela, Gipuzkoa bisitatzen duten turistek garraio publikoa erabil dezaten. Bonu hori, orain arte, behintzat, Donostiako turismo bulegoan eta San Sebastian Region turismo bulegoan bakarrik zegoen salgai: ahalbidetzen du Gipuzkoan Mugi sisteman integratuta dagoen garraio publiko guztia erabiltzea; eskaintzak ditu eta deskontuak eskaintzen ditu hainbat museo eta ekintzatan. Orain, berriz, Gipuzkoako Garraioko Lurralde Agintaritzako (GGLA) kide gisa, Foru Aldundiak erabaki du txartelaren banaketa eta hedapena areagotzea, eta salmenta-puntu gehiago egongo dira, produktu hori saldu nahi duten Gipuzkoako turismo bulego guztietan, hain zuzen ere.
Ez da txartela sustatzeko asmoz hartzen den neurri bakarra, zeren eta, lehenengo aldiz, erabiltzaileek aukera izango baitute txartela kargatzeko. Sisteman sartzen diren turismo bulegoek hautatu dezakete edo salmenta eta karga zerbitzua, biak eman, edo salmentarena bakarrik. Astelehenetik aurrera, Donostiako eta San Sebastian Region turismo bulegoetan ez ezik, hainbat herritako bulegoetan ere egongo da erosgai txartela, hala nola Ordizia, Zumaia, Tolosa, Loiola, Zestoa, Zarautz, Hernani, Getaria, Pasaia eta Orio. Prestakuntza-saio bat egin da, Foru Aldundian, bulego horietako langileekin, nahiz eta zerbitzua irekita dagoen, Gipuzkoako beste turismo bulego batzuek ere aukera izan dezaten, edozein momentutan, zerbitzuan sartzeko.
Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Imanol Lasak ontzat jo du neurria, eta azpimarratu du “urrats bat gehiago” dela honelako turismo baten aldeko apustuan: “kalitatezko turismo bat, jasangarria eta Gipuzkoako herritar guztiengan eragin onuragarria duena”. Basque Card txartelak bat egiten du lurraldeko mugikortasun jasangarriarekin. Izan ere, “garraio publikoaren erabilera sustatzen du bisitatzen gaituztenen mugimenduetan, ibilgailu pribatuaren aldean. Gainera, pizgarri bat da turismo fluxuak Gipuzkoa osora banatzeko, eta, tresna bat gehiago ere bada beraren erakargarri turistikoak sustatzeko”. Turismo bulegoei begira, gogorarazi du ezen, txartelari esker, aukera izango dutela “haien eskualdean ostatu hartuta dauden pertsonek beren joan-etorriak ibilgailu pribatua erabili gabe egin ditzaten”, eta horrek berekin dakar aparkalekutan aurreztea, eta trafikoa zein ingurumen inpaktua murriztea.
GGLAko presidente Antonio Aizek, begi onez hartu du ekimena, “turismoaren eta garraioaren arteko sinergiak” sortzen dituela argudiatuta. Helburutzat jo du “turistek erraztasunez mugitu ahal izatea Donostiatik, lurralde osotik, eta Bilbora edo Gasteizera bidaiatu ahal izatea”, MUGI sisteman integratutako hiri eta hiri arteko garraio zerbitzu guztiak erabiliz.
Txartelak bateratu egiten ditu garraio publikoko deskontuak eta askotariko turismo zerbitzu eta produktuetakoak: % 32ko deskontua aplikatzen du garraio modu guztietan, eta pertsona batek baino gehiagok aldi berean erabil ditzakete haietako batzuk (balidazio anitzeko sistema). Autobus eta tren hauetan erabil daiteke: Dbus, hiri barrukoak, Lurraldebus –Gasteiz eta Bilborako ibilbideak barne-, Euskotren eta Renfeko aldiriak. Gipuzkoako turismo bulegoetan eskuragarri egongo diren txartelak 20 euroko aurrekarga batekin datoz, bidaiak ordaintzeko, eta kargagarriak dira 5 euroren multiplo diren kantitateetan. 10 eguneko baliozkotasuna dute.
Turismo zerbitzu eta produktuetako deskontua, ordea, desberdina da kasu bakoitzean, eta % 5en eta % 50en artean dabil. Honelako zerbitzuak eta produktuak sartzen dira, besteak beste: museoak, interpretazio zentroak, bisitaldi gidatuak, itsasontziko txangoak, kirol ekintzak, txangoak, eta Donostiako nahiz San Sebastian Region turismo bulegoetako merchandisinga. Barne hartutako erakargarri turistikoetako batzuk hauek dira: Chillida Leku eta Cristobal Balenciaga museoak, Albaola faktoria, Geoparkea eta Topic. Txartela erosten dutenei azalpen liburuxka tolesgarri bat ematen zaie, non azaltzen baitira deskontu guztiak eta txartela ondo erabiltzeko beste xehetasun garrantzitsu batzuk. Deskontuak bi pertsonari aplikatzen zaizkie.
2797