Hamar urtetan 28 udalerrik eta 500dik gora lagunek hartu dute parte Bizikidetza Lantzen programan
Hamar urtetan 28 udalerrik eta 500dik gora lagunek hartu dute parte Bizikidetza Lantzen programan
Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen egitasmoak helburu du prozesu “diskretu eta sakonak” sustatzea, bizikidetzaren eremuan “aurrerapausoak ematen jarraitzeko”. Txosten batean bildu dira urte hauetan ateratako ikasgaiak
Bihar, azaroaren 10ean ospatzen da Memoriaren Eguna, eta testuinguru horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak ezagutzera eman du Bizikidetza Lantzen programaren baitan azken urteetako ibilbidetik ateratako ikasgaiak biltzen dituen txostena. Bertan, marko kontzeptuala eta programaren analisi xehatua egiteaz gain, irakaspenak eta etorkizuneko erronkak definitzen dira. “Gure gizartean balio demokratikoak finkatzen jarraitzeko tresna garrantzitsua da Bizikidetza Lantzen, giza eskubideen urraketarik berriro ez geratzeko bermea, besteak beste”, azpimarratu du Ion Gambrak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendariak.
Udalerri mailan garatu den programa da Bizikidetza Lantzen, eta jatorria 2012. urtean kokatzen bada ere, ETAk 2011n indarkeriaren behin betiko amaiera iragarri ostean, azken zortzi urteetan eman da hedapen eta egonkortzen fasea. Urte hauetan zehar guztira 28 herrik hartu dute parte, bai herritarrek, baita politikariek ere. Lau aktore nagusi batu ditu prozesuak: udalak, Gipuzkoako Foru Aldundia, herritarrak eta bakegintzaren arloan lanean diharduten elkarteak. 500dik gora lagunek hartu dute parte prozesuan urte guzti hauetan zehar, herritarren foroetan eta herri mailako mahai politikoetan. Pixkanaka hazten joan den ekimena dela azaldu du Gambrak, eta gaur argitaratutako txostenak prozesuaren emaitzak biltzeaz gain, ikasgaiak eta etorkizunerako erronkak finkatzen ditu.
Prozesu honen helburua “bizikidetza demokratikoan sakontzen jarraitzea” izan dela azaldu du foru arduradunak, partekatutako memoria baten bidez bidea finkatzen joan dena, eta oinarri bezala hartu izan direlarik giza eskubideen errespetua, giza eskubideen urraketa guztien aitortza eta kritika morala, eta biktima guztien minen eta duintasunaren aitortza. Prozesuaren lehen urteetan udalak eta herritarren foroek “oso modu isil eta diskretoan lan handia” egin dutela, eta “aurrerapauso itzelak” eman direla aitortu du Ion Gambrak: “Ez dugu antzeko emaitzarik eman duen ekimenik ezagutzen gure inguruan. Bidea oraindik ere luzea bada, txosten honen bidez, egindako lana aitortu eta ikusgarri egin nahi dugu”, zehaztu du.
Irakaspenak eta etorkizunerako erronkak
Bizikidetza Lantzen programaren ibilbidea laburbiltzen duen lana burutu ahal izateko analisi dokumentala, sakoneko elkarrizketak eta focus group-ak antolatu dira. Indargune bezala identifikatu dira foro eta mahaietan parte hartu duten pertsonen jarrera eta lana, aniztasunetik abiatuta adostasunak lortu izana eta dinamizazioaren ardura izan duten pertsonen lana. Parte hatzaileen iritziz, ahulguneak izan badira ere, hauek ez dituzte prozesuak zalantzan jarri, indartu egin dituztela adierazi dute.
Lan osoaren oinarriak konfiantza, elkarrizketa, kontsentsua eta diskrezioa izan dira, eta lanerako baldintza zehatzak ondorengoak: udaleko alderdi guztien ordezkaritza
bermatzea, kideen parte hartzea egonkorra izatea, entzuteko eta elkar ulertzeko prestutasuna izatea, eta foro eta mahaietan aniztasuna bermatzea.
Prozesuaren emaitza bezala identifikatu dira egoera zehatzei aurre egiteko sorturiko protokoloak, biktimen aitortza eta erreparazioa lantzeko sorturiko prozedurak, eta adierazpen instituzionalak. “Lan honen emaitzen adibide nabarmena dira hainbat eta hainbat udalek biktimei egin dizkieten omenaldiak”, zehaztu du Ion Gambrak.
Etorkizunera begiratzeko egindako lanaren aitortza egitea ezinbestekoa dela gaineratu du, eta hala ondorioztatzen da txostenean ere. Erronken esparruan identifikatu dira ondorengo elementuak:
- Bizikidetzarekin harremana duten gaiak ez daude gaur egun titular handietan, ez daude jendearen eguneroko kezken artean. Giza eskubideetan eta kultura demokratikoan oinarritutako politikak, politika publikoen garapenerako hezurdura eta ibilbide-orria beharko lukete izan, gizartearen eskaera zehatzetatik harago.
- Gipuzkoatik gaia ateratzearen beharra, antzeko prozesuak toki mailatik atera eta lurralde edo nazio mailara eramatea hausnartu beharko litzateke.
- Gazteen presentzia eta inplikazio handiagoa behar da, lanketa zehatzen bidez, belaunaldiartekotasuna bermatzeko.
Egun, lanketa hau oinarri hartuta, etorkizunerako lan-lerroak finkatzen dihardu Gipuzkoako Foru Aldundiak, bizikidetza demokratikoan sakontzeko eta kultura demokratikoa sustatu eta barneratzen jarraitzeko helburuarekin. Amaitzeko, Gambrak azpimarratu du Bizikidetza Lantzen bizikidetzarako eta kultura demokratikoranzko ibilbide partekatuaren hasiera baino ez dela izan, “guztion eguneroko lana eta konpromisoa” eskatzen duen bidea dela gaineratu du, “eztabaidak modu baketsu eta demokratikoan bideratzen dakien lurraldea izan nahi dugulako”. Zentzu horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren “konpromiso osoa” azaldu du ahalegin partekatu hau bultzatzen jarraitzeko, gainontzeko erakunde eta herritar guztiekin lankidetzan.
1028