Helduei bizikletan ibiltzen erakusteko ikastaro bat antolatu du Aldundiak Eskoriatzan
Helduei bizikletan ibiltzen erakusteko ikastaro bat antolatu du Aldundiak Eskoriatzan
Debagoienan, ekainean (14,15,19,21,22 eta 26an), helduek bizikletan ibiltzen ikasteko ikastaro bat emango da. Eskoriatzako Udalarekin lankidetzan Aldundiko Mugikortasun departamentuak antolatutako ikastaroa da, eta lehen aldiz ematen da udalerrian.
Joan den urtean, Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasun departamentuak antolatuta, Errenterian eta Eibarren egin zen ikastaro hau, eta arrakasta handia izan zuen. Departamentuko arduradun Marisol Garmendia sozialistak adierazi duenez, helduei bizikletan ibiltzen erakusteaz gainera, “herritik egin ohi dituzten lekualdaketetan bizikleta autoaren ordezko garraiobidea izan daitekeela haiek konbentzitzea da xedea, haien bizi-kalitatea eta osasuna hobetzea ondorioz dakarrena gainera. Eskoriatzan, adineko jendearen populazioa oso aktiboa da eta lagundu egin nahi dugu haien eguneroko mugikortasuna osasungarria eta jasangarria izaten eta bizikleta erabiltzen has daitezen”.
Garmendiak gaur aurkeztu du ekimen hau Eskoriatzan eraikitako bidegorri-zati berri batekin batera, eta nabarmendu duenez “adineko askok ezin izan dute bizikletan ibiltzen ikasi edo aspalditik ez dira bizikleta batera igo. “Animatu egin nahi nituzke, haiei esan bizikletaz ibiltzen ere disfrutatu dezaketela, modu erraz eta seguru batean ikasita gainera. Ariketa osasungarria eta jasangarria da, ingurumena hobetzen ere laguntzen duena.”
Mugikortasun departamentuaren diru-laguntza bati esker eraiki zen bidegorriaren zatia eta 2017ko abenduan ireki zen jendearentzat. Aingeruguarda eta Kuatruena auzoak lotzen ditu, eta kilometro bat inguru luze da, eta Aretxabaletatik datorren bidegorriari jarraitasuna ematen dio horrela. Bidegorriaren zati berri honen bidez Eskoriatzako udalerri osoa ibil daiteke bizikletaz, eta hori da, hain zuzen ere, Udalak bere mugikortasun-planean ezarritako helburuetako bat.
Helduentzako bizikleta ikastaro hauek, ezaugarri horiek betetzen dituzten lehenak Debagoienan, Eskoriatzako Udalaren lankidetza dute eta udal frontoian egingo dira. Bertan, 6 saio emango dira, ordu eta erdikoa bakoitza, 5 - 10 pertsonak osatutako taldeentzat. Izena emateko formulario bat bete behar da, udal kiroldegiko harreragunean eskatu ahal izango dena ekainaren 7a arte.
Ikastaroa, helduek bizikletan ibiltzen ikasteko dena, ekainaren 14,15,19,21,22 eta 26an emango da, eta Bizikletaren Plan Estrategikoan biltzen diren jardueretako bat da, Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluaren babesean. Ikastaro hauek lehenbiziko aldiz ematen dira Debagoienan eta arrakasta izanez gero errepikatu egingo dira, eta baita eskualdeko beste udalerri batzuetara eraman ere.
1743