Breadcrumb

Asset Publisher

Back Helduek bizikletan ibiltzen ikasteko ikastaroa Errenterian bizikletaren erabilera sustatzeko

Helduek bizikletan ibiltzen ikasteko ikastaroa Errenterian bizikletaren erabilera sustatzeko

Bizikletaren erabilera zabaltzearen aldeko apustua egiten du Marisol Garmendia buru den Departamentuak

2016/06/08

Mugikortasuneko diputatu Marisol Garmendiak eta Errenteriako Kirol zinegotzi Jon Txaskok bizikletan ibiltzen ikasteko ikastaroa aurkeztu dute bizikletaren erabilera sustatzeko. Helduei zuzenduta dago, eta Errenterian egingo da.

Ikastaroa Udalaren laguntzarekin egingo da, GurpilArtea Elkarteak emango du ekainean, eta doakoa izango da. Bizikleta gainean ibiltzen ikasteaz gain, ikastaroan beste hainbat kontu ere landuko dira, hala nola bizikleten funtzionamendua eta oinarrizko mantentze lanak, segurtasun elementuak, segurtasun gomendioak, maila bakoitzari egokitutako ibilbideak eta eskualdeko puntu beltzak.

Lehendabiziko aldia da horrelako ikastaro bat Donostiatik kanpo egiten dela. “Donostian Kalapie elkartea da bizikletaren erabilera sustatzeko ekintzez arduratzen dena eta, gainera, arrakasta handiz egiten du. Baina guk nahi dugu bizikletaren erabilera eta kultura ahalik eta jende gehienera zabaltzea. Horregatik antolatu dugu ikastaro hau”, esan du Garmendiak.   

Ikastaroa Gipuzkoako Bizikleta Kontseiluan eztabaidatu eta adostu diren jarduketen artean dago. Zentzu horretan, Marisol Garmendia foru diputatuak esan du: "bizikleta garraiobide atsegina, osasuntsua eta ingurumenarekiko errespetuzkoa da”. Horregatik, Bizikletaren Kontseilua sustatu eta berraktibatu dugu. Bertan udalek, eskualde agentziek eta eragile sektorialek parte hartzen dute, arlo honetan aurrerapauso sendo eta adostuak emateko. Gainera, udalekin lankidetza aktiboa dugu, bizikletaren erabilera sustatzeko”.  

Ikastaroa ordu eta erdiko lau saioz osatuko da; ekainaren 17, 18, 24 eta 25ean izango dira, Galtzarabordako kiroldegian. Gutxienez 8 lagun eta gehienez 15 egongo dira taldean. Gainera, behar duenari bizikleta eta kaskoa utziko zaizkio.

Mugikortasun Departamentuak aztertuko du jarduera mota hau beste eskualde eta herrietara ere eramateko aukera, lehenengo ekimen honen emaitza ikusi eta gero.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

  

1588