Herritarren %65era iritsi da aurten Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Bizikidetza Lantzen programa
Herritarren %65era iritsi da aurten Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Bizikidetza Lantzen programa
Herritarren %65era iritsi da aurten Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Bizikidetza Lantzen programa
Diputatu nagusiak urtearen irakurketa baikorra egin du, 457.000 biztanle ordezkatzen dituzten 23 udalerrik hartu baitute parte ekimen honetan
Bizikidetza Lantzen, Gipuzkoako Foru Aldundiak udalerrietan bizikidetza ekimenak sustatzeko bultzatzen duen programak, 23 udalerriren parte hartzearekin itxiko du 2016 urtea, hau da, 457.000 biztanlera iritsiz. Diputatu nagusiak, Markel Olanok, irakurketa baikorra egin du, azpimarratuz zifra horrek Gipuzkoako biztanleriaren %65 esan nahi duela. Foru arduradunak bizikidetza arloko dinamikak martxan dituzten udalerriak zoriondu ditu, eta besteak parte hartzera animatu. “Ezin dugu etorkizuna eraiki iraganeko zauriak itxi ez baditugu, eta esparru honetan anbizioz jokatu nahi dugu: legealdi bukaerako, gipuzkoarren %100era iritsi nahi genuke Bizikidetza Lantzen programaren bitartez,” adierazi du.
Olanok ‘Bizikidetza Lantzen: memoria eta biktimak’ gaur goizean foru jauregian burutu den jardunaldiaren baitan egin ditu adierazpen hauek, programaren urteko balantzea egiteko balio izan duena. Diputatu nagusiak ireki du ekitaldia eta, lehen zatian, Gema Varona Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzaileak eta Sabino Ormazabal eta Bertha Gaztelumendi Argituzeko ordezkariak hartu dute hitza. Ondoren, jardunaldiaren bigarren zatian, bertaratutako udalerrietako ordezkariek bizikidetza arloan martxan dauden esperientzien inguruko hausnarketak partekatu eta hobekuntza posibleak aztertu dira bertaratutako denen artean.
Errenteria, Urretxu, Urnieta, Getaria, Idiazabal, Legazpia, Zegama, Arrasate, Beasain, Lazkao, Elgoibar, Usurbil, Asteasu, Azpeitia, Hernani, Mutriku eta Adunako ordezkariek hartu dute parte Maribel Vaquerok zuzentzen duen Bizikidetza eta Giza Eskubidetako zuzendaritzak antolatutako ekimenean, guztira, kolore politiko ezberdinetako 17 alkate eta 18 zinegotzi. Vaquero berak itxi du ekitaldia eta biziki eskertu die bai bertaratutako udal arduradunei zein bizikidetza arloko esperientziak martxan dituzten udalerriei egiten ari diren lana.
Edukiari erreparatuz, ekitaldiak memoria eta biktimak izan ditu ardatz, Bizikidetza Lantzen programako bi lan-eremu nagusienetakoak. Iraganeko kontuak biak ala biak baina, Olanok azaldu duenez, “zailtasunak iraganean daude”. “Oso garrantzitsua dugu iraganaren inguruko irakurketa kritikoa ondo egitea, eta orain egitea etorkizunera begira dugun erronka nagusietakoa, hau da, bakean bizi den eta giza eskubideetan eta giza duintasunean oinarritutako herri bat, herritar askeez osatutakoa, denon artean eraikitzeko”, azaldu du diputatu nagusiak.
Olanok gogoratu duenez, Gipuzkoa indarkeriak gehien astindu duen Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldea da, eta hori dela eta paper oso aktiboa izan behar du bakegintza arloan. “Udal ordezkari, elkarte eta herritarren parte hartzea behar-beharrezko zaigu honetarako, beraien ekarpenik gabe ezingo baitugu aurrerapausorik eman”, esan du. Zentzu honetan, Aldundiaren papera eragile hauek aktibatu eta bidelagun izatea dela adierazi du, bizikidetza ekimenak garatzeko espazioak irekiz.
2016 urteari dagokionez, “lorpen nagusia” bidea “udaletako ordezkari, elkarte zein herritarrekin” egin dela adierazi du Olanok eta, azaldu duenez, aurtengo jardunaldietako ekarpenekin, eta lanean aritu diren elkarteen balorazioak kontuan hartuko dira, 2017ko Bizikidetza Lantzen programarako. “Urtetik urtera parte hartzaileen zifra handitu eta legealdi amaierarako biztanleriaren %100era iristea da gure nahia”, esan du.
Zer da Bizikidetza Lantzen?
Bizikidetza Lantzen programaren edukiari dagokionez, arlo honetan “lehentasunezko” sei lan ildo identifikatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak eta hauen inguruan egituratzen da: udalbatzan ordezkaritza duten kolore politiko ezberdinen artean elkarrizketa eta akordioa sustatzea; bizikidetza pluraleko foro eta esperientziak bultzatzea; giza eskubideen esparruan heziketa xede duten ekimenak sustatzea; udaletxetatik biktimei eskaintzen zaion laguntza indartu; memoria politikak garatzea udal esparruan; eta presoen bergizarteratze prozesuei ekarpenak egitea.
Oinarri hauen gainean, eta lurraldeko udalerrietan bizi diren errealitate ezberdinak kontuan hartuz, Foru Aldundiak hiru lankidetza lerro proposatzen dizkie udalerriei, “bakoitzak hobekien deritzona aukera dezan”:
- Diru-laguntza deialdiak. Aurreko urtetako diru-laguntza dinamikei jarraipena emango dio Foru Aldundiak, baina nahitaezkoa izango dira sentsibilitate politiko ezberdinen arteko elkarrizketa eta akordioa xede duen lan-lerroa urteko planean txertatua izatea.
- Lankidetza hitzarmenak. Oraindik esparru honetan jarduerarik garatu ez duten udaletxeei zuzenduta, edota urteroko plan batekin ez baina jarduera konkreturen bat bultzatu nahi dutenentzat. Kasu hauetan, Foru Aldundiak lankidetza hitzarmenak adostu ditzake ekintza hauek bi erakundeen artean garatzeko.
- Foru parte-hartzea udalerrian. Diren arrazoiak direla, ez planik ez jarduera konkreturik garatzea aurreikusten duten udalerriei zuzendua. Hemen, Foru Aldundia, Bizikidetza eta Giza Eskubidetako zuzendaritzaren bitartez, udalerri hauetan ekintza zehatzak garatzeko prest egongo da.
Guztira, 300.000 euro bideratu ditu aurten Foru Aldundiak. Bizikidetza eta Giza Eskubideen foru zuzendariak, Maribel Vaquerok, 23 udalerri bisitatu ditu, alkate, zinegotzi, elkarteetako ordezkari eta herritarrekin elkartu eta lan ildo eta planteamendu hauen berri lehen eskutik eman eta ekarpenak jasoz.
2423