Herritarren partaidetzako praktika egokiak kontrastatu dituzte Gipuzkoako udalek
Herritarren partaidetzako praktika egokiak kontrastatu dituzte Gipuzkoako udalek
Tolosa, Oñati, Irun, Urnieta, Hernani eta Donostiako hautetsiek proiektu arrakastatsuak aurkeztu dituzte gaur Tabakaleran hasi den Kongresuaren lehen jardunaldian
Foru Aldundiak antolatuta, Gipuzkoako Partaidetzako I. Kongresuaren lehen jardunaldia egin da gaur Tabakaleran, Etorkizuna Eraikiz elkarlaneko gobernantza dinamikaren aterkipean. Kongresu horren helburua da arlo horretan tokiko erakundeek eta nazioartekoek bultzatu eta arrakasta duten esperientziak partekatzea eta jakitera ematea. Gaurko lan saioaren ardatzetako bat izan da Gipuzkoako sei udaletan - Tolosa, Oñati, Irun, Urnieta, Hernani eta Donostia- partaidetzari lotuta garatu diren praktika egokiak komunean jartzea. Irekiera hitzaldian, proiektu horien balioa goraipatu du Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak, argudiatuz “Gipuzkoa eredugarria” eraikitzeko bidean, berrikuntza sustatzen dutela erabakiak hartzerakoan azpimarra “pertsonengan eta herritarrengan” jarriz.
“Badakigu ez dagoela herritarren partaidetza sustatzeko modu bakarra. Are gehiago, badakigu ez dagoela errezeta magikorik. Baina denok bat gatoz beharrezkoa dela administrazioaren eta herritarren arteko harremana aldatzea, kudeaketa irekiagoa eta partekatuagoa finkatuz. Lehen mailako erronka da, politika eraberritzeko, gizarteak erakundeengan duen konfiantza sendotzeko, eta bere beharrei modu eraginkorragoan erantzuteko. Eta badakigu, ideologiak ideologia, erronka horri aurre egitea gu guztion ardura dela, eta lurralde eta nazio mailako apustutzat jo behar dela. Usted dut jakiten ari garela gai hau alderdikerietatik ateratzen eta interes komuna gainetik jartzen, bakoitza bere esparruan. Horren erakusle dira gaur aurkeztu diren sei proiektuak, kolore politiko desberdinetako udalek sustatutakoak”, azaldu du.
Ildo horretan, “mugarritzat” jo du legealdi honetan sortu den Gipuzkoako Herritarren Partaidetzako Erakunde arteko Espazioa. Espazio horrek Aldundia eta lurraldeko udal guztiak elkartu ditu, tokiko esparruan partaidetza politikak adostu eta indartzeko helburuarekin. Estatu mailan aitzindari da, eskumen garrantzitsuak edukiko ditu, sarean lan eginez, diru laguntzak definituz, eta udalei babesa eta aholkularitza eskainiz, bereziki baliabide gutxien dauzkatenei. Eudelekin elkarlanean arituko da, gainera. “Herritarrengandik gertuen dagoen erakundea izaki, udalek ahalmen handia dute herritar horiek inplikatzeko politika publikoen diseinuan, garapenean eta baita ebaluazioan ere. Etengane aldatzen den arloa da partaidetza. Ezinbestekoa da elkarrengandik ikastea, eta espazio horrek aukera emango digu horretarako, arrakasta duten metodologiak eta prozesuak kontrastatuz, eta deliberazio prozesuetarako, aurrekontu parte-hartzaileetarako, edo herri-galdeketetarako formula berriak adostuz.
Aipaturiko sei udaletako alkate eta zinegotziek aukera izan dute proiektu bakoitza sakonki aurkezteko. Ondoren, elkarrizketa eduki dute Kongresura bertaratutako herritar eta eragileekin. Olatz Peon (Tolosa), Nerea Zubia (Oñati), Duñike Arrizabalaga (Donostia), Pedro Alegre (Irun), Jorge Segurado (Urnieta) eta Estibaliz Aldeiturriaga (Hernani) izan dira hitza hartu duten udal ordezkariak. Aukeraturiko praktika egokiak hauexek dira:
Donostia - Arroka: 2017ko otsaila eta martxoa bitartean, Udalak prozesu parte-hartzailea garatu zuen Arroka eremurako (Amara) mahai gainean zeuden etorkizuneko bi proposamenen gainean. Lehen fase batean, bi proposamen horiei inguruko informazioa eskaini zen, eta bigarrengoan, sistema bat jarri zen martxan zuzenean auzoko bizilagunen erabakia jasotzeko. Botoen zenbaketa herritar guztiei irekitako ekitaldi batean egin zen, udaletxeko pleno aretoan. Bertan parte hartu zuten Eneko Goia alkateak, alderdi guztietako ordezkariek, auzo-elkarteetakoek, eta Amarako bizilagunek. Bozkatzeko eskubidea zuten 16 urtetik gorako 2.558 pertsonetatik, % 48k hartu zuten parte, beraien erabakia helaraziz Udalak ahalbidetutako postaz.
Irun – Alkatea auzoetan: Ariketa honek partaidetza, konpromisoa, eta gardentasunean eta kontu ematean oinarritutako kudeaketa uztartzen ditu. Hilero, alkateak hiriko 17 auzoetatik bat bisitatzen du, proposamenak eta eskaerak jasotzeko. Horien bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa aztertzen da ondoren, gauzatuko diren ala ez argituz (eta ezezkoa baldin bada, arrazoituz). Udalaren web orrian konpromiso horien betetze mailaren inguruko informazioa ematen da. Lehen edizioan, 1.000 lagunek hartu zuten parte, eta 479 proposamen jaso ziren guztira. Horietatik 389 gauzatzeko konpromisoa hartu zuen udalak (% 81). http://www.irun.org/caste/3ayunta/alcaldebarrios_anaka-puiana.asp-en ikus daitezke.
Tolosa – Tolosatzen: Udalerriaren etorkizuneko erronketatik abiatuta, diagnostiko partekatua, eta proiekzio kolektiboko ariketa egin dute herritarren, 2030. Urteko Tolosa irudikatuz. Datorren hamarkadarako ekintza plana osatu da, neurri berriak udal aurrekontuetan txertatuz. Urte amaieran, lan Saioa egiten da herritarrekin ekimen horien aurrerapen maila egiaztatzeko. Euskara, genero berdintasuna eta jasangarritasuna modi transbertsalean txertatzen ditu proiektuak. 160 lagun baino gehiagok eta 50 herri entitatek hartu dute parte orain arte, horietatik %55, emakumeak. Informazioa www.tolosa.eus/tolosatzen web atalean.
Hernani – ‘Erabaki Hernani Decide’: Herritarrekin elkarlanean, behin-betiko udal aurrekontuen atal bat eztabaidatzeko eta erabakitzeko prozesua da, aurrekontu irekiena, alegia. Aurtengoa hirugarren urtea du indarrean, jarraian. Teknologia berrien aukerak baliatuta, erabaki.hernani.eus/aurrekontu-parte-hartzaileak webgunea zabaldu da. Bertan ikus daitezke prozesuak ematen dituen eduki eta herritar proposamen guztiak, eta egutegia eta faseak. Aukera desberdinen artean bozkatzeko aukera ere ematen du. Webgune horretan, udalak antolatutako beste partaidetza prozesuak ere jarrai daitezke, hala nola Emakumeen Etxearen definizioari, edo kirol espazioen azterketari lotutakoak.
Oñati – Eltzia: 2013an, lokal baten premia azpimarratu zuten herriko gizarte eta kultur arloetako hainbat elkartek. Behar horretatik abiatuta, proiektu kolektibo zabalago bat abian jartzeko ideia piztu zen, 6.000 metro koadroko espazio hutsa aprobetxatzeko. Elkarte antolatuei ez ezik irabazi asmorik gabeko kolektibo guztiei zabaldu zitzaizkien atea. Gaur egun, topaketarako, elkarbizitzarako, eta sorkuntza partekaturako espazio gisa definitu daiteke Eltzia, autogestio osagai nabarmen batekin, erabiltzaileak baitira eguneroko kudeaketaz eta eraikinaren zaintzaz arduratzen direnak. 40 kolektibo eta 500 erabiltzaile dauzka, eta milioi bat euro inbertitu da orain arte.
Urnieta – Inbertsio estrategikoak: 2016. Urtea mugarri izan zen gobernu irekiaren aldeko ahaleginetan; prozesu parte-hartzailea jarri zen martxan legealdiko inbrtsio estrategikoak definitzeko. Inbertsio horietara 4 milioi euro bideratuko dira guztira, hau da, urteroko aurrekontu aurrekontu arruntaren % 45. Inbertsio horiek herritarrengan duten eragina aintzat hartuta, Udalak helburutzat jo du herritarrak inplikatzea eta haiekin elkarlanean gauzatzea. Aktuazio estrategikoak zerrendatu ziren, guztiak 400.000 eurotik gorako dotazioarekin, udal eskumenekoak, eta gizarte interesekoak, ondoren lehentasunak ezarri eta bozkatzeko. Beraien proposamen eta proiektuak aurkezteko aukera eduki zuten urnietarrek.
Bestalde, mahai-ingurua egin da "Herritarren Partaidetzako erakunde arteko Espazioak" izenburupean. Bertan parte hartu dute Xabier Barandiaran Diputatu Nagusiaren Kabineteko buruak, Ernesto Ganuza Ikasketa Sozial Aurreratuen Institutuko zientzialari titularrak, Jone Martinez EHUko Zientzia Politikoetako irakasleak, Pedro Ibarra EHUko Zientzia Politikoetako katedradunak eta Ruth Sarabia Malagako Udaleko Herritarren Partaindetzako zuzendariak. Mahai gainera hainbat erronka atera dira, hala nola partaidetza prozesuaren arautzea, edo gazteena bezalako kolektiboak erakartzeak suposatzen duena.
Ibarraren esanetan, deskonexio bat dago gizartearen eta erabaki politikoen aurrean, eta erakundeetako ordezkariek ekimena hartu behar dute horri aurre egiteko. “Konfiantzarik ezak oraindik erresistentziak sortzen ditu ekimen hauen aurrean. Baina esperientzia batzuetan, jendea benetako protagonista sentitu denean, parte hartzeko desio handiagoa piztu da”. Sarabiak erantsitakoaren arabera, tokiko esparruan oso permeabilitate handia dago, gizartearekin zuzeneko kontaktuaren bitartez, baina “oraindik ere aurrerapauso gehiago eman behar ditugu, jendearen hizkuntza eta formetara egokituz”. Ganuzaren irudiko, berdinen arteko espazio bat ahalbidetzen du partaidetzak, eta “horrekin errazagoa da lankidetza. Aukera ematen du konfrontazioa komunikazioaren bidez bideratzeko”.
Martinezek, berriz, demokrazia parte-hartzailearen eta deliberazio prozesuen “gehiegizko burokratizazioak” dakarren arriskuaz ohartarazi du. “Partaidetza hori bideratzen duten araudiek joera hori hautsi bejar dute, baina askotan kosta egiten zaigu”. Barandiaranen aburuz, berriz, “espazio demokratikoa eraberritzeko erabiltzen dugun eredua” da faktore garrantzitsuenetako bat. “Foru Aldundiaren hautua izan da Gipuzkoan oso errotuta dagoen tradizio komunitariotik abiatzea, geroz eta indibidualistagoa den gizarteak ezarritako testuinguruan. Testuinguru horretan, deliberazio prozesuak artikulatzea ez da erraza”. Haren esanetan, argi dago partaidetzak “erabakiak hartzeko prozesuak sendotzen” dituela, “baldin eta modu egokian planteatzen bada, eta ez bada erabiltzen sistema demokratikoari egurra emateko. Azken hori behin baino gehiagotan gertatu da gure herrian”.
Ganuzak ere “gehiegizko arautzean” erortzeak ekar ditzakeen kalteak aipatu ditu. “Beharrezkoa da arautzea, baina batzuetan gertatzen da partaidetza araudi hutsean gelditzen dela”. Sarabiak, azkenik, gogorarazi du prozesuen digitalizazioa oso lagungarria dela, “aurrez aurreko formatuetara mugatuz gero oso zaila delako, adibidez, gazteak erakartzea. Tresna eta kanal berriak eskainiz, kolektibo gehiagotara iristen gara”.
1732