Hiri-hondakinen kudeaketa eta ekonomia zirkularra: erronkak eta ekimenak
Hiri-hondakinen kudeaketa eta ekonomia zirkularra: erronkak eta ekimenak
Asensio: "GIGren azpiegiturak martxan jartzean birziklatzearen sektorea bikoiztu behar dugu, 10.000 enplegu eta 1.000 milioiko fakturazioa lortuz"
Life ANADRY hiri-hondakinei eta ekonomia zirkularrari buruzko jardunaldiak hiri-hondakin solidoen eta lohien kudeaketaren alorrean zeresana duten eragile publikoak eta pribatuak bildu ditu. Teknologia berriak garatzeko proiektuak erakutsi ditu ere, sektoreari bultzada eman eta Gipuzkoan ekonomia berdea sendotzeko asmoz.
José Ignacio Asensio: “Gipuzkoak urrats handiak eman ditu azken urteotan gaikako bilketari dagokionez. Gipuzkoako Ingurumen Gunearen azpiegiturak martxan jartzen direnean birziklatzearen sektorea bikoiztu behar dugu, 10.000 enplegu eta 1.000 milioiko fakturazioa lortuz”.
José Mª Rodríguez-Ibabe: “Gure erronka da hondakintzat jotzen duguna baliabide eta lehengai bilakatzea. Horretarako, ekonomia zirkularra eta elkarlan publiko-pribatua ezinbestekoak dira”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak parte hartu du Ceit-IK4k antolatutako Life ANADRY jardunaldian “hiri-hondakinen kudeaketa eta ekonomia zirkularra: ekimenak eta erronkak” lelopean. Topaketak hiri-hondakinen kudeaketan zeresana duten eragile ugari bildu ditu eta gai asko jorratu ditu; besteak beste, lohien edo materia organikoaren kudeaketa eta hiri-hondakinen kudeaketa zirkularrerako teknologia berriak ezagutzera eman ditu. Jardunaldiaren aurkezpena egin dute José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak, José María Rodríguez-Ibabe Ceit IK4-ko presidenteak eta Enrique Aymerich Ura eta Osasuna saileko zuzendariak.
José Ignacio Asensio foru arduradunak azaldu du bere Departamentuaren helburua dela ingurumena hobetzea, ekonomia zirkularra sustatzea eta klima aldaketaren arintzea eta egokitzapena lortzea. Nabarmendu du ere Gipuzkoak urrats handiak eman dituela azken urteotan gaikako bilketari dagokionez: “Orain hondakinen bitartez lehengai berriak sortu behar ditugu aberastasuna eta enplegua sortzeko”. Zentzu honetan, azpimarratu du birziklatze klusterra bezalako ekimenei eta Gipuzkoako Ingurumen Guneko azpiegiturei esker, Gipuzkoan birziklatzearen sektorea bikoiztera iritsi behar garela, “10.000 enplegu eta 1.000 milioiko fakturazioa lortuz”. Asensiok dei egin nahi izan die gipuzkoarrei oro har eta sektoreko enpresei bereziki, “indarrak batu ditzaten, hondakinak eta klima aldaketa aberastasuna eta enplegua sortzeko aukera bilakatzeko, Gipuzkoa jasangarriago batean”.
IK4-ko presidenteak bere mintzaldian nabarmendu du hiri-hondakinen eta hiriko araztegietan sortutako lohien kudeaketak aurrera begira erronka garrantzitsua duela Europar Batasunak ezarritako ekonomia zirkularraren eredu berrira moldatzeko. Jardunaldiak aurkeztu ditu industriaren, administrazioen eta zentro teknologikoen elkarlanari esker sortzen diren irtenbide teknologiko berriak. Rodríguez-Ibabek dio erronka nagusia dela hondakintzat jotzen dugunaren balioa azpimarratzea: “Etorkizunera begira baliabide eta lehengai gisa kontsideratzeko”.
Hiri-hondakin solidoen eta hirietako araztegietan sortutako lohien kudeaketak erronka garrantzitsua du Europar Batasunak ekonomia zirkularraren arloan ezarritako zuzentarauei dagokionez. Testuinguru honetara egokitzeko, (non hondakinak baliabide iturri bilakatzen diren), hondakin horietatik energia edo materialak berreskuratzeko irtenbide teknologikoak garatu behar dira. Topaketa honek hiri-hondakin solidoen eta lohien kudeaketaren alorrean zeresana duten eragile publikoak eta pribatuak bildu ditu eta teknologia berriak garatzeko proiektuak erakutsi ditu ere, industriaren, administrazioaren, zentro teknologikoen eta unibertsitateen elkarlanari esker lortutakoak.
Hala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko zuzendariak, Mónica Pedreirak, Gipuzkoaren ekonomia zirkularraren eta hiri-hondakinen kudeaketaren proiektua aurkeztu du; DAM eta Ceit IK4-ko Laura Pastor eta Myriam Estebanek azaldu dute nolakoa den HUAP lokatzen kudeaketa tamaina ertain eta txikiko araztegietan; Añarbeko Urak-eko Mitxel Corcuerak lokatzen kudeaketaren egungo erronkak zeintzuk diren azaldu du; NILSA-ko Iñaki Urrizalkik ezagutzera eman du hiri jatorria duen Nafarroko materia organikoaren kudeaketa eredua; GICOM-UAB-ko Alejandra Cerdak hondakinak lehengai gisa balio gehigarri handiko bioproduktuen fabrikazioari buruzko xehetasunak eman ditu, CTAEX-ko Caterina Collek hiri-biofindegiaren inguruko informazioa eman du, Bartzelonako Unibertsitateko Joan Dostak berriz, bioplastikoen ekoizpena hiri jatorria duten bio-hondakinen bitartez lana azaldu du. Azkenik, mahai-inguru bat egin da non jardunaldiko hizlari ugarik parte hartu duten.
Mónica Pedreirak, Aldundiko Ingurumeneko zuzendariak, klima aldaketari aurre egiteko Gipuzkoa Klima 2050 estrategian kokatu du bere mintzaldia. Klimaren arloan Europan ezarrita dauden helburuekin bat etorriz, GK 2050 egitasmoak helburu hauek ezarri ditu gure lurralderako: 2030. urterako emisioak %40 murriztea, energia berrigarrien erabilera %27raino igotzea eta efizientzia energetikoan ere portzentaje horretan aurrera egitea. “Ahalegin handiak eskatuko dituzten erronkak dira guztiak, baina klima aldaketaren kontrako borroka aukera bezala ere ikusi behar da, ekonomia zirkularra bultzatzeko eta ekonomia berdea garatzeko aukera bezala, Gipuzkoarako aberastasun iturri bihur dadin”, gogorarazi du Pedreirak. Foru zuzendariak aditzera eman du urteotan lan eskerga egin dela gaikako zabor bilketan eta hondakinen birziklatzean, 2000 urtea baino lehen % 20tik beherako portzentajeak zeudelarik gaur egun ia %50ean baikaude. Duela urte batzuk zabortegietan lurperatzen genuen hainbat hondakin mota birziklatu egiten dira orain, materia organikoa konpostatu egiten da eta, laster, energia berreskuratuko dugu.
Pedreirak ezagutzera eman du ere 2019-2030 Hondakin Plan berria (GHHKPO 2019-2030), zeinek itxi egiten duen hondakinen birziklapenaren eta balorizazioaren zirkulua, helburu gisa markatzen du %70eko birziklapen tasara iristea, eta “Gipuzkoa prest utziko du, ekonomia zirkularraren eta klima aldaketaren erronkei heltzeko”.
1793