Hiru lagun hil dira azken orduetan adineko pertsonen egoitzetan
Hiru lagun hil dira azken orduetan adineko pertsonen egoitzetan
Gipuzkoako Foru Aldundiak 791.000 euro gehiagorekin indartu du Covid-19ari aurre egiteko jada abian duen Txoke Plana.
Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi du, Covid-19an positibo eman ondoren, hiru pertsona zendu direla azken orduetan Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan. Hiru pertsona horiek bizi ziren Tolosako Iurramendi egoitzan, Zarauzko Santa Anan eta Arrasateko Iturbiden. Beste alde batetik, bozeramaileak adierazi du guztira Gipuzkoako egoitzetako 12 pertsona gehiagok eman dutela Covid-19an positibo, eta lehen positiboa eman dela Donostiako Aita Etxe egoitzan; hortaz, 65 egoitzetatik 11 dira positiboren bat duten Gipuzkoako zentroak. Guztira, 11 dira hildako pertsonak, 107 positibo eman dutenak, 20 Donostiako Gurutze Gorriaren zentrora eraman direnak eta zazpi ospitaleratuak.
“Adineko pertsonak bereziki zaurgarriak dira Covid-19aren aurrean, eta ahalegin handia egiten jarraitzen dugu Gipuzkoako egoitzetan birusaren prebentzioan sakontzeko, eta kasuan, honen transmisioa gelditzeko”, adierazi du bozeramaileak, eta jarraitu du azpimarratuz “egoera honen zailtasunaz oso kontziente gara eta horregatik, beste behin, eskerrak eman nahi dizkiegu langileei egoitzetan egiten ari diren lan guztiagatik. Era berean, familiei ere gure laguntza eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu, hain gogorrak diren une hauetan, euren lankidetza eta ulermenagatik”.
Bozeramaileak gogoratu du: “Gaur goizean bertan onartu dugu 791.000 euroko partida bat bideratzea pasa den astean aurkeztu genuen Txoke Plana indartzera, helburu duena gizarte zerbitzuen arloan, Covid-19a Gipuzkoan izaten ari den hedapenari aurre hartzea, eustea, zerbitzu eta baliabide gehiagorekin indartzea, eta horren inguruan informatzea. “Horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak, aurrekaririk gabeko egoera honi modu estrategiko eta koordinatuan erantzuna ematea bilatzen du”, gaineratu du Mendozak. Horretarako, ezohiko hainbat neurri zehaztu dira, eta horien artean aurkitzen dira arreta psikosozialaren indartzea, 900 43 43 43 telefonoaren bidez jaso daitekeena; babeserako materialaren erosketa; garbiketa eta desinfekzio trinkoak indartzea, eta horiek egiteko produktuak erostea; baita Aldundiaren eta Gureak-en artean bultzatutako arropa garbiketa eta sukalde zerbitzuak abiaraztea ere.
Zentzu horretan, bozeramaileak azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo eman zuela jakitera Gureak-ekin lankidetzan martxan jarritako arropa garbiketa zerbitzua, eta horretaz gain, atzotik dagoela martxan baita ere, lurraldeko egoitza zentroen eskaeretara moldatuko den sukalde zerbitzua. “Gipuzkoako zentroak ahal dugun guztian laguntzen jarraitzen dugu, eta helburu horretan, euren eskura jartzen dugu sukalde zerbitzua ere, beharra duen guztiaren eskura”. Gaur egun, Mendozak adierazi du 76 menu banatzen ari direla lurraldeko bi zentrotan, horietako bat izanik Zestoako San Juan egoitza, non atzotik langileak bertan itxi diren egoiliarrekin batera.
Azkenik, bozeramaileak jakitera eman du bihar eguerdian Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta lurraldeko adineko pertsonen egoitzetako arduradunen arteko lehen bilera partekatua egingo dela. Bilerak buru izango du Markel Olano diputatu nagusia, eta harekin batera izango dira Maite Peña, Gizarte Politikako diputatua eta Jose Ignacio Asensio, Ingurumeneko diputatua. Bilkuraren helburua izango da Txoke Planaren inguruko hausnarketa partekatu bat egitea, egoitzek dituzten beharrak entzunez eta Aldunditik hartu diren azken neurrietan sakonduz.
1461