Hirugarren sektorearen diru laguntzak finkatu ditu Foru Aldundiak, gizarte inklusioa bultzatzen jarraitzeko
Hirugarren sektorearen diru laguntzak finkatu ditu Foru Aldundiak, gizarte inklusioa bultzatzen jarraitzeko
Hirugarren sektorearen diru laguntzak finkatu ditu Foru Aldundiak, gizarte inklusioa bultzatzen jarraitzeko
Gizarte zerbitzuen eremuan diharduten entitateentzako diru laguntza deialdira 1.200.000 euro bideratuko ditu
Gipuzkoan gizarte zerbitzuen eremuan diharduten irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitateei zuzendutako diru laguntzen deialdia onartu du gaur Diputatuen Kontseiluak. 1.200.000 euro bideratuko ditu guztira, honako lan ildoetan banatuta: gizarte esku hartzeko programak -860.000 euro-, prebentzioa eta sentsibilizazioa -250.000 euro-, gizarte behar berrien eta gizarte arretaren inguruko ikerketa eta berrikuntza proiektuak -40.000 euro-, eta ekipamendua erostea -50.000 euro-.
Imanol Lasa foru bozeramaileak azaldutakoaren arabera, babesgabetasun egoeran dauden pertsona eta kolektiboekin lan egiten duten elkarteen jarduna bultzatzea dute helburu diru laguntzok: mendekotasuna edota desgaitasuna, babesik gabeko adin txikikoak, adinekoak, eta indarkeria matxistaren biktimak. Gizarteratze, familia edo boluntariotza arloetan lan egiten duten entitateak ere dira onuradun. Aurtengo deialdira 2018. urteko kopuru berbera bideratzea erabaki du Foru Aldundiak, duela bi urte egindako igoera -150.000 finkatuz-, gizarte inklusioari lotutako proiektuak indartzen jarraitzeko asmoarekin bereziki, Elkar-EKIN egitasmoari jarraiki, eta Gipuzkoa Europan desberdintasun gutxien duten herrialdeen artean kokatzeko helburu estrategikoaren barruan.
2018. urtean hain justu, deialdi honen bidez, 345 programa jarri ziren martxan, Gipuzkoako 131 elkarteren eskutik –aurreko urtean baino 71 eta 24 gehiago, hurrenez hurren-. Arlo hauetan egiten dute lan: desgaitasuna edo mendekotasuna -81-, adinekoak -6-, familia -2-, adin txikikoak eta nerabeak -6-, gizarte inklusioa -28-, indarkeria matxistaren biktimak izan diren emakumeak -1-, boluntariotza -3- eta besteak -4-.
Gizarte esku hartzeko programek osatzen dute lan ildo inportanteena, eta dotazio ekonomiko altuena duena. Horien barruan, arreta integrala bultzatzen da pertsona eta kolektiboentzat, honako ekintzak aintzat hartuta: harrera, laguntza eta baliabideen inguruko orientazioa; arreta psikologikoa –norbanakoa eta taldekakoa-; aholkularitza juridikoa; gizarteratze komunitarioko jarduerak egoera zailetan dauden kolektiboetan; autolaguntza taldeak; eta ikastaroen antolaketa elkarteetako bazkideentzat, kolaboratzaileentzat, eta boluntarioentzat.
Ikerketa proiektuak sustatzeko lan ildoari dagokionez, helburu bezala dauzka, besteak beste, gizarte zerbitzuek aurre egin beharreko gizarte behar berriak definitzea eta neurtzea, eta pertsonekin, familiekin eta taldeekin egin beharreko gizarte esku hartze berritzaileen emaitzak praktikan jartzea eta ebaluatzea. “Berrikuntza eta ikerketa ezin dira bakarrik arlo ekonomikora edo zientifikora mugatu. Gizarte politiketan ere, ezinbestekoa da esperimentatzea, etorkizunari aurre hartzea eta lan egiteko modu berriak frogatzea, Etorkizuna Eraikiz dinamikarekin egiten ari garen moduan”, adierazi du Lasak
Diru laguntza jaso duten elkarte kopuruak arlo guztietan gora egin badu ere, igoera hori oso esanguratsua da desgaitasunari eta mendekotasunari lotutako programen kasuan, 2017an 64 izatetik 2018an 81 izatera pasa baitziren. Foru Aldundiarentzat “lehentasunezkoa” da arlo hori, “Gipuzkoako gizartearen zahartzea”, hain zuzen. Gaur egun lurraldeko herritarren batez besteko adina 44,69 urtekoa da. “2031rako, batez besteko adina 47,19ra igoko da. Orain, Gipuzkoako 89 udalerrietatik 38tan, biztanleriaren % 20 baino gehiago 65 urtetik gorakoa da; mendekotasuna duten pertsonei dagokienez, egun 29.000 dira, eta 2031n, berriz, 39.000 izango dira”, zehaztu du.
Datu horiek kontuan izanik Foru Aldundiak ibilbide-orri bat prestatu du, Gipuzkoako “arreta ereduaren barruan, zahartzearen erronkari aurre egiteko”. Era berean, gaineratu du hori posible izan dela hainbat jarduera abian jarri direlako, besteak beste, “boluntariotza sustatzeko, autonomia sustatzeko eta mendekotasuna prebenitzeko, eta mendekotasun egoeran bizi diren pertsonei, eta orokorrean, desgaitasuna duten pertsonei, arreta eta babesa eskaintzeko”, betiere “zahartze aktiboa” lortzeko helburuz, eta mendekotasunari emandako arretak “autonomia pertsonala” benetan bultzatzen lagun dezan.
Diru laguntzen inguruko informazio guztia GAOn argitaratuko da laster, eta Aldundiaren egoitza elektronikoan (www.gfaegoitza.eus) ere egongo da eskuragarri. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, oinarrien publikaziotik hasita. Foru bozeramaileak azpimarratu duenez, gizarte ekimeneko entitate eta elkarteak, “horietako asko tamaina txikikoak”, funtsezko bazkideak dira gizarte babeserako gipuzkoar sistemak behar bezala funtzionatzeko. “Erakundeok haien eskutik joan behar dugu, haien gertutasunagatik, askotan gu iristen ez garen tokira iristen direlako, kaleko errealitatea ezagutzen dutelako, eta badakitelako zeintzuk diren behar zehatzak”. Ildo horretan, Aldundiak elkarlanerako hitzarmen finkoak dauzka Gipuzkoako hirugarren sektoreko 50 elkarterekin, eta beste askotara iristen da diru laguntzen bitartez, horietako asko tamaina txikikoak.
Foru bozeramailearen esanetan, Gipuzkoaren gizarte arretarako sistemak, bi ezaugarri nagusi eta bereizgarri dauzka, “erreferente” bihurtzera eraman dutenak. “Alde batetik, hirugarren sektorearekiko elkarlana, etorkizunari modu kolektiboan aurre egiteko,eta gizarte ekonomikoki eta sozialki orekatua eraikitzeko oinarri gisa. Ezin da ekimen soziala ordezkatu; osatu behar dugu, guztioi eragiten diguten arazoei eta erronkei aurre egiteko modurik onena ahaleginak eta indarrak batzea delako, hain zuzen. Eta bestetik, pertsonengan, beraien bizi kalitatean eta duintasunean oinarritutako arreta, ezin dugulako inor atzean utzi, eta gutako edonork ikusi dezakeelako bere burua horrelako egoeretan. Konbikzio horren gainean jarraitu behar dugu etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzen”, amaitu du.1798