Hondakinen Kontsortzioak onartu ditu GIGren bigarren fasea eraikitzeko pleguak
Hondakinen Kontsortzioak onartu ditu GIGren bigarren fasea eraikitzeko pleguak
Asensio: "Ingurumen Gunearen bigarren fasea ere abian jarrita, legealdi honen amaieran konponduta izango dugu hondakinen arazoa"
José Ignacio Asensio: "Ingurumen Gunearen bigarren fasea ere abian jarrita, legealdi honen amaieran konponduta izango du Gipuzkoak hondakinen arazoa eta, horrela, beteta geratuko da herritarrekin hartutako konpromisoa".
GHK kontsortzioan gaur egun dagoen kudeaketari eta kontrolari esker, tarifak egonkortzea eta lehen izan ziren igoerak amaitzea lortu da.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidente eta Ingurumeneko foru diputatu José Ignacio Asensiok, Gipuzkoako Ingurumen Gunearen bigarren fasea kontratatzeko pleguak onartu izanaren balorazioa egiterakoan, hau esan du: erabaki honek behin betiko konponbidean jarri du hondakinen kudeaketan Gipuzkoan genuen arazoa". Ingurumen diputatuak azpimarratu duenez, "Ingurumen Gunearen bigarren fasea ere abian jarrita, legeldi honen amaieran konponduta izango du Gipuzkoak hondakinen arazoa eta, horrela, beteta geratuko da herritarrekin hartutako konpromisoa". Asensiok azpimarratu du: "erabaki honek, hondakinen kudeaketaren arloan, Europako herrialde aurreratuenen abangoardian jartzen gaitu".
Erabakia Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketarako Kontsortzioak onartu du Batzar Nagusian. Botoen %73,5 aldekoak izan ditu, eta %9,3a bakarrik kontra. Lizitazio publikoa babestu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kontsortzioan ordezkaritza duten mankomunitate guztiek, Tolosaldeko mankomunitateak izan ezik, eta Urola Erdiko eta Sasietako mankomunitateen abstentzioarekin. Hartutako erabakiaren bidez, oniritzia eman zaio, bai egin den azterlanari, bai kontratazio espedienteari, eta aurreikusten da obra publikoaren emakidaren formulaz esleitzean Gipuzkoako Ingurumen Gunearen 2. fasea diseinatzeko, eraikitzeko, finantzatzeko, ustiatzeko eta mantentzeko kontratua.
Une honetatik aurrera, interesatuta dauden enpresek 60 eguneko epea dute eskaintzak aurkezteko. GIG-2 gunearen eraikuntza lehen faseko lanekin paraleloan egingo dira, eta, beraz, bi obrak aldi bertsuan amaitzea aurreikusten da, legealdiaren amaieran. Obrak datorren apirilean hasiko dira, 12 hilabeteko epea izango dute eta, ondorioz, 2019an ustiatzen hasteko modua izango dela aurreikusten da.
Azpiegitura berrian, biometanizazio planta bat eta zepen zahartzapen planta egingo dira. Bi planta horiek osatzera datoz GIG-1 gunean eraikitzen hasita dauden tartamendu mekaniko biologikoko planta eta balorizazio energetikokoa, horrela Gipuzkoako hondakinen tratamendua ixteko azpiegitura biribilduz. GIG-2 gunea Eskuzaitzeta poligonoan kokatuko da, Zubietako eremuan, 31.988 m2-ko partzela bat hartuz, lehen gunetik 300 metro eskasetara. Bigarren faserako aurreikusten den inbertsioa 37 milioi euro ingurukoa da.
Bigarren Ingurumen Gunean aurreikusitako biometanizazio plantak urtean 40.000 tona tratatzeko gaitasuna izango du hasiera batean, eta gaika bildutako materia organikoa jasoko du. Instalazioak izango duen teknologiari esker biogasa ekoiztu eta energia sortuko da hondakinen frakzio organikoarekin. Zepen balorizaziorako plantan, balorizazio energetikoko plantatik datozen hondar solidoak tratatuko ditu, urtean 52.000 tona hartzeko gai izango da eta prozesu desberdinen bitartez hondar horiek agregakin birziklatu bihurtuko ditu, obra publikoan erabiltzeko moduz utziz (errepideetan, eta abar). Martxan jartzean GIG-2 guneak 30 lanpostu zuzen sortuko dituela aurreikusten da.
Kontsezioaren baldintzak
Gipuzkoako Ingurumen Gunearen bigarren fasearen pleguak diotenaren arabera, esleipendunak 37,4 milioi euroko inbertsioa egin beharko du GIG-2a eraiki eta abiarazteko. Gunearen bigarren fasea martxan dagoenean, kontratistak 6 milioi jasoko ditu urtean (urteko gehieneko kuota), zenbateko hau egindako inbertsioarengatik eta instalazioaren kudeaketarengatik izango da 20 urte bitartean (eraikuntza aldia barne hartuta). Kontsortzioak abiaraztea onartzen duenean hasiko da kanona ordaintzen.
Aurrekontua eta tarifa
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak 2018rako aurrekontua ere onartu du, eta mankomunitateen hiri hondakin solidoen altako kudeaketagatik dituen zerbitzuen tarifak mantentzea erabaki du.
Datorren urterako onartu duen aurrekontua 40.559.161 eurokoa da. 2017ko aurrekontuarekin duen alde nagusia da 2018an 39.000 tona bio-hondakin kudeatzeko aurreikuspena duela, aurreko ekitaldian 36.000 tona kudeatu zituen bitartean. Hortaz, bio-hondakinetan % 8,33 gehiago kudeatuko ditu Kontsortzioak. Bestalde, 160.000 tona errefus zabortegira eramango dira, 2017ko ekitaldian eraman zen bolumen berdina. Era berean, Legazpiko ontzi sailkapeneko plantatik 4.500 tona birziklatzera bidaliko direla kalkulatzen da, 2017ko bolumenaren oso antzekoa, alegia.
Kontsortzioaren 2018ko aurrekontuetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo duen ekarpena jasota dago, baita ere, guztira 6 milioi eurokoa izango dena.
2017an egon den tarifari eutsi egingo zaio, 2018an igoerarik egin gabe, alegia. Horrela, tarifak ez du igoerarik izango, bigarren urtez egidan. Tarifen prezioak izango dira 173 eurokoa errefus tona bakoitzeko eta 129koa bio-hondakin tona bakoitzeko. Honi dagokionez, Asensiok esan du: "GHK kontsortzioan gaur egun dagoen kudeaketari eta kontrolari esker, tarifak egonkortzea eta lehen izan ziren igoerak amaitzea lortu da"-
Onartu da, baita ere, bio-hondakinaren zatikian tarifa hobari mailakatu bat ezartzea, % 15etik % 35era bitartekoa, mankomunitate bakoitzean bio-hondakinaren zatikiak hondakin guztiaren aldean (bio-hondakina eta errefusa) hartzen duen pisu erlatiboaren arabera. Hobari honen helburua da bio-hondakinen gaikako bilketa sustatzea Gipuzkoako herri guztietan, baina, batez ere, maila horiek Europako Batasunak 2020rako ezarri zuen mailara (% 50) iritsi ez diren herrietan.
Hobarien taula |
Hobaria |
Bioa guztira % 0 - 10 |
% 15 |
Bioa guztira % 10 - 20 |
% 20. |
Bioa guztira % 20 - 30 |
% 25 |
Bioa guztira % 30 - 50 |
% 30 |
Bioa guztira % 50etik gora |
% 35 |
DGN.actualidad.detalle.adjunto:
1593