Iberian Mice Forum topaketa Gipuzkoara heldu da
Iberian Mice Forum topaketa Gipuzkoara heldu da
Europako ia ehun enpresa saltzaile eta erosle bilduko ditu
San Sebastian Region eta San Sebastián Turismo & Convetion Bureau bulegoek bat egin dute ekainaren 29an eta 30ean Europako MICE sektorearen topaketa antolatzeko. 1.500 hitzordu baino gehiago izango dira aurrez aurre.
Itxaso: «Topaketa honek bihar-etzi Gipuzkoara biltzar eta ekitaldi gehiago ekar ditzake, eta horrek xede dugun turismo eredua -jasangarria eta urte osoan zabaltzen dena- finkatzen lagun gaitzake».
Gasco: “Azken urte hauetan kalitatezko eta prestigiozko helmuga izateko lanean ibili gara eta tankera hauetako topaketak hiriaren kalitatezko markaren adibide dira”.
Donostia eta Gipuzkoa aukeratu dituzte Iberian Mice Forum delakoaren anfitrioi izateko. Forum hori Biltzarretako Turismoaren Industriak antolatzen duen ekitaldi nagusietakoa da, eta helburua du sareko lana erraztea eta negozio aukerak trukatzea Europako guztiko saltzaile eta erosleen artean. Hala jakinarazi du Kultura eta Turismo diputatu Denis Itxasok, Ernesto Gasco, Donostiako alkateordea eta Monte Igueldo hoteleko Marymi Pascualekin egin duen agerraldian.
Topaketa ekainaren 29an eta 30ean egingo da, eta dagoeneko Frantzia, Alemania, Erresuma Batua, Belgika, Eskandinavia, Irlanda, Italia eta Mónacoko 40 eroslek gure artean izango direla egiaztatu dute. Saltzaileei dagokienez, Espainiako hotel, hotel kate, biltzar jauregi, biltzar-antolatzaile profesional, venues enpresa, eta Convention Bureauetako 40 hornitzailek eman dute izena. Goizeko bi saioetan 1.500 hitzordu baino gehiago izango dira aurrez aurre Mercure Monte Igueldo hoteleko aretoetan.
Itxaso pozik azaldu da biltzar garrantzitsu honek «bihar-etzi Gipuzkoara biltzar eta ekitaldi gehiago ekar ditzakeelako», hain zuzen ere, azoken, erakusketen, eta erakustazoken antolaketan oinarritutako negozio turismo hori bilatzen dugun turismo jasangarri eta antolatuaren ereduaren adibide bikaina da, enplegua eta aberastasuna sor baititzake modu orekatuan eta lurralde guztian banatuta, eta urte sasoi guztietan, eta, horrela, bultzada handia eman, merkataritzari zein ostalaritzari».
Ernesto Gascok nabarmendu du Donostia 6. tokian dagoela estatu mailari dagokionez nazioarteko erreferentzia sailkapenean (International Congress and Convention Association), eta nazioarteko hirien zerrendan erdi aldean dagoela. “Liverpool, New Orleans eta Montpellierren maila berean gaude, eta biltzarren turismorako Kantauri kostaldeko erreferentzia onena gara. Azken urte hauetan kalitatezko eta prestigiozko helmuga izateko lanean ibili gara eta pixkanaka pixkanaka lortzen ari gara eta ez bakarrik hondartza-turismoarekin. Iberian Mice Forum bezalako topaketen aldeko apustua egiten dugu kalitatezko kokapena ematen dio hiriari eta desestazioanalizarioaren mesederako delako”
San Sebastian Region eta San Sebastian Turismo & Convention Bureau bulegoak lankidetzan arituko dira Iberian Mice Forum delakoa antolatzen, gure lurraldea eta bertako baliabideak ekitaldien, topaketen eta biltzarren helmuga gisa sustatzeko. Mercure Monte Igueldo hotelak ere ekimen honetan parte hartzen du, bertan egingo baita MICE Sektorearen foro ospetsua.
Iberian MICE Forums direlakoek sareko metodologia zorrotza erabiltzen dute. Antolatzaileek aurrez aurreko hitzordu kopuru jakin bat bermatzen dute, bakoitza 15 minutukoa, eta horrela, lehenengo lan harremanak modu oso zuzen eta zehatzean egiten dira. Gainera, topaketa hauek egitarau sozial erakargarri eta eraginkorra izaten dute, lan bileren osagarri, eta horren helburua izaten da erosleek bertatik bertara ezagutzea helmuga. Egitarauan egiten diren jardueren bidez erosleen eta saltzaileen arteko loturak errazten dira, eta aukera paregabea eskaintzen dute lan bileretan hasitako harremanak sakontzeko.
Egitarau soziala
Ekitaldiaren programa sozialaren helburua da erosleek bertatik bertara ezagutzea helmuga, eta era guztietako ekitaldiak eta bilerak antolatzeko eskaintzen dituen aukerak.
Antolatu diren jardueren artean aipatzekoak dira, besteak beste, Monte Igueldo hotelean egingo den inaugurazio ekitaldia, 20ko hamarkadan girotua egongo dena; Ciudad de San Sebastián katamaranean bidaia Pasaiara; eta Albaolan egingo den marinel korapilo tailerraren inguruko teambuilding jarduera. Gainera, mundu zabalean ezaguna den euskal gastronomiaren sekretuak ezagutzeko aukera izango dute Ni Neu jatetxean egingo den tailerrean, eta ondoren, afaria han bertan itsasora begira. Ekitaldia amaitzeko, Rezabal txakolindegian mokadutxo bat eskainiko zaie, eta gure txakolin ekoizpenaren lagin bat dastatzeko aukera ere izango dute.
Topaketa ostea
Iberian Mice Forum topakearen ondoren, Europako merkatuko 20 erosle hautatu Gipuzkoan geldituko dira, biltzarren eta ekitaldien merkaturako interesgarriak izan daitezkeen beste espazio batzuk ikustera joateko. Horrela, 20 pertsona hautatu horiek aukera izango dute Cristobal Balenciaga museoa ikusteko, sagardotegi batean gure benetako sustraiak ezagutzeko, eta Chillida Leku museo ospetsua bisitatzeko.
1808