Breadcrumb

Asset Publisher

Back Igandean Beasainen emakume batek salatutako sexu erasoa irmoki gaitzesten du Aldundiak

Igandean Beasainen emakume batek salatutako sexu erasoa irmoki gaitzesten du Aldundiak

Gipuzkoako Foru Aldundiak, erakunde adierazpen honen bitartez, pasa den igandean Beasainen emakume batek salatu duen sexu erasoa irmoki salatu eta arbuiatu nahi du. Foru erakundeak, aldi berean, elkartasun osoa eta babesa eskaini nahi dizkio sexu erasoa pairatu duen emakumeari, nahiz haren gertuko lagun eta senitartekoei

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko Gipuzkoako protokolo instituzionalari jarraituz, Foru Aldundiak bat egiten du Beasaingo Udalak gaur kaleratu duen adierazpenekin. Beste behin ere, gizon eta emakumeen berdintasunaren aldarrian jartzen dugu azpimarra, halako erasoen oinarri-oinarrian gizon eta emakumeen berdintasun eza baitago, emakumeak kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak. Emakumeen duintasuna, sexu askatasuna eta integritate fisikoa eskubide urraezinak dira. Eskubide horien aurkako ekintzak erabat onartezinak dira, ez dute lekurik gure gizartean.

Gipuzkoako udalerrietako uda eta festa garaiaren atarian, aisialdirako eta gizarte-harremanetarako aukerak berreskuratzen ari garen testuinguru honetan, are irmoago indartu eta zabaldu behar dugu indarkeria matxistaren aurkako mezua. Emakume guztiek dute jaiez, aisialdiaz eta gizarte harremanez askatasun osoz gozatzeko eskubidea, eta, horregatik, indarkeria sexistarik gabeko kale, auzo, udalerri eta hiriak nahi ditugu.

Foru erakundeak herritar guztiei dei egiten die bortizkeria matxistaren aurrean erne jarraitzeko eta halako erasoen aurkako jarrera erakusteko. Miren Elgarresta Berdintasunerako foru zuzendariak gaur 19:00etan Beasaingo Erauskin plazan egingo den elkarretaratzean parte hartuko du.

  

2506