Igandeko hauteskundeen jarraipen eguneratua eta denbora errealekoa, Foru Aldundiaren web orrian
Igandeko hauteskundeen jarraipen eguneratua eta denbora errealekoa, Foru Aldundiaren web orrian
Foru erakundeak sakonki berritu du ‘hauteskundeak.gipuzkoa.eus’ web orria, eduki gehiagorekin eta sarbide errazagokoekin.
Foru Aldundiak, gaur, hauteskundeak.gipuzkoa.eus web orria aurkeztu du, zeinaren bitartez herritarrek igandeko udal, foru eta Europako hauteskundeen jarraipen zehatz eta sakon bat egin ahal izango baitute. Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuko diputatu Imanol Lasak azaldu duenez, “eraldaketa sakon bat” egin da webgunean, eta pasatu da “eredu estatiko batetik eredu askoz intuitiboago batera, eduki gehiagokora eta sarbide errazagokora”, ’business intelligence’ tresnan oinarrituta, zeinari esker “gipuzkoar guztiek bertatik eskuratu ahal izango baitute hauteskundeei lotuta dagoen interes publikoko informazio guztia, eta hori funtsezkoa da gardentasunaren ikuspuntutik begiratuta”.
Hauteskunde gauean, mahaiak ixten joan ahala, Datu Kontaketako Zentroa emaitzak jasotzen hasiko da, eta denbora errealean ikusi ahal izango dira, ‘EMAITZAK 2019’ atalean. Bi minutuan behin eguneratuko dira, kontaketaren % 100era iritsi arte, bai foru hauteskundeen kasuan bai udal eta Europakoenean. Hemiziklo formako grafiko batek edo barra-grafiko batek emaitzak laburbilduko ditu, eta 2015ekoekin konparatu ahal izango dira; kolore bakoitzaren gainean klik eginez, informazio gehiago ezagutu ahal izango da, hala nola boto kopuru zehatza eta guztizkoaren ehunekoa. Atal berean, kontaketaren laburpen eguneratua azalduko da, datu hauek barne: partaidetza –taula konparatiboa eta guzti–, boto baliodunak, zuriak, baliogabeak, eta abstentzioa.
Batzar Nagusietarako hauteskundeen kasuan, emaitzen bilaketa kategoria hauen arabera egin daiteke: udalerriak, dauden lau hauteskunde barrutietako edozein, eta lurralde osoa. Gainera, Europako hauteskundeek udalerri bakoitzean izandako emaitzak ezagut daitezke. Orobat, emaitzen atalean, honelako datuak eskuratu ahal izango dira: unean uneko emaitzen arabera alderdi politiko bakoitzak lortutako zinegotzi eta batzarkide kopuruaren estimazioa, zein alderdi politikok lortzen duen jokoan dagoen azken ordezkaria, hori egiteko aukera duten hurrengo bi alderdi politikoak, eta zenbat boto beharko lituzketen horretarako. Grafikoak partekatu ahal izango dira bai web orrietan bai sare sozialetan –Facebook eta Twitter–.
Beste berrikuntza nagusietako bat da ezen, hauteskunde gaua eta kontaketa ofiziala amaituta, hurrengo egunean, AURREKO EMAITZAK izeneko atala eguneratuko dela, eta, horri esker, analisi sakonago bat egin ahal izango da, era askotako grafiko, taula eta mapa interaktiboekin. Taula konparatiboak egin ahal izango dira 2007tik egindako foru eta udal hauteskundeetako emaitzen artean, eta hainbat kategoria hautatu, hala nola udalerria, urtea eta alderdi politikoa, eta, gainera, zenbait udalerritako emaitzak batu, zeinak aparteko interesa baitu mankomunitateen kasuan.
Era berean, emaitzak kontsultagai egongo dira open datako eta gardentasuneko gipuzkoa.irekia.eus atarian, datu irekien katalogoan, non CSV formatuan eskuratu ahal izango diren, hauteskunde deialdi bakoitzak dataset bat duela.
Orobat, atal bat dago hauteskunde prozesuaren egutegi osoa duena, non ekintza hauen egunak zehazten diren: boto kontaketa orokorra eta hautetsiak aldarrikatzea, erreklamazioak eta errekurtsoak aurkeztea, dirulaguntzak, hauteskunde kontabilitatea aurkeztea, eta toki korporazioak nahiz Gipuzkoako Batzar Nagusiak eratzea. Azkenik, herritarrek kontsultagai izango dute hauteskunde prozesu desberdinei buruzko dokumentazio guztia: deialdiak, zeinek osatzen dituzten hautagai zerrendak, hauteskunde batzordeak eratzea, bai Gipuzkoakoa bai eskualdeetakoak, eta alderdi politikoentzako dirulaguntzen arauketa.
Hauteskunde antolabidea
Araubide Zuzendaritza eta IZFE arduratuko dira hauteskunde antolabidearen funtzionamendua koordinatzeaz. 600 laguneko sare bat antolatu da kontaketa egiteko, Foru Aldundiko eta udaletako pertsonekin eta laguntzaileekin, zeinari esker iritsiko baita lurraldeko 89 udalerrietara eta udalerria baino lurralde eremu txikiagoko bi erakundeetara –Itziar eta Ereñotzu–. Horietako gehienen zeregina izango da 248 lokaletan banatutako 662 hauteskunde mahaietako emaitzak telefonoz helaraztea Datu Kontaketako Zentroari, IZFEn egongo baita. Prozesua ahalik eta arinena joan dadin, sarea osatzen duten pertsonentzako prestakuntza-jardunaldiak ez ezik, hauteskunde egunaren simulazio bat ere egin da.
Aurreikuspenen arabera, 23:00etarako osatuko da eta egingo da publiko zenbaketa. 2015ean, 22:00etarako, udal hauteskundeen kontaketaren % 91 osatu zen, eta foru hauteskundeen % 60. Foru Aldundiaren eledunak azpimarratu duenez, igandean “jokoan dago Gipuzkoaren etorkizuna, eta, Batzar Nagusien eta Foru Aldundiaren kasuan, baita gure autogobernu sistemaren funtsezko erakunde batzuen osaketa ere, garrantzi ikaragarriko eskumenak baitituzte, hala nola gizarte politikak eta zergak; horregatik, dei egiten diegu herritarrei botoa emateko duten eskubidea erabil dezaten, eta partaidetza ahalik eta handiena izan dadin”.
1982