Indarkeria sexistaren aurkako fronte komuna
Indarkeria sexistaren aurkako fronte komuna
Markel Olanok 51 alkateren aurrean aurkeztu du lurralde osorako erantzun publikorako lehen protokoloa
Indarkeria sexistaren aurkako erantzun publiko instituzionalerako udalerrientzako lehen protokoloa aurkeztu da gaur. Prokolo honek ekintza esparrua eta erantzun harmonizatu eta estandarizatu komuna eskaintzen du Gipuzkoa osorako, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako batasuna adierazteko eta berdintasunaren aldeko irudia bateratua emateko helburua duena. Foru jauregian aurkeztu dute gaur goizean dokumentua, lurralde osoko 51 alkatek eta hainbat udal hautetsik parte hartu duten jardunaldi batean. Erakunde mailako norabide bakarreko erantzun irmoa ematen duen komunikazioan jartzen du azpimarra protokolo honek eta lortu nahi dena da Gipuzkoan fronte sinboliko komun eta kohesionatua eraikitzea ahalbideratuko duen erreferentzia eta tresna bakarra bilakatzea.
Jargi Aretoan 70 kargudunen aurrean egin den ekitaldian, Markel Olano diputatu nagusiak adierazi du, lurralde osoko herri ordezkari gisa eurei dagokiela "emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun argi, irmo eta koherentea ematearen ardura". Hala, "lehen mailako gizarte arazo baten" aurrean aurkitzen direla ohartarazi du diputatu nagusiak eta zehaztu du "gizarte moduan aurre egin beharrezko egiturazko arazo handienetako baten aurrean" gaudela, hau da, "gizonen eta emakumeen arteko desberdinkeria". Olanorentzat, "neurri handi batean, gure garapena eta etorkizuneko ongizatea gaur egun abiarazten ditugun berdintasun politika eta ekintzek zehaztuko dute". Gauzak honela, garrantzi berezia eman dio diputatu nagusiak protokoloak jasotzen duen konpromiso publikoari.
Gaurko ekitaldian tresna berri honen aurkezpen publikoa gauzatu da. Miren Elgarresta, Berdintasunerako Organoaren zuzendariak azken hilabeteetan erakundearen eta udalerrien artean egin den koordinazio lan zabala azaldu du eta kasu konkretuen esperientziak ere ekarri dituzte Tolosako, Usurbilgo eta Getariako alkateek. Hain zuzen, protagonismo nagusia dute udalerriek protokolo honetan. Baita udalerri txikiek ere, protokoloarekin sarri baliabide nahikorik izaten ez duten udaletxeei tresnak eman eta bidea erraztea bilatzen baita.
Aurre! Foru Plana
Gipuzkoako Foru Aldundiak urteak daramatza emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko apustua egiten, horretarako arau eta egokitze esparru bat prestatuz: esaterako, 2/2015 Foru Araua, martxoaren 9koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoa; 2016ko Aurre! Foru Plana, Gipuzkoan emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko; edo 2017ko Gipuzkoako Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko Protokolo Instituzionala.
2017an, Gipuzkoako emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko lehen protokolo instituzionalaren garapenaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak beste aurrerapauso bat eman zuen emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako eta berdintasunaren aldeko bere jarreran eta lurraldeko agenteekin lan egiteko bere konpromisoan.
Lurralde Historiko osorako Protokolo bateratu eta estandarizatu bat osatzeak ibilbide honetan eman beharreko hurrengo pausoa eta irudi bateratua proiektatuko ditu, bai lurralde mailan, bai diskurtso mailan eta baita maila sinbolikoan ere, horren bidez zabaldu nahi den ideia argia eta indartua eman ahal izateko eta herritarrekin batera emakumeen aurkako indarkeria mota guztiei aurre egiteko fronte komun bat eratzeko. Lan honetan eragile sozialak inplikatzeak izaera bateratuko ibilbide bat eskaintzen du, eta salaketa bateratua tartekatzeko dinamika bat artikulatzen du, eta ezinbestekoa da komunikazio instituzionala ez ikustea iniziatiba isolatu gisa, baizik eta elkarrekin lan egiten duten pertsonek osatutako nodo interkonektatu bat bezala, hartara sinergiak sortzen dituen eta akzioei legitimotasuna ematen dien “mugimenduaren” edo akzio kolektiboaren irudi bat osatuz. Honekin lotuta, diputatu nagusiak "gizarteak eta eragile sozialek egindako lana" txalotu du, "Gipuzkoa indarkeria sexistarekiko zero tolerantzia duen lurraldea bihurtzeko erakutsitako konpromiso nekaezinarengatik".
Lurralde osorako pauta eta ekintza sorta komunak
Honenbestez, lurralde mailako batasuna eskaini nahi da protokoloarekin, irudi bateratua eta erantzun komuna eskainiz. Honetarako, esparru juridiko, terminologiko eta koordinatua zehazten da indarkeria sexistaren kasuen aurrean, pautak emanez eta erantzunerako bideak seinalatuz. Honetarako gerta daitezkeen eszenario ezberdinak deskribatu eta horien aurrean eman beharreko urratsak erakutsi eta antolatzen dira (eszenarioak hilketatik hasi era askotariko eraso sexistetara doaz). Zehaztutako eszenario bakoitzeko, erakunde arteko koordinazio urratsak agertzen dira eta deialdietarako ekintzak deskribatzen dira, baliabideak eskainiz (komunikazio instituzionalak, prentsa ohar ereduak, deialdiak...). Protokoloak, halaber, Aldundiak erasoa jasan duen emakumearen eta haren senideen eskura Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen dituen arretarako eta informaziorako zerbitzuak ere eskaintzen ditu
1375