Industria aurreratuaren eta nazioartekotzearen alde 2 milioi euro bideratu ditu Aldundiak
Industria aurreratuaren eta nazioartekotzearen alde 2 milioi euro bideratu ditu Aldundiak
Ekonomia Suspertzeko Planaren beste bi programa onartu ditu gaur Diputatuen Kontseiluak, hauetako bat berria delarik
Diputatuen kontseiluaren ondoren eskainitako prentsaurrekoan, Gipuzkoako industria 4.0 indartzeko eta nazioartekotzea sustatzeko diru-laguntzen programak eta deialdiak iragarri dituzte Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, eta Imanol Lasa foru bozeramaleak. Bi programa aurkeztu dira: “Gipuzkoa Industria 4.0: Produktuen eta zerbitzuen garapena” eta “Internazionalizazio Programa”, eta hauetarako guztira 2 milioi euro bideratuko dira.
Ainhoa Aizpuruk Gipuzkoan industriak duen pisua gogora ekarri du, “arrastre ahalmena, aberastasuna eta enplegua sortzeko gaitasuna, eta nazioartekotzerako eta I+G+b-ren garapenerako palanka izateko ahalmena” duela adieraziz. Horregatik, legealdi honetan industria sektorearen aldeko ahalegin berezia egiten ari direla ziurtatu du: “Aldundiak industria aurreratu baten aldeko apustu irmoa egiten du, fabrikazio aurreratuago bateranzko bilakaera sustatuz, eraginkorragoa eta jasangarriagoa izan dadin, teknologia eta material berriak txertatu ditzan, eta aldi berean, berritzailea izan dadin diseinuan, komertzializazioan, negozio ereduetan edo kudeaketa sistemetan”.
Bide horretan doa Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri duen “Gipuzkoa Industria 4.0: Produktuen eta zerbitzuen garapena” izeneko programa berria. Programa hau 700.000 euroko diru poltsarekin dago hornituta. Fabrikazio aurreratura eta industria 4.0ra bideratutako produktu, teknologia edo aplikazio berrien garapenera zuzendutako egitasmoa da. Proiektuek laguntza jaso dezaten 30.000 euroko aurrekontua izan behar dute, eta oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa berrien kasuan 15.000 eurokoa. Aizpuruk azaldu duenez, besteak beste ondorengo proiektuek laguntza jasotzeko aukera izango dute: ekoizpen prozesuaren kudeaketa eta kontrola, industria 4.0 produktuak, konektibitatea eta mugikortasuna, zibersegurtasuna, Big Data, Robotika aurreratua, Fabrikazio gehigarria eta 3D inprimaketa, Prozesu eta produktu trazaduren teknologiak, edota Sistema adimentsuak.
2046