Industria konektatuan jarriko du arreta Makina-erremintaren 21. Kongresuak
Industria konektatuan jarriko du arreta Makina-erremintaren 21. Kongresuak
Ekonomia Sustapeneko diputatuak beharrezkotzat jo du Gipuzkoako industriak “lehiakortasunean, digitalizazioan eta talentuaren kudeaketan” sakontzen jarraitzea
Datorren asteazkenetik, hilak 25, aurrera Donostiako Parke Zientifiko eta Teknologikoko eraikin nagusian egingo den Fabrikazioa Aurreratua eta Makina-erremintaren 21. Kongresua aurkeztu dute gaur Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, eta AFMko zuzendari nagusiak, Xabier Ortuetak. Hitzordu garrantzitsua, Estatuan egiten den gisa honetako nagusia, fabrikazio aurreratuarekin zerikusia duten enpresa, aditu eta erakundeentzat.
Berritasunez betea dator teknologia kongresu hau, herrialdeko ibilbide luzeena duena, eta industria konektatuan jarriko du arreta. 1976. urtean hasi zenetik, ikuspegi zientifiko-teknikoa uztartzen du kongresu honek. Oraingo honetan industriaren digitalizazioan, prozesuen berrikuntzan eta talentuaren kudeaketan sakonduko dute, enpresen eta errekonozimendu handiko hizlarien parte-hartzearekin.
Industria aurreratua eta konektatuaren alorrean interes gehien sortzen duten gaien inguruan eztabaida sortu nahi du kongresuak. Hitzaldi, aurkezpen eta mahai-inguruen bitartez, tendentzia berrienetan sakonduko dute, eremu hauetan beti ere: makinen eta konponenteen diseinua, fabrikazio eta mekanizaziorako prozesuak, automatizazioa eta robotika, fabrikazio gehigarria, big dataren desafioak, zibersegurtasuna eta talentuaren kudeaketa.
Irekiera zein itxiera ekitaldietan erakundeen ordezkaritza zabal batek hartuko du parte, berrikuntza industrialaren alde egiten duen kongresu honekin duen konpromisoaren lekuko.
Lehiakortasuna, digitalizazioa eta talentua. Hiru desafio horiek berebiziko garrantzia dute, Gipuzkoaren etorkizuna dagoelako jokoan. Gure ongizate eredu sozio-ekonomikoa mantendu ahal izateko, determinazioz aurre egin behar diegu erronka hauei
Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, kongresuak landuko dituen edukien artean honako hiru hauek nabarmendu ditu: “lehiakortasuna, digitalizazioa eta talentua”. “Hiru desafio horiek berebiziko garrantzia dute, Gipuzkoaren etorkizuna dagoelako jokoan. Gure ongizate eredu sozio-ekonomikoa mantendu ahal izateko, determinazioz aurre egin behar diegu erronka hauei. Horregatik da hain garrantzitsua gure industriak hiru lerro horietan sakontzea”, azpimarratu du. Gainera, makina-erremintaren sektoreak bide horretan egindako lana aitortu du diputatuak; “sektore honi babesa eta bultzada ematen jarraitu behar dugu, gure industriaren abangoardia delako”.
AFM Clusterreko zuzendari nagusiak, Xabier Ortuetak: “Gogor lan egin dugu kongresu hau, bakarra Espainian, hitzordu hau ezinbestekoa bilakatu dadin gure ekonomiaren etorkizunerako berrikuntza industriala oinarrizkoa dela sinesten dutenentzat.”
Kongresuaren itxiera ekitaldian, hilaren 27an, ohitura bihurtu den moduan, lau sari bakatuko dira: enpresa batek aurkeztutako lan onenari, komunitate zientifiko-teknikoak egindako aurkezpen nabarmenenari, eskola tekniko batean egindako ikasturte amaierako proiektu onenari, eta euskaraz egindako hitzaldi onenari.
2763