Breadcrumb

Asset Publisher

Back Industriak eta zibersegurtasunaren sektoreak bat egingo dute ZIURek antolatu duen Industrysec 2021 kongresuan

Industriak eta zibersegurtasunaren sektoreak bat egingo dute ZIURek antolatu duen Industrysec 2021 kongresuan

Ekitaldia datorren azaroaren 18an egingo da Tabakaleran.

2021/10/28

Tabakalera zentroak Industrysec 2021 kongresua hartuko du azaroaren 18an, osteguna, ZIUR Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak antolatuta. Ekitaldian bat egingo dute lurraldeko industria eta zibersegurtasun sektoreek, baita alor horretako Gipuzkoako ekosistema osatzen duten ia eragile guztiek ere. Halaber, topaketak zibersegurtasunaren arloko joeren nazioarteko ikuspegia izango du, tokiko ekintzailetza-kasu arrakastatsuak aurkeztuko dira, euskal zibersegurtasuneko laborategien lana partekatuko da eta ZIURekin arlo horretako hainbat proiektutan lankidetzan aritzen diren industria enpresen esperientzia mahai gaineratuko da. Kongresua goizez egingo da, eta izena emateko epea zabalik dago. Parte hartu nahi dutenek https://ziursec.eus/atarian atariaren bitartez egin dezakete..

Topaketa 9:15etan hasiko da, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiaren ongietorri instituzionalarekin. Ondoren, ZIUR Fundazioko zuzendariak, Koldo Peciñak, Gipuzkoako zentroak azken urtean egindako lanari buruzko hitzaldia emango du. 10:00etan, konferentzien blokea irekiko da: lehenik, Eduardo Mastranzak parte hartuko du, Gartner Executive Programs enpresako senior executive partnerrak. Enpresa hori nazioarteko erreferentea da zibersegurtasunaren arloan, eta esparru horretako nazioarteko joera nagusien errepasoa egingo du. Ondoren, David Barroso Gipuzkoako Counter Craft enpresako CEOaren txanda izango da, bere tokiko ekintzailetza arrakasta kasua aurkeztuz.

Atsedenaldi labur baten ondoren, 11:45etatik aurrera bi mahai-inguru egingo dira. Lehenengoan, Ikerlan, Vicomtech eta Tecnaliako ordezkariek hartuko dute parte, eta zentro hauek dituzten zibersegurtasuneko laborategien esperientzia partekatuko dute. Bigarren eztabaida-mahaiak izaera industrial nabarmena izango du; izan ere, Betapack, Danobat, Ibarmia eta Onnera Groupeko ordezkariek ZIURekin duten harremanaz eta Gipuzkoako zibersegurtasun zentroak abian jarritako proiektu pilotuetan duten parte hartzeaz hitz egingo dute. Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatuak itxiko du kongresua.

Halaber, ZIURek Donostiako Zuatzu industrialdean duen zentro fisikoaren bigarren urteurrena ospatzeko ere balioko du kongresuak. Izan ere, 2019ko azaroaren 15ean ireki ziren instalakuntza hauek. Azpiegituraren bi urteko ibilbidean, ZIURek Gipuzkoako ehunka industria enpresekin elkarlanean jardun du. Zibersegurtasunaren arloan orientazioa eman die hauei, eta funtsezko ekarpena egin du sektore hori lurraldean egituratzeko. Digitalizazioa etorkizuneko ezinbesteko lehiakortasun-elementua denez, zibersegurtasunak are garrantzi handiagoa hartzen du egunotan.

  

2150