Ingurumeneko Departamentua Batzarkide Talde guztiekin bilduko da
Ingurumeneko Departamentua Batzarkide Talde guztiekin bilduko da
‘Gipuzkoa Klima 2050’ estrategiaren inguruan egin nahi dituzten proposamenak ezagutu eta aztertzeko
José Ignacio Asensio: “Gipuzkoako gizartearekin hasi dugun partaidetza prozesuaz gain, Batzarkide Taldeen ekarpenak ezagutu nahi izan ditugu. Beraien ekarpenak aztertuta eta gainontzeko proposamenekin batera, ‘Gipuzkoa Klima 2050’ behin betiko proiektura gehituko dizkiogu”.
José Ignacio Asensio, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Diputatua, Batzarkide Talde guztiekin bilduko da ‘Gipuzkoa Klima 2050’ Klima Aldaketari aurre egiteko estrategiaren inguruan egin nahi dituzten proposamenak zein ekarpenak ezagutu eta aztertzeko. Lehendabiziko bilera-saioa gaur izan da Gipuzkoako Foru Aldundian. Goizeko 11:30tan Juan Carlos Cano, Gipuzkoako Alderdi Popularreko Batzar Nagusietako bozeramailearekin bildu da. Ondoren, Juantxo Iturria hartu du, Podemos – Ahal Duguko Batzar Nagusietako bozeramailea. Hurrengo asteko astelehenean EH Bildu, EAJ eta PSE-EEko Batzarkide Taldeak hartuko ditu.
Ingurumeneko Departamentua Kilma Aldaketari aurre egiteko estrategia garatu eta abian jartzeko bere Departamentuak prestatu duen ‘Gipuzkoa Klima 2050’ estrategia aurkeztu zuen urtarrilean Batzar Nagusietako Ingurumeneko Batzordean berak eskatuta. Agerpen honetan dokumentuaren proposamenak eta ekarpenak jasotzeko prestutasuna erakutsi zuen
Ingurumeneko Diputatuak azaldu du Gipuzkoako gizartearekin hasi duten partaidetza prozesuaz gain, Batzarkide Taldeen ekarpenak ezagutu nahi dituztela. “ Beraien ekarpenak aztertuta eta gainontzeko proposamenekin batera, ‘Gipuzkoa Klima 2050’ behin betiko proiektura gehituko dizkiogu”.
‘Gipuzkoa Klima 2050’ Ingurumeneko Departamentuak lurraldean aurreneko aldiz abian jarri duen Klima Aldaketaren Programaren oinarrizko atala da.Gipuzkoa Klima 2050 estrategiak Parisko Klimaren Goi Bilerako akordioak (2015) ditu oinarri. Akordio horien helburua da mende honetan tenperatura igoera 2 gradu baino gutxiagokoa izatea, eta tarte hori murrizteko eta industria aurreko mailei dagokienez 1,5 gradutik behera uzteko lan gehiago egitea. Ildo horretatik, Europar Batasunak 2030 Esparrua onartu du, zeinaren helburu nagusiak hauek baitira: berotegi efektuko gasen isurketa % 40 murriztea 1990. urteko datuen aldean; %27ko portzentajea lortzea energia berriztagarrien erabileran; eta energia efizientziaren datuak %27 hobetzea. Klima 2050 euskal estrategia aurrerago joan da, eta berotegi efektuko gasen isurketa % 80an jarri du 2050. urterako.
Testuinguru horretan Ingurumeneko Departamentuak, Gipuzkoa Klima 2050 estrategia prestatu du, energia berriztagarrien erabilera, ekoindustriak, mugikortasun jasangarria eta ekonomia zirkularra sustatzeko, karbono gutxiko gizarte eredu baterantz joateko oinarrizko zutabe gisa. Estrategia horren xedea da lurralde eragileak eta herritarrak sentsibilizatzea, eta inplikatzea, isurketak murrizteko eta berotze globala geldiarazteko ezarritako helburuak lortzeko plan eta jardueretan.
Klima aldaketari buruzko foru programaren helburua da laguntzea lehengaien eta energia fosilen kontsumoa gutxitzen, isuriak murrizten eta berotegi efektuko gasak (BEG) gutxitzen, Klima Aldaketaren 2050 Euskal Estrategian (Klima 2050) definitutako estrategiak tokian-tokian garatuz. Helburu hauek lortu ahal izateko, Aldundiak Klima Aldaketaren Zentroa Eskuzaitzetan eraikiko du. Zentroa Etorkizuna Eraikiz foru programaren parte da. Ingurumeneko Diputatuak dagoeneko iragarri zuen Zentroa urte honen amaieran irekiko dela eta behin behineko kokapena izango duela behin betiko azpiegitura Zubietan eraiki bitartean.
Gipuzkoako Klima Aldaketaren Zentroa
Gipuzkoako Klima Aldaketaren Zentroak hiru ardatz nagusi izango diru: berotze globalak gure lurraldean duen eragina neurtzeko eta aztertzeko behatoki bat sortzea, ekonomia berdea sustatzeko Europako funtsen bidez ekonomia zirkularra sustatzea eta energia berriztagarriak sustatuz energia trantsizioa ahalbidetzea.
Eraikin abangoardista izango da eta diseinuaren abiapuntua ingurumena izango da. Gainera, aurreikuspenen arabera, lehen fasean zuzeneko 15 eta 20 lanpostu artean sortuko dira, guztiak ere kualifikazio altukoak. Zero emisio eta zero kontsumoko eraikina izango da eta bere helburua eraikuntza erreferentea izatea da gure lurraldean zein nazio eta nazioarte mailan.
Zentro berria egiteko, Ingurumeneko Departamentuak 800.000 euroko partida bat ezarri du 2018rako; kopuru horri 2017an politika horietara xedatutako 700.000 euroak gehituta, 1.500.000 euro izango dira guztira. Asensiok inbertsioa justifikatu du “hondakinen arazoa gainditu ondoren, klima aldaketa delako ingurumen alorrean Gipuzkoak duen erronka handiena”; gainera, gogoan izan behar da "klima, ingurumen alorreko erronka bat izateaz gain, garapen eredu berri eta jasangarriago bat garatzeko aukera ere badela”. <0}
1640