Ingurumeneko Departamentuak eta Euskal Herriko Unibertsitateak lankidetzan dihardute
Ingurumeneko Departamentuak eta Euskal Herriko Unibertsitateak lankidetzan dihardute
Gipuzkoako kostaldeko kasuistikara egokitutako mikroplastikoak prebenitzeko estrategia espezifikoetan.
Ingurumeneko Departamentuak eta Euskal Herriko Unibertsitateak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Gipuzkoan mikroplastikoen emisio foku eta sektore nagusiak identifikatzeko eta prebentzio neurriak ezartzeko.
Jose Ignacio Asensio: «Kuantifikatu ondoren, ezinbestekoa da mikroplastikoen foku eta sektore potentzial nagusiak identifikatzea eta lehorrean eta itsasoan hondakinak kudeatzera bideratutako prebentzio estrategia bat garatzea».
Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Xabier Ostolaza EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako zuzendariak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute mikroplastikoak prebenitzeko estrategia espezifikoak zehazteko, Gipuzkoako kostaldeko kasuistikara egokituta. Proiektu honek 2019an hasitako ItsasMikro ikerketa-azterlana zabaltzen du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Materialen eta Teknologien Taldeak elkarlanean gauzatua hori ere. Ikerketa-ildo horren helburua da gure lurraldeko azaleko uretan eta hondartzetan dauden mikroplastikoen edukia eta horien ezaugarriak ikertzea. Ikerketa-ildo hori zabaldu egiten da hitzarmen honen bidez, mikroplastikoen gune eta sektore potentzial nagusiak identifikatzeko. Jose Ignacio Asensio diputatuak honako hau adierazi du: «Kuantifikatu ondoren, ezinbestekoa da mikroplastikoen foku eta sektore potentzial nagusiak identifikatzea eta lehorrean eta itsasoan hondakinak kudeatzera bideratutako prebentzio estrategia bat garatzea».
Hondartzetako < 1 mm-ko tamainako mikroplastikoen frakzioaren kuantifikazioa osatzeaz gain, hitzarmen honen esparruan Gipuzkoako mikroplastikoen emisio foku eta sektore nagusiak identifikatzeko lan egingo da. 2019ko eta 2020ko ItsasMikro proiektuaren emaitzen artean ondorioztatzen da Gipuzkoako itsasertzean dauden mikroplastikoen % 45 poliestireno hedatuko mikroplastikoak direla. Horregatik, proiektuaren fase honetan, poliestireno hedatuko mikroplastikoen emisio foku potentzialen ebaluazioan sakonduko da, hala nola arrantza-sektorean, industria-sektorean, eraikuntza-sektorean, eta abar. Era berean, Gipuzkoako kostaldera iristen diren mikroplastikoen jatorri patroiak identifikatzeko lan egingo da, Lagrangiano analisia baliatuz. Analisi horrek hareatza eta denbora-aldi jakin baterako emisio probabilitateen mapak egiteko aukera emango du.
Bestalde, itsasoko eta itsasertzeko hainbat plastiko material komertzialen degradazio saiakuntzak ere egingo dira, bai eta itsasertzeko ingurune batean hainbat materialetako mikroplastikoak zatikatzeko eta isurtzeko saiakuntzak ere. Horretarako, hareatzetan eta itsasertz harritsuan materialak zatikatzeko simulazio azterlan kontrolatu bat egingo da, ekipamendu espezifikoan saiakuntza mekanikoak eginez.
Azkenik, hitzarmen honen esparruan, mikroplastikoak prebenitzeko estrategiak landuko dira, aurrera egin nahi baita itsas jatorriko hondakin plastikoak biltzeko eta kudeatzeko sistema baten garapenean.
Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok gogorarazi du plastikoen bidezko itsas kutsadura dela ingurumen arazo nagusienetako bat, eta bere departamentua LIFE LEMA proiektua zuzentzen ari dela; proiektu horrek helburutzat du datozen hiru urteetan Gipuzkoako kostaldeetan 100 milioi tona plastiko biltzea. Asensioren hitzetan, ikerketa-ildo ireki berria aurrerapauso bat da; izan ere, «gure itsas hondoa zaintzea funtsezkoa da, eta Gipuzkoako kostaldean duten presentzia kuantifikatzea modu eraginkorra da hondakin horiek detektatzeko eta horien metaketari irtenbide bat emateko».
Proiektu hori Cristina Peña doktoreak, UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko irakaslea. Ikerketa-lerro berriaren aurrekontua 40.000 eurokoa da, eta Ingurumeneko Departamentuak jarriko du zenbateko hori, bi erakundeek sinatutako hitzarmenaren esparruan.
Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok gogorarazi duenez, «XXI. mendeko ingurumen erronketako bat itsasoak babestea da. Zehazki, kalkulatzen da urtean zortzi milioi tona plastiko isurtzen direla. Plastiko asko hondakin bihurtzen dira oso denbora laburrean, eta ez zaienez behar bezalako tratamendua ematen, kalte handia egiten diote ingurumenari». Foru diputatuak gaineratu du itsasoak bereziki kaltetzen ari direla plastikoen kutsaduragatik, eta mende honetako ingurumen erronketako bat haiek babestea dela. Itsasoko zaborra mehatxu handia da itsas bizitzarentzat, arrantza komertzialarentzat, turismoarentzat eta itsas garraioarentzat, eta gure osasunari ere eragiten dio.
1536