Breadcrumb

Asset Publisher

Back Ingurumenak eta TECNUM-ek ekonomia zirkularrarri buruzko diagnosia egingo dute

Ingurumenak eta TECNUM-ek ekonomia zirkularrarri buruzko diagnosia egingo dute

Ikerketak diagnosirako eredu bat garatuko du.

Ikerketak diagnosirako eredu bat garatuko du eta ekonomia zirkularraren arloan Gipuzkoako enpresen egoera zein den ezagutzeko eta analisi orokor bat egingo da, tamaina eta sektore ezberdinetako enpresak alderatzeko.

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko Diputatuak eta Raúl Antón TECNUM Ikerketa Zentroko zuzendariak, lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundian ekonomia zirkularraren arloan Gipuzkoako enpresen egoera zehazten duen ikerketa bat egiteko. Ikerketa honen bitartez, diagnosirako eredu bat garatuko da eta hortik sortuko den lanabesa hainbat sektoreren enpresetan bilduko da. Gainera, bildutako informazioa erabiliz, analisi orokor bat egingo da, tamaina eta sektore ezberdinetako enpresak alderatuz. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak 20.000 euroko ekarpen ekonomikoa egingo du.

Diagnosiak aukera emango du ekonomia zirkularraren oinarrien ezarpen maila ezagutzeko (produktu berriak sortzeko hondakinak lehengai gisa erabiltzea) Gipuzkoako enpresetan, eta hazkunde aukera gehien duten sailak eta sektoreak zeintzuk diren jakiteko. Sinatutako hitzarmenak ikerketaren baitan ondorengo lanak garatuko direla ezartzen du: hobekuntza praktikoak eta emaitzak berrikustea, ekonomia zirkularraren esparruko jardun alor bakoitzean; ekonomia zirkularraren arlo bakoitzerako adierazle egokienak berrikustea, Europako Batzordearen metodologia eta jarraibideen arabera; diagnosi ereduaren balorazioa; emaitza mailen balorazioa; lanabesa garatzea, probatzea eta balidatzea; eta emaitzak lortzea eta amaierako txostenak egin eta ondorioak ateratzea.

Asensiok azaldu du hiru ardatz nagusi dituen ekonomia zirkularreko ereduan aurrera egin behar dela: ingurumenaren ardatza, Lurrarekiko errespetua duena eta jasangarria dena, berotegi efektuko gas gutxiago isurtzen duena eta gertutasuneko ekoizpen eta fabrikazio jasangarria sustatzen duena; gizarte ardatzarena, ekonomia zirkularraren sustapenean estrategikoki kokatzen diren herrialde, lurralde eta hiriak enpleguaren motorra izan daitezen; eta azkenik, ekonomikoarena, ekonomia zirkularrean oinarria duena eta gure enpresa zein industriarentzako hazkunde aukera dena. Honen inguruan foru arduradunak adierazi du “ekonomia zirkularrak klima aldaketaren alorren zeresan handia duela, “indarrak batu behar ditugu eta hondakinak zein klima aldaketa aberastasuna eta enplegua sortzeko aukeran bilakatu behar dugu Gipuzkoa jasangarriagoa lortuz”.

Ekonomia Zirkularra eredu ekonomiko berri bat da, garapen ekonomikoa era ingurumenerako jasangarrian bideratzea bilatzen duena. Eredu honek, ekonomiaren oinarrirako, proposatzen du baliabideak ziklo biologikoetan eta teknikoetan erabiltzea eta errekuperatzea erauzketa, eraldaketa, banaketa eta kontsumoaren faseetan, horrela material fluxuen erabilera eraginkorragoa eta hondakinen minimizazioa bilatzen da eta sinbiosia sustatzen da.

Ekonomia zirkularraren irizpideei segituz, negozio eredu jasangarriagoak proposatu izan dira, hain zuzen ere birziklatzean, bimanufakturatzean eta produktua zerbitzu gisa kontsideratzean oinarritu direnak. Nolanahi ere, enpresa gehienek eredu linealetan jarraitzen dute eta eredu zirkular berrira egokitzeko trantsizioaldi batean beharrean daude. Trantsizio horretan beharrezkoa izango da enpresa bakoitzaren egoera partikularra ulertzea, kasuan kasu estrategia egokienak hautatu ahal izateko.

Ingurumeneko Departamentua aurrera egiten ari da ingurumena hobetzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko lanean, eta horretarako, Gk Recycling birziklatze klusterra eta GK Green Fashion moda jasangarriaren klusterra sortzeko urratsak egin ditu. Bere aldetik, TECNUM ikerketa zentroak aspaldi honetan ari da lanean enpresak eredu linealetik eredu zirkularrera igarotzeko tsantsizioaldi hori ondo egin dezaten informatu eta sustatu beharra nabarmentzen, eta, ildo horretan, enpresa txikiak eta ertainak ekonomia zirkularrera atxiki daitezen.

“Gipuzkoako enpresen artean ekonomia zirkularra sustatzeko edozein ekintzak abiaburutzat behar du ekonomia zirkularrari dagokionez enpresa horrek zer egoera duen ondo ezagutzea”, nabarmendu du Ingurumeneko Diputatuak.

  

1964