Ingurumeneko Departamentuak eta TECNUNek Gipuzkoako enpresetan industria sinbiosia garatzea bultzatzen dute
Ingurumeneko Departamentuak eta TECNUNek Gipuzkoako enpresetan industria sinbiosia garatzea bultzatzen dute
Ingurumeneko Departamentuak eta TECNUNek Gipuzkoako enpresetan industria sinbiosia garatzea bultzatzen dute
Erreferentzia esparru bat sortu nahi da, industria sinbiosiaren sareak sortzeko, eta hortik abiatuta, enpresentzako bide-orri pertsonalizatua eratu.
Jose Ignacio Asensio: "Ekonomia zirkularrak baliabideak aurrezten ditu, emisioak murrizten ditu, eta aukera bat da Gipuzkoak aurrera egin dezan, 2030 baino lehen 10.000 lanpostura irits daitekeen ekonomia berde bat garatzeko".
Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eta Raul Anton TECNUN Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolako zuzendariak, lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Gipuzkoako Foru Aldundian, Gipuzkoako enpresetan industria sinbiosia sustatzeko ikerketa garatzea bultzatzeko, ekonomia zirkularreko eredu bateranzko trantsizioa erraztuz. Azterlan honetan parte hartzeko, moda jasangarriko GK Green Fashion klusterra osatzen duten 27 erakundeak eta berrerabilpeneko eta birziklapeneko GK Recycling klusterra osatzen duten 36 enpresak gonbidatuko dira. Erreferentzia esparru bat sortu nahi da, industria sinbiosiaren sareak sortzeko, eta hortik abiatuta, enpresentzako bide-orri pertsonalizatua eratu. Tecnuneko Antolaketa Industrialeko Departamentuak egingo du azterketa, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak finantzatuko du, 20.000 euroko ekarpenarekin. Proiektua, “Sarea” izenekoa, Tecnun-ek joan den urtean garatu zuen lankidetza-plataforma zirkular market-aren jarraipena izango da, Diputazioaren laguntzarekin. Haren helburua “enpresei sinbiosi industriala erraztea, proiektu bateratuak partekatzen, lagatzen edo garatzen lagunduz” da, Tecnun-eko ikerlarietako batek azaldu duenez.
Sarea proiektuaren helburua da estrategia multzo bat garatzea, bai eragile publikoentzat bai Gipuzkoan sinbiosi industriala garatzea bilatzen duten enpresa pribatuentzat. Eman beharreko urratsen sekuentzia bat ere jasoko dute estrategia horiek, eta baita gomendioak eta baliabideak ere, enpresa linealaren eredutik enpresen arteko zikloak ixteko ereduranzko trantsizioa errazteko. Horrela, proiektuaren emaitza izango da erreferentziazko esparru bat, ekintza kolektiboa erraztuko duena industria sinbiosiaren garapenean. Azken helburua da garatutako estrategiek erakundeen arteko kudeaketa berriak inplementatzeko balio izatea, ekonomia zirkularreko eredu bat aplikatzea errazteko. Behin intereseko eragile garrantzitsuenak identifikatu ondoren, industria sinbiosiaren sareak sortzeko esparru batean, proiektuak ardatz izango ditu eredu hori ezartzea ahalbidetzen duten erakundeak.
Proiektu honen emaitzekin industria sinbiosia ezartzeko erreferentzia esparru orokor bat sortu ahal izango da, eta, beraz, esparru hori lurraldeko beste enpresa batzuetara estrapolatu ahal izango da, kontuan hartuta ekonomia zirkularreko eredu baterako trantsizioak ikuspegi sistemikoa behar duela.
Sinatutako hitzarmenaren arabera, ikerketaren esparruan, honako zeregin hauek garatuko dira: intereseko eragileak eta horien rolak identifikatzea industria sinbiosi batean sareak sortzean; intereseko eragileen rolak karakterizatzea, baliabideekiko elkarrizketa erdiegituratuen bidez; industria sinbiosiaren balio-sorkuntzan parte hartzen duten osagai sozialak, ingurumenekoak eta ekonomikoak aztertzea; industria sinbiosi batean sareak sortzeko estrategiak identifikatu eta garatzea, ikerketa kasuak aztertuz eta focus groupak eginez intereseko hainbat eragilerekin; erreferentzia esparru bat diseinatzea eta ebaluatzea, industria sinbiosi bat ezartzeko etapak eta estrategiak biltzen dituen bide-orri batekin; industria sinbiosia ezartzeko proposatutako erreferentzia-esparrua baliozkotzea; proposatutako erreferentzia esparrua ezartzeko edukia jasotzen duen gida bat egitea; eta emaitzen txosten bat egin eta zabaltzea.
Asensiok azaldu duenez, beharrezkoa da ekonomia zirkularreko eredu baterantz aurrera egitea. Eredu horrek funtsezko hiru alderdi izango ditu: ingurumenaren, jasangarritasunaren eta planetarekiko errespetuaren ardatz bat, berotegi efektuko gas gutxiago isurtzen dituen eta hurbiltasuneko ekoizpen eta fabrikazio jasangarriak sustatuko dituen eredua bultzatzen duena; ardatz sozial bat, ekonomia zirkularraren sustapenean modu estrategikoan posizionatzen diren herrialde, lurralde eta hiriak enplegu eragile izan daitezen; eta azkenik, ardatz ekonomikoa, ekonomia zirkularrean oinarritutakoa, gure enpresentzat hazkunderako aukera gisa sortzen dena. Horri dagokionez, foru arduradunak adierazi duenez, "ekonomia zirkularrak funtsezko zeregina du klima aldaketaren aurkako borrokan. Indarrak batu behar ditugu, eta hondakinak eta klima aldaketa aberastasuna eta enplegua sortzeko aukera bihurtu, Gipuzkoa jasangarriago batean".
Ekonomia zirkularra eredu berri bat da, ingurumenarentzat jasangarria izango den garapen ekonomikoa bilatzen duena. Eredu honek proposatzen duen ekonomia oinarritzen da baliabideen ziklo biologikoak eta teknikoak erabiltzean eta berreskuratzean, eraldaketa, banaketa eta kontsumo fase desberdinetan. Horrela, materialen fluxuen erabilera eraginkorragoa lortzen da, hondakinen minimizazioa, eta sinbiosia sustatzen da.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak aurrera egin du ingurumena hobetzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko bidean, hainbat ekintzaren bidez, hala nola GK Recycling birziklapenaren klusterra edo GK Green Fashion moda jasangarriaren klusterra sortuz. Bestalde, TECNUN Igenieritza Eskola aspalditik ari da lanean enpresak eredu ekonomiko lineal batetik beste eredu zirkular batera igaro ahal izateko informazioa emateko eta trantsizio horren alde egiteko, eta, ildo horretan, enpresa txiki eta ertainak ekonomia zirkularrean integratzeko lanean ari da.
Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak azpimarratu duenez, "ekonomia zirkularrak baliabideak aurrezten ditu, emisioak murrizten ditu, eta aukera bat da Gipuzkoak aurrera egin dezan, 2030 baino lehen 10.000 lanpostutara iritsi daitekeen ekonomia berde bat garatzeko".
1646