Breadcrumb

Asset Publisher

Back Ingurumeneko diputatuak Balab Factory bisitatu du, Moda Jasangarriko proiektuen laborategia

Ingurumeneko diputatuak Balab Factory bisitatu du, Moda Jasangarriko proiektuen laborategia

Asensio: "Berreskuratze berdea eta normaltasun berriaren eraikuntzarako, sektore guztietan eraldaketa ekologiko baten oinarriak finkatu behar dira".

2021/04/07

Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok Balab Factory bisitatu du, moda jasangarriaren eta ehungintza sektoreko ekonomia zirkularreko proiektuen azelerazioaren arloan laborategiak eskaintzen dituen proiektu berriak ezagutzeko eta bultzatzeko.

Jose Ignacio Asensio: "Berreskuratze berdea eta normaltasun berriaren eraikuntza lortzeko, sektore guztietan eraldaketa ekologiko baten oinarriak finkatu behar dira, eta bereziki gogotsu jardun behar da ehungintzaren kasuan, bera baita baliabide naturalen kontsumitzaile handienetako bat eta bigarren kutsatzaileena"

Gipuzkoako Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu José Ignacio Asensio eta Ingurumeneko zuzendari Mónica Pedreira gaur goizean joan dira Donostiako Karmelo-Scientia School ikastetxean kokatuta dagoen Balab Factory laborategiaren instalazioetara.  Bisitan honako hauek egon dira: Jose Ignacio Hernández, AEGko zuzendaria; Francisco Guerrero, Karmelo-Scientia School ikastetxeko zuzendaria; Patricia Echevarria, Balab Factoryko kudeatzailea; eta Carlos Alonso, 3Dko arduradun teknikoa.

BALAB FACTORY, Berrikuntza Aplikatuen Laborategia, 2020an sortu zen Donostian, Berrikuntza Jasangarri Aplikatuko 3D laborategi gisa.  AEG Berrikuntza Profesionalen Eskolaren eta Donostiako Karmelo-Scientia Schoolen Spin-off bat da.  Balab Factory Ingurumen Departamentuak sustatutako GK Green Fashion eta GK Recycling klusterretako kidea da. Balab Factory espazio berritzaile bat da, ideien laborategi bat eta proiektuen azeleratzaile bat, zeinaren helburua baita berrikuntzaren, jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren arloan gizartean eragina izatera bideratutako proiektuak sustatzea eta bultzatzea. AEG Berrikuntza Profesionalen Eskolaren barruan jaio zen, eta, gainera, prestakuntza- eta pedagogia-bokazio oso handia du, betiere profesional berrien konpetentzietan txertatzeko jasangarritasuneko eta zirkulartasuneko irizpide berriak.

Testuinguru horretan, topaketa baliagarria izan da ezagutzeko eta bultzatzeko Balab laborategiak ekonomia zirkularraren arloan ehungintza sektorean gauzatzen dituen proiektu berritzaileak.  Jose Ignacio Asensiok, Ingurumeneko diputatuak, adierazi duenez, "Estrategikoki beharrezkoa da jasangarritasunaren irizpidea heziketan txertatzea, bai derrigorrezko heziketan bai lanbide nahiz unibertsitate mailako heziketan, zirkulartasuna eta jasangarritasuna eredu ekonomiko berriaren oinarrian egon daitezen eta Enplegu Berdeari beharrezko konpetentziak eman diezazkiogun".

Aurkeztu diren proiektuen artean Baltex proiektua dago, industria eta kontsumo osteko lurraldeko hondakinak balorizatzeko eta 3D harizpi bihurtzeko ekimena,  ehungintzako produktu jasangarri berriak ekoizteko. Balab laborategian sortzen den harizpia material birziklatua eta birziklagarria da.  Horretarako, Balabek badu laborategi bat, estrusioko eta 3D inprimaketako makinez hornitua, ehungintzako material jasangarri berriak sortzera bideratutako ikerketa, garapen eta berrikuntzako proiektuetan liderra izateko eta/edo lankidetzan jarduteko.  Teknologia hori oso interesgarria da ehungintza sektore jasangarriarentzat, bigarren mailako lehengai biodegradagarria eskaintzen baitu tokiko hondakinak balorizatuz.

 Material berri horien ikerketarekin batera, Balab Factoryk eskaintzen du halaber Mentoring Sustainable Fashion Lab zerbitzua: GK Green Fashion klusterreko enpresei mentoretza, prestakuntza eta aholkularitza emateko programa bat, horren bidez lortzeko Gipuzkoako moda-markei helaraztea material berrien eta 3D inprimaketaren bidezko garapenen transferitzea, zabalkundea eta aplikagarritasuna.

Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok gogorarazi duenez, "Berreskuratze berdea eta normaltasun berriaren eraikuntza lortzeko, sektore guztietan eraldaketa ekologiko baten oinarriak finkatu behar dira, eta bereziki gogotsu jardun behar da ehungintzaren kasuan, bera baita baliabide naturalen kontsumitzaile handienetako bat eta bigarren kutsatzaileena".

  

2013