Breadcrumb

Asset Publisher

Back Ingurune fisikoak dementzia duten pertsonengan duen eragina aztertuko dute gerontologian eta arkitekturan aditu diren profesionalek

Ingurune fisikoak dementzia duten pertsonengan duen eragina aztertuko dute gerontologian eta arkitekturan aditu diren profesionalek

Aubixa fundazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin, "Dementzia duten pertsonentzako ingurune integratzaileak" jardunaldia antolatu du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Aubixa Fundazioak eta Laboral Kutxak "Dementzia duten pertsonentzako ingurune integratzaileak" formazio jardunaldia aurkeztu dute gaur goizean egindako prentsaurrekoan. Jardunaldi horretan, gizarte politikaren eta hirigintzaren arloko adituak elkartuko dira, ingurune fisikoak dementzia duten pertsonentzat duen eragina aztertzeko eta horri buruzko hausnarketa egiteko.  Jardunaldia Donostiako Arkitektoen Elkargoan izango da, datorren ostiralean, urriaren 25ean.  "Jardunaldi honen xedea da ingurune fisikoaren eta terapeutikoen eraginkortasunari buruzko gogoeta egitea, dementziek pertsonen gaitasunetan eragiten duten efektua minimizatzeko", azaldu du Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak. Era berean, prentsaurrekoan izan dira Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatua, Jose Felix Marti Masso Aubixa fundazioko presidentea eta Arantxa Olaizola Laboral Kutxako Komunikazio, Gizarte Ekintza eta Babeserako arduraduna.

            Jose Felix Marti Massok azaldu duenez, jardunaldiaren barruan, gaia testuinguruan kokatuko da dementzia duten pertsonei buruz hitz eginez, jardunaldiaren zatirik handiena "pertsona horiek inguruan duten giza eta gizarte-ingurunean sakondu ahal izateko"; horrez gain, hurbileko ingurune eraikiaren ezaugarriak eta dementzia duten pertsonen beharrei erantzungo dieten inguruneak planteatzeko orduan kontuan hartu beharreko alderdi nagusiak ere aztertuko dira, horrela, «gizarte zuzenagoa eta ekitatiboagoa garatzen laguntzeko". Gogorarazi du, baita ere, duela urtebete Aubixa Fundazioak gai honen inguruko jardunaldi bat antolatu zuela, non onartu zen “Inguruneak eta Dementzia Foroa”, egun indarrean dagoena, baita “Inguruneak eta Dementziak Donostiako Manifestua”.

Bestalde, Maite Peñak azpimarratu duenez, "egiaztatuta dago ingurune fisikoak eragin berezia duela narriadura kognitiboa jasaten duten pertsonengan", eta eraikitako inguruneak pertsona guztiei eragiten diela, bereziki adinekoei eta dementzia motaren bat jasaten dutenei, "ingurunea ezagutzeko eta interpretatzeko duten zailtasuna dela eta".  "Gero eta gehiago bizi garenez, bizi gaitezen hobeto", gogorarazi du Peñak, eta jakinarazi du gaur egun Gipuzkoan 11.000 pertsona inguruk pairatzen dutela dementzia, eta 80 urtetik gorako pertsonen % 25i baino gehiagori erasaten diela. "Zalantzarik gabe, biztanleriaren zahartzea lehen mailako erronka da; aldaketa ugari eta oso sakonak ditugu aurrez aurre, eta, orain arte bezala, guztion artean ekin behar diogu lanari".

"Horrek -jarraitu du Peñak- gure egungo ereduaren oinarri diren zutabeetako asko birplantearazten dizkigu".  Diputatuak azaldu duenez, Gipuzkoan "pertsona bakoitzaren behar eta eskaeretan oinarritzen den zaintza eredu batean lanean jarraitzen dugu.  Pentsatzen dugu funtsezkoa dela, batez ere, bizitzen ari garen gizarte aldaketa handiak kontuan hartuta". Horregatik dio Maite Peñak egoera horrek beste arreta-eredu bat planteatzea eskatzen duela, non posible izango den pertsona bakoitzaren beharrei eta eskaerei erantzutea, "betiere bere independentzia eta autonomia errespetatuz, pertsona horien ongizatea eta bizi-kalitatea oinarritzat hartuta".

Bestalde, Rafaela Romero Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatuak azaldu duenez, “pertsona guztiei modu positiboan eragin diezaieketen inguruneak eraiki ditzakegu, beren belaunaldia edozein dela ere eta hortaz, adineko pertsonentzat, eta batez ere emakumeentzat. Eraikitako inguruneen ezaugarriak oztopo izan daitezke behar bereziak dituzten pertsonen autonomia eta ongizaterako, mugak handitu daitezkeelako edo hauek orekatu zaintza bereziak behar dituztenean”.

Aubixak dion bezala, premiazkoa da belaunaldien arteko ituna eguneratzea,
belaunaldien arteko isileko kontratua, hala nahiago bada horrek aitona-amonen, seme-alaben eta biloben arteko zainketa loturak historikoki lortzea ahalbidetu baitu. Amonen, alaben eta biloben artekoak, batez ere. Eta horretarako, Romerok adierazi duenez, “hiri eta gizarte inguruneek oso paper garrantzitsua jokatuko dute, eta beraz, behar hauen kontuan izateko konpromisoa hartzen dugu. Adineko pertsonen eta zalantzazko etorkizuna aurrean duten gazteen arteko itxaropenen, beharren eta aukeren artean sortutako arraila txikiagotu daiteke ingurune integratzaileak sortzen baditugu, gure gizarteko kohesioaren alde egingo baitute”.

Arantxa Olaizolak azpimarratu duenez, Laboral Kutxan 60 urte daramatzate Gipuzkoako hainbat proiekturekin elkarlanean, "gure balio kooperatiboetatik eta konpromiso sozialetik abiatuta: banku kooperatibo bat gara, gertukoa, erabilgarria, eta pertsonak dira gure jardueraren erdigunea".  Gaineratu du gaur aurkeztutako jardunaldia "pertsonentzat, adinekoentzat eta dementzia motaren bat duten pertsonentzat dela, horrek beren ingurune naturalean interpretatzeko eta mugitzeko zailtasuna baitakarkie.  Hori dela eta, hasiera-hasieratik bat egiten dugu gure gizartean hain beharrezkoa eta garrantzitsua den ekimen honekin, eta hainbeste behar duten pertsona horien eta haien senideen bizi-kalitatea hobetzen laguntzea espero dugu.

Jose Felix Marti Massok, Aubixa Fundazioko presidenteak, UPV-EHU-ko Neurologiako katedratiko emerituak eta Donostiako Unibertsitate-Ospitaleko Neurologia zerbitzuko burua zenak, adierazi du dementzia duten pertsonentzat egokiak diren inguruneen diseinua gero eta gehiago lantzen ari den eta gero eta eragin handiagoa duen arlo bat da pertsona ardatz duen arreta ereduak prestatzerakoan, eta azaldu duenez, "ingurune egoki bat, bertan bizi eta erabiltzen diren pertsonen behar espezifikoei erantzuteko egoki pentsatua, diseinatua eta gauzatua, oso tresna erabilgarria izan daiteke dementziei lotutako sintomak gutxitzeko, hala nola, deanbulazioa, desorientazioa, asaldura, uzkurtasun soziala eta beste batzuk». Funtsean, adierazi du, “narriadura kognitiboa duten pertsonen autonomia ahalik eta gehien bultzatzea da helburua, dementziarekin geroz eta lagunkoia den gizarte bat lortzeko”.

Diziplina anitzeko programa

Aubixako presidenteak azaldu duenez, «Dementzia duten pertsonentzako ingurune integratzaileen" jardunaldirako, topaketa bat planteatu da hainbat eremutako punta-puntako profesionalekin, ingurune terapeutiko egokia sortzeko nahitaez elkarlanean aritu behar baita, ingurune terminoaren esparru guztiak barne hartuta, "eta gizarte lanaren, hirigintzaren eta arkitekturaren esparruetako arduradun politikoei irekia".

Beraz, dementzia duten pertsonen beharrei erantzungo dien ingurune bat diseinatzeko orduan funtsezko alderdiei buruzko ezagutzan sakontzeko eta aurrera egiteko, jardunaldia José Felix Martí Massoren hitzaldiarekin hasiko da, narriadura kognitiboa duten pertsonen inguruan; ondoren UPV-EHU-ko Arkitektura Saileko Alex Mitxelenak, giza inguruneari buruz hitz egingo du. Atsedenaldi labur baten ondoren, Errotu Taldeko Marijo Morenok eta COAVN-eko Juan Etxeberriak inguruko eraikiaren inguruan hitza egin eta hausnartuko dute. Jardunaldia ixteko, dinamika partehartzaile bat planteatuko da, eztabaida publikoari zabaldu asmoz.

  

2075