Interesa duten 200 baso-jabe baino gehiagorekin ari da lanean jada Basotik, baso-kudeaketa iraunkorra helburu hartuta
Interesa duten 200 baso-jabe baino gehiagorekin ari da lanean jada Basotik, baso-kudeaketa iraunkorra helburu hartuta
Interesa duten 200 baso-jabe baino gehiagorekin ari da lanean jada Basotik, baso-kudeaketa iraunkorra helburu hartuta
Foru Aldundiak lehen kontratuak sinatu ditu Fundazioaren bitartez, Gipuzkoako basoen abandunuari aurre egiteko eta haien etorkizuna bermatzeko asmoarekin
Foru Aldundiak Basotik Fundazioaren lehen emaitzak aurkeztu ditu gaur goizean. Gipuzkoako basoen zaintza eta kudeaketa jasangarrian aurrera egiteko asmoz abian jarritako ekimen publikoa da Basotik, elkarlanean. 2022an Fundazioa eratu zenean proiektuak lehen urratsak eman zituenetik, 200 baso-jabek baino gehiagok interesa agertu dute ekimen horren inguruan, 2.200 hektarea baino gehiago dituztenak. Ildo horretan, 2024an 1.800 hektareako diagnostikoa egitea aurreikusten du Fundazioak, basoen zaintza eta kudeaketa bermatzeko kontratuak formalizatu ahal izateko eta, horrela, basoen abandonua saihesteko. Dagoeneko aztertu dira eskaera horien gainerako 400 hektareak, eta Basotik hasia da dagozkien proposamenak prestatzen eta jabeei helarazten.
Eider Mendoza diputatu nagusiak Legazpin egindako Fundazioaren aurkezpen ekitaldian parte hartu du gaur. Bertan nabarmendu duenez, “basoak Gipuzkoako funtsezko ondarea dira gure orekarako eta gure ongizaterako, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren arloan. Gure paisaiaren, gure aisialdiaren eta gure habitat naturalaren parte dira. Egurra bezalako baliabide berriztagarria eskaintzen digute, klima aldaketari aurre egiteko birika dira, higadurari aurrea hartzen laguntzen dute eta gure oreka hidrologikoa bermatzen dute, beste hainbat onuraren artean”. Hala ere, abandonuak “baso-azalera murriztea eta kudeatu gabeko basoak handitzea” ekarri duela ohartarazi du. “Denbora asko daramagu baso-jabeekin elkarlanean, baina egungo egoerak eskatzen du beste urrats bat ematea eta asmo handiko ekimen berriak abiaraztea, epe luzekoak eta etorkizunerako ikuspegiarekin”.
Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatua, Jon Ander Ostolaza Basotik Fundazioko zuzendari nagusia eta Jose Mari Ibabe, Fundazioak kudeatutako basoetako baten jabea ondoan zituela, Mendozak azpimarratu du basogintzak “oso egoera konplexua bizi duela, hainbat faktore direla medio: belaunaldien arteko errelebo faltak, lurrak lehen bezala zaintzen jarraitzeko ezintasunak, gure zuhaitzetan gaixotasunak hedatzeak edo baso-azaleran sastrakak handitzeak, sute kopurua handitzeko horrek dakarren arriskuarekin. Aldundiak baso-kudeaketa kolektibo eta iraunkorrean etapa berri bati ekiteko borondate irmoarekin egin nahi dio aurre egoera horri; arlo honetan ere, Europako herrialde aurreratuenen ereduetan oinarrituta, baina gure errealitatera egokituta”.
Horrela, basoen “abandonua ekidin eta kudeaketa jasangarrian aurrera egiteko” ekimen aitzindaria da Basotik. “Egitasmoa martxan jartzearekin bat, baso jabeekin elkarlanean, birlandatzen eta zaintzen dugun zuhaitz bakoitzeko, Gipuzkoak urrats sendoa
emango du etorkizuneko basoen alde, urrats sendoa basoen kudeaketa jasangarriaren, urrats sendoa aldaketa klimatikoaren aurka”, berretsi du.
Gipuzkoako basoen % 80 titulartasun pribatukoa da. 9.700 ustiategi dira guztira, eta horietatik %97k 20 hektarea baino gutxiagoko azalera dute. Jabeen % 60k 60 urte baino gehiago dituzte. Horri gehitu behar zaio gero eta hiritarragoa eta landa-ingurunetik urrunago dagoen gizarte bateranzko bilakaera, belaunaldien arteko erreleborik eza dakarrena. Azpimarratu behar da baso-ustiategien errentagarritasuna oso epe luzera gauzatzen dela, eta jabetzen tamaina txikia hori zailtzen duen faktore erantsia dela. Horri banda marroiaren eragina gehitu behar zaio, landatutako intsinis pinuaren azaleraren % 40 baino gehiagori eragin baitio, espezie hori lurraldeko baso-azalera osoaren % 30 delarik.T estuinguru horretan, Basotik elkarteak basoen zaintza eta kudeaketa lagatzea proposatzen die jabeei, lursailaren jabetza mantenduz eta, konpentsazio ekonomiko baten truke, zaintza eskuordetuz.
Jon Ander Ostolaza Basotik-eko zuzendari nagusiak azaldu duenez, Basoko Fundazioarekin harremanetan jarri diren pertsonak “kezkatuta daude, oro har, basoak kudeatzeko gai ez direlako edo basoaren etorkizunaren beldur direlako. Formula honekin segurtasuna eta lasaitasuna ematen dizkiegu basoen zaintza eta bideragarritasuna bermatzeko orduan, bai gaur egun, bai etorkizunari begira. Beraz, alternatiba erakargarria da kudeaketa indibidualaren aurrean; izan ere, aukera emango die Fundazioaren esku uzteko kudeaketa integrala: landatzea, garbitzea, eraldatzea, merkaturatzea, ahalbidetuz itzulera ekonomikoa aurreratzea eta bermatzea”.
Jabetzaren lagapenaren baldintzei dagokienez, Ostolazak adierazi du kontratuaren iraupena kasu bakoitzaren araberakoa dela. Esate baterako, Fundazioak 150 urteko kontratua sinatu berri du. “Kasu honetan, Quercus Petraea haritza landatzea aurreikusten da, Urola Garaiko berezko espezie autoktonoa, hazkunde motelekoa. Zehazki, inguruko haritzetatik jasotako ezkurretan jaiotako landareak landatuko dira, espezie autoktono baten jarraipena bermatzeko. Landare horiek Foru Aldundiaren mintegietan zaindu dira, eta landaketak 2 urte iraungo du, ez dagoelako behar adina ale, baina aukera hori lehenetsi da kanpoko espezieen aukeraren aurrean”.
Informazio bilerak Gipuzkoako udalerrietan
Ekimenarekiko interesa agertu duten profilak desberdinak dira. “Badira baso bat oinordetzan hartu dutenak eta haien kudeaketari buruzko ezagutzarik ez dutenak; beste pertsona batzuk saiatu dira kudeaketan, baina zainketan huts egin dute, eta proiektua bertan behera uztearen aurrean, Fundaziora hurbiltzea erabaki dute; beste kasu batzuetan, erantzukizun hori hurrengo belaunaldien gainean utzi beharrean, alternatiba egingarri bat aurkitu dute Basotik-en”.
Horren adibide da Jose Mari Ibaberen kasua, Bergarar honek banda marroiak jotako se hektareako pinudi bat dauka. “Orain arte nik kudeatu dut nire baso-masa” azaldu du gaur, “baina lurrak kudeatuko dituen ondorengotzarik ez dudanez, Basotik Fundazioarengana jo dut”.
Ekimena gizarteratzeko eta horren xehetasunak zuzenean azaltzeko asmoz, Basotik Fundazioak informazio-topaketa batzuk jarri ditu abian Gipuzkoako hainbat udalerritan, interesdunek informazioa bertatik bertara eskuratu eta edozein zalantza argitzeko. Hau da aurreikusitako agenda:
• Legazpi: martxoaren 7an, osteguna, 19: 00etan Agirretxeberri Etxean.
• Beasain: Martxoaren 12an, asteartea, 19: 00etan Igartza Monumentu Multzoan.
• Elgoibar: Martxoaren 13an, asteazkena, 19: 00etan Aita Agirre Kultur Etxean.
• Tolosa: Asteartea, martxoak 19, 19: 00etan Kultur Etxean.
• Aretxabaleta: Martxoaren 20an, asteazkena, 19: 00etan Arkupe Kultur Etxean.
• Azkoitia: Martxoak 21, osteguna, 19: 00etan Zubiaurre Elkargunean.
• Donostia: martxoaren 26an, asteartea, 19: 00etan, Gipuzkoako Foru Aldundian.
Fundazioari buruz
BSTK Fundazioa Gipuzkoako Foru Aldundiaren % 100eko partaidetza duen fundazio publikoa da, eta bere helburua Gipuzkoako basoak uztea saihestea da, baso jabeei zaintza iraunkorreko zerbitzu bat eskainiz herri ikuspegi batetik, alderdi ekonomikoez haratago ingurumen eta iraunkortasun irizpideak kontuan hartuko dituena.
Biodibertsitatea eta natura-ondarea zaintzeko beharraren aurrean, klima-aldaketaren aurkako borrokan eta gure baso-azalerak, neurri handi batean kudeaketa pribatukoa denak, jasaten duen abandonuaren aurrean sortu da ideia. Horrela, fundazioak basoak babesteko lan egingo du, baso-masaren egoera optimizatzen duten baso-teknikak aplikatuz, zuhaitz-espezieen aniztasuna mantenduz, Gipuzkoako fauna eta flora zainduz, mendietako ur-korronte naturalaren kalitatea zainduz eta suteen eta gaixotasunen aurkako babes-neurriak hartuz.
3972